Guardia Civil bat jotzeagatik zortzi hilabeteko zigorra

Guaixe 2020ko ots. 10a, 13:48

Edukiontziak bidera botata San Juan kalean joan den ostegun goizaldean. Argazkia: utzitakoa.

Ostegun goizaldean izandako gertakariengatik auzipetua ostiralean atxilotu zuen Guardia Civilak eta epaiketa azkarra egin zen larunbatean. Bi urtetan deliturik egiten ez badu ez du kartzelara joan beharko.

Altsasuko kinto ospakizunak asteazkenean hasi eta atzo despeditu ziren. Aurreneko gauean ezezagunek Gartzia Ximenez kalearen goiko aldean bi beira edukiontzi bidera irauli zituzten. Beste lau edukiontzi mugituz, bidea moztu zuten. Antzekoa gertatu zen San Juan kalean. Foruzaingoak horren berri 05:38an jaso zuen, edukiontziak bide erditik kendu zituzten eta alde egin zuten. Ondoren Guardia Civileko patruila Gartzia Ximenez kalera joan zen. Eta ustezko egileak identifikatzen ari zirela altsasuar batek guardia civil bat jo zuen. Ondorioz Guardia Civilaren eta Foruzaingoaren patruila gehiago gerturatu ziren.

Epaian jaso denez, agenteak pertsona batzuk identifikatzen saiatzen ari zirela, “akusatuak jarrera desafiatzaile eta bortitza zuen eta autoritate printzipioa iraindu asmoz, F17597X agentea bizkarrean indartsu kolpatu zuen”. Epaiak gaineratu zuenez, “agentea akusatua identifikatzen saiatu zen, eta hark beirazko botila batekin agentea bitan kolpatzea simulatu zuen, kolpea ez jasotzeko atzera eginez. Une horretan akusatuak botila paretaren kontra bota zuen. Kristal zatiak A15185J agenteari eman zioten, baina ez zioten lesiorik sortu. Asmo berarekin, aurretik, akusatuak agente horri edalontzian zuena bota zion”. Epaileak adierazi duenez, bizkarreko kolpeak agenteari hantura eragin zion, baita “zorabioak eta antsietatea”. Gaur arte bajan izan da agentea. 

Horregatik guztiagatik Nafarroako I. Instrukzio Epaitegiak altsasuarrari atentatu delituagatik zortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion altsasuarrari. Baina ez du kartzelan sartu beharko bi urtetan deliturik egiten ez badu. Bestetik lesio arinen delituagatik 100 euroko isuna. Aldi berean, altsasuarrak guardia civilaren agenteari eragindako lesioengatik 400 euroko kalte ordaina pagatu beharko dio. 

Kezka 
Ostegun goizaldeko gertaeren ondoren altsasuarren kezka zabaldu zen, are gehiago egun hartan bertan Madrilgo eskuineko hedabideek gertakarien berri ematen Guardia Civilaren kontrako “segada” izan zela zabaltzen hasi zirenean. Altsasuko auziaren itzala sentitu zuten atzera ere. Javier Ollo Martinez alkatreak Twitter bidez “ikertzen ari diren gertaerak baloratzerakoan ordezkari publikoei erantzukizuna” eskatu zien, eta hedabide batzuei “zorroztasuna, euren helburua errealitatea azaltzea izan beharko luke”. Guardia Civilak erasoa “arina” izan zela nabarmendu zuen. Eta Nafarroako Gobernuak ikerketapean zegoen gaiaren gaineko diskrezioa eskatu eta elkarbizitzarako deia egin zuen. Bestalde, kintoak plazan dantzan zeuden bitartean atxilotuaren askatasuna aldarrikatzeko bilkura egin zen plazan. 

Altsasuko auzian terrorismoa ikusi zuen Coviteren iritziz, gertatutakoa “Nafarroako eta Euskadiko kaleetan gorrotoaren kultura bere horretan mantentzen denaren beste froga bat da”. Aldi Berean, Nafarroako erakundeetan ordezkaritza duten alderdi guztiei erasoa “irmoki” kondenatzeko eskatu zien. Asociacion Unificada de Guardias Civiles elkarteak, bestalde, “kezka” azaldu zuen “etsai-giroan” lan egiten duten agenteen kontrako “erasoen berragertzeagatik. Zorionez, oraingoak ez du 2016koaren larritasunik izan”. 

Identifikazioak 
Ostegun goizaldean ustez edukiontziak gurutzatu zituztelako lau pertsona identifikatu zituzten agenteek. Antza haien eremu publikoan istiluak eragiteagatik salaketa jarri eta mozal legea aplikatuko diete.