Hilerriko horma-hobietan gorpuak 40 urtez egoteko aukera

Guaixe 2020ko ots. 18a, 10:21
Emakumnezkioa hilerrian.

Kanposantuko nitxoen erabilera luzatzeko hirugarren luzapen bat eskatzeko aukera dute altsasuarrek, beti ere, horma-hobiak libre badaude.

Altsasuarren eskaerari erantzunez, Altsasuko Udalak kanposantuaren erabilerari buruzko ordenantzaren 33. artikulua aldatu du. Orain arte gorpuak hilerriko horma-hobietan gehienez 30 urtez egon zitezkeen eta aldaketarekin 40ra luzatu du epea udalak. Horretarako, interesatuek beste 10 urterako beste luzapen bat eskatu beharko dute udalean. Hala ere, “luzapena emateko ezinbestekoa izanen da denboraldi horretan hilerrian premiak asetzeko adina nitxo egotea. Hirugarren luzapenak iraun bitartean, utzitako nitxoak erabili beharko balira nahikoa nitxo ez egoteagatik, udalak gorpuzkiak atera eta luzapena bukatu arte falta den denborari dagokion zati proportzionala itzuliko lieke interesdunei”.

Javier Ollo Martinez alkateak gogorarazi digunez, “azken nitxoak 2016. urtean eraiki ziren eta oraindik asko libre daude; aurreko nitxoen artean libre geratzen direnak ahaztu gabe”. Altsasuko Udalaren 14. zerga ordenantzan jasoak daude ehorzte eta lur-emateei buruzko tasak: 10 urterako horma-hobiaren alokairu eskubidea 412,9 euro dira (BEZ barne), 10 urterako panteoiaren kontzesioa 826,8 euro, kolunbarioak 78,9 euro, panteoian, nitxoan edo lurrean ehorzteagatik 124,5 euro eta gorpuzkiak ateratzea beste horren-beste. Bestalde, kanposantuaren erabilerari buruzko araudia www.altsasu.eus web orrian dago.