Ihoteak-Inauteriak 2020

Mozorro garaia hastear da

Guaixe 2020ko ots. 22a, 12:32

Juantranposoak gurdi gainean atseden hartzen.

Haurrak bihar izanen dira protagonista. Astearteko herri-ihoetak bigarren urtez segidan lanengatik ibilbidea aldatuko du. Ospakizunak heldu den larunbateko hiri-ihotearekin despedituko da.

Altsasuko inauterietako aurtengo berrikuntzetako bat bere kartela da. Herri-inauteria 1982an berreskuratu zenetik 37 urtez Artzaik marraztutako momotxorroaren irudia izan da Altsasuko ihote ospakizunak iragarri dituena. Joan den urtean herri-ihotearen kontura udalak antolatutako argazki lehiaketako hiru argazki sarituen artean herri-galdeketa egin eta Jon Bustok egindako argazki bat erabili dute kartela egiteko. 

Kartelean herri-inauteriko ikono bihurtu den momotxorroa ageri da ke artean. Baina ihote segizioak baditu pertsonaia gehiago: maskaritak, ereintza, akerra, sorginak, juantranposoak eta ezkontza. Eta bestelako mozorroak janzten dituztenak: matxin gaiztoak edo jantziak trukatu dituzten kintoak, neskak gizonez eta gizonak neskez mozorrotzen direnak. 

Astearteko ibilbidea
Joan den urtean Isidoro Melero kaleko lanengatik izan bazen, aurten Bakea eta Amaia kaleetako lanengatik izanen da. Bigarren urtez herri-ihoteko segizioak ez du bere ohiko ibilbidea eginen, bi kale horiek saihesteko aldaketak egin baitituzte ibilbidean. Ohi bezala Zelandi eskola publikotik autobus geltokiko bidegurutzerantz joko dute Isidoro Melero kalea hartzeko. Zelai kaletik San Juan kalera joko dute Burunda kalera arte. Handik Nafarroa , Altzania eta Erkuden kaleetan barna Iortia kultur guneko zabalgunerantz hartuko dute. Iortia plazatik eta Egubera kalean aurrera segi eta Gartzia Ximenez karrikara aterako da segizioa Ferialeku, Adelgoitia, Lapurbide eta Gurutze Saindua kaleetatik Zubeztia plazara ateratzeko. Handik Gartzia Ximenez kalera, Foru plazan despeditzeko. 

Oharrak 
Inauteriak direla eta, Altsasuko Udalak herritarrei gogorarazi die ospakizun horietan ere etxeko eta familiako ardurak denenak direla. Horrekin batera, nabarmendu du ezezkoak ezetz esan nahi duela. Eta erasorik gabeko ospakizunen alde egin du. Herri-ihotea dela eta, gogorarazi du, odolaren errituaren ondoren, mozorrorik ez dutenek Zelandi eskola publikoko eremutik atera beharko dutela. Udalak gomendatu du arretaz jokatzea eta segurtasun tartea gordetzea, ez udalak ezta ihote batzordea ere ez baitira sortutako kalte edo erreduren arduradun izanen. Bestetik, ihote-segizioa behar bezala ibil dadin, Altsasuko Udalak eskatu du Zelai, Altzania eta Bakea kaleetan ibilgailurik ez aparkatzeko. Azkenik, herri-ihoteko bazkarirako txartelak ohiko tokitan daude salgai. Haiek eskuratzeko azken eguna gaur da.

Transmisioa 
Inauterien transmisioa ziurtatzeko lanketan Altsasuko ihote batzordeak urtero inauteriei buruzko erakusketa antolatzen du Iortia kultur gunean. Bertatik pasatzen direnek herriko Lehen Hezkuntzako ikasleek ihotea oinarri hartuta egindako lanak ikusteko aukera izanen dute. Horrekin batera, I. Herri-ihoteko Argazki Lehiaketara aurkeztutako irudiak ere ikusgai izanen dira. Erakusketa asteartean mustu zuten, herri-ihoteko pertsonaiak bertan zeudela, eta hilaren 28ra arte ikusgai izanen da: astegunetan 18:30etik 21:00etara, larunbatetan emankizuna baino ordu bat lehenago eta domeketan 19:00etatik 21:00etara.  

