Saskibaloia

Naiara Diezen Gernikak Valentzia aurkari EuroCupean

Guaixe 2020ko ots. 19a, 12:35

Gaur, asteazkena, EuroCupeko final zortzirenetako joaneko partidan Valentzia hartuko du Lointek Gernikak, 20:00etan, Malosten

Denboraldi historikoa burutzen ari da Naiara Diez saskibaloi jokalari altsasuarra kapitain duen Lointek Gernika Bizkaiak. Mario Lopez entrenatzaileak gidatzen duen taldea EuroCup final zortzirenetarako sailkatu zen, eta hain zuzen ere asteazkenean, otsailaren 19an, final zortzirenetako joaneko partida jokatuko dute Lointek Gernikako neskek, Valencia Basket Club taldearen kontra. Partida etxean jokatuko dute, Malosten, 20:00etan, eta inoiz baino gehiago, Marea Granatearen babesa eskatu du taldeak. 

Hain zuzen ere, ilbeltzaren 31n jokatutako Emakumezkoen LF Endesa Saskibaloi Ligako jardunaldian, Gernika Lointek taldeak Valencia Basket taldea hartu zuen, eta partida oso lehiatuan, azken unean Dietrickek egindako hiruko saskiratze bati esker 91 eta 89 gailendu ziren gernikarrak. Eta igandean jokatutako ligako jardunaldian Zamarat taldearen kontra 62 eta 70 irabazi zuen Gernika Lointekek. Horrela, ligan bigarrenak dira euskaldunak, 36 punturekin, Perfumerias Avenida liderretik puntu bakarrera. 

Garaipen hauek, Valentziaren kontrakoak bereziki, konfiantza eman die bizkaitarrei, baina EuroCupean, ligan bezala, arerio oso zaila izango da Valentzia, eta gaur ederki izerditu eta sufritu beharko dute Naiara Diezek eta bere taldekideek. Etxean ahalik eta hobekien aritzea eta, ahal bada, EuroCupeko joaneko partida irabaztea eta puntu alderik handiena lortu nahi du gaur Gernika Lointekek, otsailaren 27an jokatuko den itzulerako partida Valentzian jokatuko dutelako eta bere kantxan valentziarrak hazi egingo direlako. 

Diezen iritziz, “detaileek” erabakiko dute
Naiara Diez kapitainaren ustez litekeena da bi taldeak, ligako norgehiagoketan bezala, “bizpahiru punturen aldean” ibiltzea. “Detaile gutxitan egongo da gakoa, bi taldeok oso ongi ezagutzen baitugu elkar”. Hala ere, altsasuarrak taldean konfiantza guztia duela berretsi du. “Aurten nabaritzen da talde honek, Gernikak, duen heldutasuna, eta taldeak badaki momentu horiek kudeatzen” gaineratu du.