Osasuna ardatz duen jardunaldia

Guaixe 2020ko ots. 21a, 12:07
Synergia Sakana taldeko kideak.

Synergia Sakana taldeak hitzaldiak eginen ditu asteburuan, Iortian, 10:00etatik 14:00etara.

Sakanako zazpi gaztek osatzen dute osasunaren dibulgaziorako sortutako proiektua. Eginen duten lehenengo ekimena nutrizioari, fisioterapiari eta ariketa fisikoari buruzko hitzaldiez osatutako jardunaldia izanen da. Bihar eta etzi, larunbatean eta igandean, 10:00etatik 14:00etara, izanen dira hitzaldiak. Bi egunetarako sarreren prezioa 10 eurokoa da eta, besteak beste, Iortia kultur gunean eros daitezke. Hitzaldien artean hamaiketakoa ere eskainiko dute. 

Ikasitakoa gizarteratzea eta dakitena jendeari erakustea da Synergia Sakana taldearen helburua. Nutrizionistak, fisioterapeutak eta ariketa fisikoan adituak dira taldea osatzen duten zazpi gazteak. Osasunari ikuspegi zientifiko batetik hausnartzeko eta jendeari helarazteko modu hoberena jardunaldi bat antolatzea zela erabaki zuten. Bi egunetan banatu dituzte zortzi hitzaldiak. Lehenengoan, bihar, larunbata, gai "orokorragoak" landuko dituzte, gazteek aipatu bezala: Nutrizioaren oinarriak, elikagaien etiketatzea, ariketa fisikoa eta minaren bilakaeraren oinarriak. Etzi, igandean, gai espezifikoei buruz hitz egingo dute: zoru pelbikoa, emakume atleten triada, ariketa fisikoa hirugarren adinean eta minaren alderdi biopsikosozialak izango dira gaiak. 

Leire Mazquiaran Bergera nutrizionistak, Maialen Unanua Irigoyen nutrizionistak, Daniel Echavarri Manjon entrenatzaileak, Imanol Reparaz Escudero fisioterapeutak, Nerea Arguelles Iriarte fisioterapeutak, Anne Azkona Unanua nutrizionistak eta Mikel Manero Arguelles fisioterapeutak sortu dute Synergia Sakana osasunaren dibulgaziorako proiektua. Auto-finantzatutako proiektua da. Asteburukoa lehenengoa jardunaldia izango da, eta aurrerago gehiago egitea aurreikusten dute. 

Erlazionatuak

Osasunarekiko jarrera hartzen

Erkuden Ruiz Barroso 2020 ots 17 Altsasu 1