Kataluniako 'proces'-a Iortian kondentsatuta

Guaixe 2020ko ots. 5a, 10:01

Erakusketako irudi bat. UTZITAKOA

Altsasuko kultur guneak "La revolta de las urnes" erakusketa hartuko du gaurtik hilaren 16ra, astegunetan 18:30etik 21:00etara, larunbatetan emanaldia baino ordu bat lehenago eta igandetan 19:00etatik 21:00etara.

Dolors Gibert argazkilariak eta Carles B. Gorbs kazetariak Kataluniako “proces”-ari buruzko argazkiz eta idatziz osatutako dokumentala sortu dute, eta erakusketa itxura eman diote. Iortia kultur guneko erakusketa aretotik pasatzen direnek Kataluniako prozesu subiranistaren jarraipena egiten duen erreportaje batekin eginen du topo. Arenys de Munt herrian 2009ko irailaren 13an egindako aurreneko herri-galdeketarekin hasten da erakusketa eta gaur egunera artekoak kontatzen ditu. 

“Proces”-aren jarraipen horretan bisitariak jendetza bildu zuten manifestazioen irudiak, politikoei egindako epaiketak, greba orokorrak, hauteskunde kanpainak, hauteskundeak, erreferendumak, hitzaldiak, gose grebak, langile, nekazari, suhiltzaile, jubilatu eta abarren “leherketa”, kartelak, pankartak, pintaketak, “askatasun” ikur diren xingola horiak, hautetsontziak edota lastailaren 1ekoa. 

Gaur, 18:30ean, mustutze ekitaldia eginen da eta erakusketa antolatu duten erakundeetako ordezkariek hitzartze laburrak eginen dituzte. Bertan izanen dira Montse Bassa (ERCko diputatu  eta preso dagoen Dolors Bassa kontseilari ohiaren ahizpa), Bel Pozueta (EH Bilduko diputatua), Begotxu Olaizola (ANC-Euskal Herriako kidea), Josu Albero eta Anna Arque (International Commision of European Citizens, ICEC-eko ordezkariak), Polentzi Goikoetxea (Altsasukoak Aske herri plataforma erakusketako laguntzailea da) eta Carles B. Gorbs kazetaria. Mustutze ekitaldian ere, kultur eta musika emanaldiak tartekatuko dira. Despeditzeko, auzatea izanen da. 

Erakusketaz
Egileek erakusketarekin “Europar Batasuneko herrialde baten barruan izandako iraultza baketsu eta demokratikoa erakutsi eta argitu nahi du; milioika pertsonen mobilizazio jarraituak eragin eta pertsonengan gizarte- eta politika-ohitura aldaketa handia eragin duena”. Gainera, “proces-a gutxi sendotutako Espainiako demokraziarendako astinaldi bat izan da. Aukera eman du hainbat gairen salaketa argi eta ahobatezkoa egitea: ustelkeria, oinarrizko giza-eskubideen eta eskubide zibilen eta politikoen etengabeko urraketa, botereen banaketan zorroztasun eskasa, adierazpen askatasunaren falta eta askatasun demokratikoen murrizketa. Azken batean, erregimen frankista zaharraren berezko balio eta praktika autoritarioak finkatzearen aurkako jarrera irmoa adieraztea”.

Argazkilariak eta kazetariak Kataluniako prozesu subiranistari egindako jarraipenarekin erakutsi nahi dute “demokratikoagoa eta sozialki justuagoa den gizarte bat lortzeko iraultza baketsu bat, egia esan, bigarren trantsizio demokratiko bat izan nahi duena eta, horretarako, aukera bakarra duena Europar Batasunaren markoan errepublika independente gisa deklaratzea”.

Ibilbidea
Gibertek eta Gorbsek osatutako erreportajeak kronologikoki artxibatutako 80.000 argazki eta agiri baino gehiagoz osatuta dago. Gainera, bideoak, informazio panelak, katalogoak baita Kataluniaren askatasun eta autodeterminazio eskubidearen aldarrikapenarekin sortutako hainbat elementu ikonografiko ere. 

Erakusketak Kataluniako gizarte eta kultur erakunde nagusien babesa eta elkarlana du, baita Kataluniako eta Europako hainbat kolektibo, elkarte, sindikatu eta erakunderena ere. Erakusketa Altsasura iritsi aurretik Perpinyan, Ipar Kataluniako hainbat herritan, Bruselan, Liejan, Lovainan, Oslon, Berlinen, Luxenburgon, Valentzian, Bilbon, Donostian, Azpeitian eta beste makina bat tokitan ikusgai izan da.