Egiteko horrekin berarekin joanen dira ihote batzordeko kideak Intxostiapunta gazte gunera bihar, herri ihoteko pertsonaiak ezagutaraztea. Gainera, 18:00etan txokolate jana izanen da. 

Argazki lehiaketa  
Altsasuko Udalak bigarren urtez herri-ihoteen inguruko argazki lehiaketa antolatu du. Araudian jaso denez, parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkez ditzake lehiaketara. Edozein teknika erabili daiteke argazkietan. Irudien tamaina librea da baina lehiaketara bakoitza 40 x 50 cm-ko kartulina beltz baten gainean muntatuta aurkeztu beharko da. Atzeko aldean izenburua jarri behar da eta atxikitako gutunazal itxian egilearen datuak eta harremanetarako bideak eman beharko dira.  

Lehiaketarako argazkiak martxoaren 20ko 20:00ak arte aurkeztu daitezke. Iortia kultur gunean  astegunetan 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Posta zerbitzua erabil nahi dutenek udaletxera (Gartzia Ximenez, 36. 31.800. Altsasu) bidali beharko dituzte. Eta e-postaz lana aurkezten dutenek herri.inauteriak.argazkiak@gmail.com helbidera bidali beharko dituzte. Epaimahaiak 200, 120 eta 80 euroko hiru sari banatuko ditu. Egile bakar batek ere ezin izanen du sari bat baino gehiago irabazi. 


Egitaraua 
Otsailak 23, domeka. Inauteri txikia
17:00etatik 19:30era Txokolate-jana eta mozorro festa Xaiborekin, bukatzean momonsuzkoa. Iortia zabalgunea

Otsailak 25, asteartea. Herri-inauteria 
12:30ean Puska-biltzea, Alde Zaharrean. 
14:30ean Herri bazkaria, Burunda pilotalekuan. 
16:30ean Momotxorro txikien elkarretaratzea eta txokolate-jana. Zumalakarregi plaza.
17:00etan Momotxorro txikien irteera, musika eskolako talde batek eta Txorongo txarangak lagunduta. Zumalakarregi plaza.
17:30ean Auzatea. Gure Etxea.
18:00ean Inauteri txikiaren etorrera, ondoren momonsuzkoa. Foru plaza.
18:30ean Kalejira. Foru plazatik Zelandi eskolara. 
 Torrada dastatzea. Altsasuko gastronomi-elkarteen laguntzarekin. Gure Etxea.
18:45ean Odolaren erritoa eta herri-inauteriaren elkarretaratzea. Zelandi eskolan.  
19:00etatik 21:00etara Dantzaldia Gabenara taldearekin. Foru plaza.
19:30ean Herri inauteriaren irteera. Txorongo txaranga, Zangitu fanfarrea, 
ltsasuko txistulari eta gaiteroak eta Xapiru trikitixa eskola lagundua. Zelandi esdkolatik. 
19:45ean Ezkontza. San Juan plaza.
20:00ean Akelarrea, Dantzarima dantza konpainiarekin. Iortia zabalgunea.
21:00etan Inauteri-segizioaren iristea, ezkila jotzea, dantzaldia eta mozorroak kentzea. Foru plaza.
22:00etatik 24:00etara Dantzaldia Gabenara taldearekin. Foru plaza.

Otsailak 29, larunbata. Hiri-inauteria.
11:00etan Haize Berriak bandarekin kalejira.
12:00etan Zangituko estropadak. Zubeztia kalea.
13:00etan Zangituko bandera ematea eta musika poteoa. Alde Zaharra. 
17:00etan Mozorrocall. Intxostiapunta.
18:00etan Inauteri-segizioaren jaitsiera, Txorongo txarangak lagunduta. Intxostiapuntatik Foru plazara. 
20:00etatik 22:00etara Abiba diskofesta. Foru plaza.
22:00etatik 01:00etara Gazte afaria, kuadrilla desfilea, jolasak eta festa. Intxostiapunta.
24:00etatik 03:00etara Abiba diskofesta. Foru plaza.