Pilota

Altsasuko Bikotekako Pilota Goxua Txapelketan izena ematea zabalik

Guaixe 2020ko ots. 4a, 14:21

Otsailaren 21etik maiatzera bitartean jokatuko da txapelketa eta otsailaren 14ra arte eman daiteke izena

Otsailaren 21ean abiatuko da Altsasuko Gazte Asanbladak Pilotajauku klubaren laguntzarekin antolatutako VI. Bikotekako Pilota Goxua Txapelketa, urtetik urtera harrera hobea duen txapelketa. Hainbat mailatan jokatuko da: 1. maila eta 2. maila, binakako mailan; banakako maila; eta maila mistoa. Maila mistoan, bi emakumeek osaturiko bikoteak onartuko dira. 

Txapelketan izena emateko epea zabalik dago otsailaren 14ra arte. Horretarako ondoko telefonoetara hots egin beharko da: 616 609 674 edo 646 772 899. Pertsonako 10 euro ordaindu beharko dira. Partidak Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatuko dira, ostiral arratsalde eta gauetan eta domekako arratsaldetan. Txapelketan giro ederra sortzen da eta gazte, heldu, emakume zein gizonak lehiaketan izena ematera animatu ditu Altsasuko Gazte Asanbladak. Finalak Altsasuko Alde Zaharreko festetan jokatuko dira, maiatzean. 

Aurreko urteak eman zuena
Joan den urtean Binakako 2. mailan 13 bikotek hartu zuten parte, Binakako 1. mailan 12 bikotek, Banakakoan 10 pilotarik eta Emakumezkoetan 2 bikotek. Hortaz, guztira 27 bikote eta 10 pilotari aritu ziren Altsasuko Bikotekako V. Pilota Goxua Txapelketan. Binakako 2. mailan Lizarraga eta Iragi bikotea gailendu zen, Binakako 1. mailan Mazkiaran eta Alustiza bikotea, Banakakoan Senar eta Emakumezkoetan Berastegi eta Igoa. Ea aurten zein parte-hartze duen txapelketak.