Saskibaloia

Naiara Diezen Gernika Lointekek historia egiten jarraitzen du: EuroCupeko final zortzirenetara sailkatu da

Guaixe 2020ko urt. 31a, 10:56

EuroCupeko final hamaseirenetako itzuliko partidan KSC Szekszard talde hungariarrak 79 eta 75 irabazi zion Gernika Lointeki, baina joaneko partidako 18 punturen aldeak garaipena eman zion Naiara Diez kapitain altsasuarraren taldeari

Lointek Gernika Bizkaia emakumezkoen saskibaloi taldeak historia egiten jarraitzen du. Naiara Diez altsasuarra kapitain duen taldea EuroCupeko final zortzirenetara sailkatu da lehen aldiz. Asteazkenean final hamaseirenetako itzuliko partida jokatu zuen taldeak Hungarian, KSC Szekszard taldearen kontra. Partida oso lehiatu eta gogorra izan zen, eta bi taldeak parez pare aritu ziren. Azkenean hungariarrak gailendu ziren 4 punturen aldearekin, 79 eta 75, baina itzuliko partidan 18 punturen aldearekin gailendu ziren gernikarrak, eta, horrela, Lointek Gernika izan da EuroCupeko final zortzirenetara sailkatu den taldea. 

Porrot bat gutxitan izan da asteazkenekoa bezain gozoagoa, eta Gernika Lointekeko neskek ederki ospatu zuten EuroCupeko final zortzirenetara sailkatu izana. Lehen  laurdenean 26 eta 16 aurreratu ziren hungariarrak, euren zaleen babesa alde zutela; bigarren laurdenean bere horretan jarraitu zuen partidak, eta 42 eta 36 jarraitu zuen aurretik KSC taldeak. Hirugarren taldean iritsi zen gernikarren erantzuna. Hungariako zale zalapartatsuen presioa gainetik kendu eta bere jokoa egiten hasi zen Naiara Diezen taldea, defentsa bikaina presioarekin bikain tartekatuz. Mario Lopezen neskak bikain aritu ziren eta 57 eta 61 eman zioten buelta markagailuari. Azken laurdenean parez pare ibili ziren bi taldeak, eta nahiz eta talde hungariarrak 79 eta 75 irabazi, joaneko partidako 18 puntuko aldeak benetako garaipena Gernika Lointek taldeari eman zion. 

EuroCupeko final zortzirenetan Valencia Basket Club taldea izango du aurkari Gernika Lointekek. Joaneko partida otsailaren 20an jokatuko da, Malosten, eta itzuliko partida otsailaren 27an, Valentzian.  

Gaur Valencia aurkari ligan
Emakumezkoen LF Endesa saskibaloi ligan 19. jardunaldia jokatuko da eta Gernika Lointek taldeak Valencia Basket taldea izango du arerio gaur, ostiralean, 20:00etan, Gernikako Maloste pabilioian. Gernika Lointek bigarrena da sailkapenean eta Valencia laugarrena. Eta hain zuzen ere Valencia taldea izango da Gernika Lointeken aurkari EuroCupeko final zortzirenetan. Beraz, ikusmina handia da gaur Malosten, eta nahiz eta gernikarrek valentziarrek baina tarte gutxiagoa izan errekuperatzeko –valentziarrek asteartean jokatu zuten– partida lehiatu eta ikusgarria espero da gaur.