Saskibaloia

CBASK-Jatormanek San Cernin mendean hartu zuen

Guaixe 2020ko ots. 12a, 11:33

Autonomien Arteko 2. mailan CBASK-Jatorman talde altsasuarrak 76 eta 62 irabazi zion San Cernini

Nafarroako eta Errioxako taldeak lehiatzen diren Gizonezkoen Autonomien Arteko 2. mailan, 16. jardunaldia jokatu zen asteburuan. CBASK-Jatormanek San Cernin taldea izan zuen aurkari ostiralean Zelandin, eta bikain aritu ziren altsasuarrak, 14 puntuko aldearekin gailendu baitziren, 76 eta 62. Sailkapenean, Club Baloncesto Cenicero talde errioxarrak berreskuratu du lidergoa (31 puntu) eta 2 puntu ateratzen dizkio San Ignacio talde nafarrari. CBASK-Jatorman 12. postuan dago (21 puntu). Asteburuan 17. jardunaldia du jokoan CBASK-Jatorman taldeak eta larunbatean, otsailaren 15ean, 22 punturekin sailkapenean 10. postuan dagoen eta arerio zuzena den Aranguren Mutilbasket izango du aurkari, 20:00etatik aurrera, Aranguren kiroldegian. 

Nafarroako seniorren maila autonomikoa: CBASK-IFUEL 9 eta 16 postuen arteko fasean
Gizonezkoetan, Nafarroako Seniorren 1. Maila Autonomikoko 2. multzoan, lehen fasea despeditu eta gero, sailkapen-faseari eman zitzaion hasiera asteburuan. CBASK-IFUEL talde altsasuarra 9 eta 16 postuen arteko sailkapen-fasean ari da, baina asteburuan San Ignacioren kontra jokatu beharreko partida martxoaren 3ra atzeratzea erabaki zuen talde altsasuarrak, Santa Ageda ospakizunengatik. Asteburu honetan 2. jardunaldia dago jokoan eta igandean Megacalzado Ardoi taldearen kontra ariko da, goizeko 10:00etatik aurrera, Zizurren. 

Emakumezkoetan kadeteen 2. mailan CBASK aurrera
Emakumezkoetan, Nafarroako Kadeteen 2. mailako 5. multzoan 10. jardunaldia jokatu eta guztiak irabazi eta gero, hurrengo faseari ekin dio Altsasuko CBASK taldeak. A Sailkapen-Gurutzaketa faseko 2. jardunaldia jokatu zen aurreko asteburuan eta Mendillorri taldeari 73 eta 22 irabazi zion CBASK-ek. Horrela, txapelketan aurrera egin du talde altsasuarrak.