Euskara bidegurutze batean dago. Ideia hori gero eta zabalduago dago. Euskararen biziberritzeko prozesuan aparteko garrantzia eman zitzaion ezagutzari. Hala sortu ziren gau-eskolak, ikastolak, D ereduak eta beste. Gaur egun adin batetik behera esan liteke euskararen ezagutza unibertsala dela, denek dakitela. Kontua da euskara ezagutzeak ez duela ekarri berarekin euskararen erabilera handitzea. Bidegurutzera iritsi izanaren zantzu bat da hori.
Mundua bezala, euskal gizartea ere aldatu egin da. Eta hizkuntzaren ikuspegitik are gehiago. Globalizazioaren eskutik ingelesak bere nagusitasuna zabaldua du mundu guztian. Elebakar gutxi gelditzen dira. Hiztunok bi, hiru edo hizkuntza gehiago dakizkigu. Horrek mundu guztiko kultur produktuak kontsumitzeko aukera ematen du, baita atzerrira ikastera joateko ere. Eta zer esanik ez, krisiaren ondoren, atzerrian lan egiteko aukerak ematen ditu. Eta gu atzerrira joaten garen modura, gurera ere etortzen da jendea. Horregatik, Sakanan gero eta hizkuntza gehiago entzuteko aukera dugu. Teknologia berriek mundua “etxekotu” digute. Denborarekin hizkuntzarekiko ikuspegia aldatuz joan da gizartean. Ertz horiek guztiek eta beste hainbatek ere euskara bidegurutzera eraman dute.
Bidegurutzean
Hizkuntzaren ezagutza belaunaldi gazteen artean orokortu den garaian, heldu diren urteetako euskararen erabilera da erronka. Euskaraz hitz egiteak efektu kutsagarria baitu: zenbat eta gehiago entzun gero eta gehiago hitz eginen da. Eta hizkuntza normalizazioaren bidean jarriko da. Kontrakoaren adibidea Irlandan baitago: gaelikoa ezagutu bai, baina jendeak ingelesez hitz egiten du.
Nola egin jauzi hori? Horren inguruan hizketatuko da Kike Amonarriz Altsasun gaur. “Euskararen biziberritzea bilatzen dugunok pentsatu beharra daukagu nondik jo, nola ekin, orain arteko bideak eman beharrekoa eman duelako”. Aurten bigarren Euskaraldia izanen da, euskararen erabilera sustatzeko ariketa soziala. Dinamika horrek hainbat hizkuntza inertzia hautsi nahi ditu, euskararen erabilera sustatzeko. Haren testuinguruan antolatu da Amonarrizen hitzaldia. Altsasu, eta Sakana, bidegurutze horretan ote dauden eta bideren bat hartzeko aukera ote duten jakin nahi duten guztiak gonbidatuta daude.