Futbola

Altsasuren garaipen ederra

Guaixe 2020ko ots. 10a, 12:20

Gizonezkoen erregional maila. 18. jardunaldia: Altsasu 3 – Gazte Berriak 1

Altsasuk Gazte Berriak taldea hartu zuen larunbat goizean Dantzalekun. Ongi jokatu zuen Altsasuk, eta hasieratik dominatu egin zuen, gol aukera ederrak sortuz. Hala ere, Gazte Berriak taldea izan zen markagailuan aurreratu zena, 10. minutuan. Baina altsasuarrek egoerari buelta emateko gai izan ziren eta Imanol Lobok bana berdintzea lortu zuen 17. minutuan. Bigarren zatian partidak bere horretan jarraitu zuen, gorritxoak ziren nagusi. Horrela, 74. minutuan Imanol Lobok atzera ere Gazte Berriakekoen atea zulatu zuen eta azken minutuan hirugarrena sartu zuen Imanol Lobok, hat trick bikaina. 3 eta 1 irabazita, Santa Agedako kintadak bikain ospatu zituzten altsasuarrek. 

Gizonezkoen erregional mailan Universidad de Navarrak jarraitzen du lider (46 puntu). Altsasu 11. postuan dago (16 puntu), eta asteburuan 12. postuan dagoen Donezteberen kontra jokatuko du, Donezteben.