Saskibaloia

CBASK-Jatorman Larraonaren kontra erori zen

Guaixe 2020ko ots. 5a, 12:08

Autonomien Arteko 2. mailan CBASK-Jatorman talde altsasuarrari 70 eta 51 irabazi zion Larraonak

Nafarroako eta Errioxako taldeak lehiatzen diren Gizonezkoen Autonomien Arteko 2. mailan, 15. jardunaldia jokatu zen asteburuan. CBASK-Jatormanek Larraona izan zuen aurkari azken honen kantxan, eta nahiz eta altsasuarrak saiatu garaipena etxean geratu zen, Larraonak CBASK-Jatormani 70 eta 51 irabazi baitzion. Sailkapenean, San Ignacio talde iruindarra da lider berria (27 puntu) bigarrena den Club Baloncesto Cenicero talde errioxarrarekin puntutara berdinduta. CBASK-Jatormanek postu bat egin du behera eta 11. postuan dago (19 puntu). Asteburuan 16. jardunaldia du jokoan CBASK-Jatorman taldeak eta ostiralean, otsailaren 7an, etxean jokatu du, Zelandin, 20:00etan, sailkapenean 4. postuan dagoen San Cernin taldearen kontra. 

Nafarroako seniorren maila autonomikoa: CBASK-IFUEL 9 eta 16 postuen arteko fasean ariko da
Gizonezkoetan, Nafarroako Seniorren 1. Maila Autonomikoko 2. multzoan, lehen fasea despeditu da eta orain sailkapen-faseari ekingo zaio. CBASK-IFUEL talde altsasuarrak 9 eta 16 postuen arteko sailkapen-fasean jokatuko du, baina asteburu honetan San Ignacioren kontra jokatu beharreko partida martxoaren 3ra atzeratu du, Santa Ageda ospakizunak baitira. 

Emakumezkoetan kadeteen 2. mailan CBASK-ek garaipenarekin ekin dio fase berriari
Emakumezkoetan, Nafarroako Kadeteen 2. mailako 5. multzoan 10. jardunaldia jokatu eta guztiak irabazi eta gero, hurrengo faseari ekin dio Altsasuko CBASK taldeak. A Sailkapen-Gurutzaketa faseko 1. jardunaldia jokatu zen aurreko asteburuan eta Mendillorri taldeari 32 eta 58 irabazi zion CBASK-ek, orain arteko garaipen bideari jarraituz. Asteburuan 2. jardunaldia jokatuko da eta atzera ere CBASK-ek Mendillorri izango du aurkari, ostiralean, 17:45ean, Mendillorrin jokatuko den partidan. Irabazten duen taldeak egingo du aurrera txapelketan.