Saskibaloia

Oraindik ez da gerratea galdu

Guaixe 2020ko ots. 20a, 09:37
Naiara Diez, EuroCupeko aurreko partida batean.

Valencia Basketek 61 eta 71 irabazi zion Naiara Diez kapitain altsasuarraren Lointek Gernika Bizkaiari Malosten jokatutako EuroCupeko final zortzirenetako joaneko partidan. Hurrengo asteazkenean, Valentzian, partidari buelta ematera aterako dira gernikarrak

EuroCupeko final zortzirenetako joaneko partida jokatu zuen asteazken iluntzean Lointek Gernika Bizkaia taldeak Valencia Basket taldearen kontra. Maloste leporaino bete zen Naiara Diez kapitain altsasuarra eta bere neskak animatzeko, baina Marea Granatearen bulkada ez zen nahikoa izan eta bi taldeak partidan paretsu ibili eta gero, azken txanpan hausporik gabe geratu ziren Mario Lopezen neskak eta valentziarrek buelta eman zioten partidari, 61 eta 71 gailenduz. Itzulerako partida hurrengo asteazkenean jokatuko da, Valentzian, eta zailtasunak zailtasun, konplexurik gabe partidari buelta ematera atera beharko dira Lointek Gernikakoak, asko baitago jokoan: EuroCupeko final laurdenetara pasatzea. 

EuroCupeko final zortzirenetako joaneko partidan Gernika Lointek Bizkaia eta Valencia Basket taldeak parez pare ibiliko zirela aurreikusten zen, eta horrela izan zen partidaren lehen hiru laurdenetan. Naiara Diez kapitainak esana zuen bizpahiru punturen aldean ibiliko zirela bi taldeak. “Detaile gutxitan egongo da gakoa, bi taldeok oso ongi ezagutzen baitugu elkar”. Hala ere, altsasuarrak taldean konfiantza guztia zuela berretsi zuen. “Aurten nabaritzen da talde honek, Gernikak, duen heldutasuna, eta taldeak badaki momentu horiek kudeatzen” gaineratu zuen. 

Lehendabiziko hiru laurdenetan hori izan zen partidaren joera. Lehen laurdenean 16 eta 17 aurreratu zen Valencia Basket, bigarrenean 32 eta 29 aurreratu ziren gernikarrak, eta Naiara Diez eta bere taldekideak 52 eta 46 aurreratu ziren hirugarren laurdenetan. Baina laugarren eta azken laurdenean dena pikutara joan zen. Gernikarrak hausporik gabe geratu ziren. Nina Milic jokalariaren laugarren falta pertsonalak taldea lotu zuen, eta punteria falta sumatzen hasi ziren gernikarrak, saskiratzeak huts egiten; aldiz, konfiantza bereganatzen hasi ziren valentziarrak. Gasolinarik gabe, behera egin zuten gernikarrek eta, azkenean, 61 eta 71 galdu zuten. “Milic-en laugarren faltak min handia egin digu. Ez dakit faltarengatik edo nekearengatik, hustu egin gara. Beste eskenatoki bat nahiago genuke, aldeko 10 punturen aldea, baina oraindik final-zortzirenak zabalik daude eta dugun guztiarekin joango gara asteazkenean Valenciara, EuroCupean jarraitu ahal izateko” azaldu zuen partida bukaeran Juana Maria Molina Lointek Gernikako jokalariak. 

EuroCupa, irekia
Izan ere, norgehiagoka bat galdu dute gernikarrek, baina oraindik ez da gerratea galdu. Hurrengo asteazkenean EuroCupeko final zortzirenetako itzulerako partida jokatuko da Valentzian. Malda gogorra dute aurretik Naiara Diezek eta bere taldekideek, baina inork ez zuen esan hau erraza izango zenik. 10 punturen aldearekin konfiantzaz gainezka egongo dira valentziarrak, eta kantxa faktorea alde izanen dute. Horregatik, partidari buelta emateko konplexurik gabe atera beharko dira Mario Lopezen neskak, saria potoloa baita: EuroCupeko final laurdenetara pasatzea. Ea posiblea den.