Altsasuko udaletxe pareraino eraman zituzten beraien eskakizunak Txirinbulo udal haur eskolako langileek atzo. Langileak kexu agertu ziren eurak “haurren zaintzailetzat” jotzen jarraitzen dugulako, “gure zereginaren hezkuntza-funtzioa zein den ikusi gabe”. Gogora ekarri zuten Nafarroako Gobernuak onartutako martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretua. Ordutik haur eskolen zikloak hezkuntza-izaera du, eta Hezkuntza Departamentuak arautzen du. Foru Dekretuak, aldi berean, ikastetxeek bete behar dituzten baldintzak ere ezarri zituen.
Hezkuntza Departamentuak haur eskoletako langileei c mailako langile baten soldata aitortu zien. “Baina 12 ordainsari bakarrik hartzen dira kontuan, ez 14; beraz, praktikan, ez da c maila erreal bati dagokion finantzaketa, eta udala gure soldatak ordaintzeko orduan, modulu horietan oinarritzen da”. Horregatik, eta kontratuak egiterakoan titulazio jakin bat eskatzen zaienez, c mailako soldata eskatu diote udalari, 14 ordainsariak kontuan hartuko dituena, hau da, 1.340 euro gordineko oinarrizko soldata izatea. Horregatik, aurten eta heldu den urtean langileen soldatak 112 euro igotzea eskatu dute. Ordaindutako lizentzien kapituluan, urtean 32 ordu arteko ordaindutako lizentziarako eskubidea ezartzea, bigarren mailarainoko gure senideei familia-medikuarengana edo espezialistarengana laguntzeko.
Aldi berean, haur eskolako langileek oinarrizko soldataren % 15eko osagarri pedagogikoa eskatu zuten, “2007ko Dekretuaz geroztik gure eginkizunetan gehitutako lan pedagogikoagatik”. Horrekin batera, beraien lanaren erantzukizun-osagarri gisa 300 euro eskatu zituzten: “adin desberdinetako 16, 12 edo 8 haur ditugu eta horiek zaindu behar ditugu uneoro, haien beharrei erantzunez, eta, aldi berean, Hezkuntza Sailak zuzentzen dituen hezkuntza-helburuak gauzatzen ditugu”. Prestakuntzara zuzendutako orduak 20tik 35era pasatzea aldarrikatu zioten udalari, “pedagogiak eta metodologiak etengabe aldatzen ari baitira. Gaur egun ordu horiek edo gehiago egiten ditugu, baina gure denbora pertsonalaren kontura, eta, horregatik, aintzatespena eskatzen dugu”. Txirinbulokoen aldarrikapenen artean dago haur eskolako garbiketako langileen soldatak udalaren menpeko garbiketako gainerako langileekin parekatzea, baldintza berberekin.
Berdintasuna aldarrikatu dute
Langileen izenean Aintzane Martin Diaz de Otazu Txirinbulo Haur Eskoleko zuzendariak adierazi zuenez, udalak “zerbitzuaren aldeko apustu handia egin ondoren, pertsonen aldeko apustua egiteko unea da”. Bestetik, Martinek azaldu zuenez, “ez da koherentea Altsasuko Udalak berdintasunaren aldeko apustua egitea, kudeaketa-eremu guztietan berdintasuna bandera gisa erabiltzea eta gero sektore bat bertan behera uztea”. Haur eskolena sektore feminizatua dela gogorarazi zuen eta beste sektoreekin alderatuta soldata arrakala handia dagoela gaineratu zuen.
Ordezkapenen zerrenden kudeaketa aldatzea ere eskatu zuten langileek. “Haur eskolan bat, bi edota lau urtez lanean egon den pertsona baten jarraipena hiru urteko zerrendan geratu den ordenaren araberakoa izatea ez dugu egoki jotzen. Eskatzen dugu pertsona hori edo horiek zerrenda berezi batean edo lan-poltsa batean sar daitezela, lehentasuna eskolan duten antzinatasuna kontuan hartuta, eta lehenengo eta behin bertara joan daitezela plaza libre bat dagoenean, urte horretan indarrean dagoen hiru urteko zerrendan duten posizioa edozein dela ere”.
Eskaera horrekin “hezkuntza-taldeak egonkortasuna izanen du, eta horretan oinarrituta, inplikazio eta motibazio handiagoa eskolako proiektu berrietan lan egiteko, kalitate handiagoko hezkuntza-zerbitzua eginez. Era berean, haurrek jarraipena izango dute tutoreen aldetik, eskolan dauden urte guztietan, Hezkuntza Departamentutik iristen zaizkigun gomendioekin bat etorriz”.
Martinek gaztigatu zuenez, “lanaldi erdiko kontratua duten pertsonek, azkenean, hitzartutakoak baino ordu gehiago sartzen dituzte; eta, gainera, oro har, guztiek ordu gehiago egiten ditugu prestakuntza-ikastaroetan, gure lanaren kalitatea hobetzeko”. Horregatik eskatu zuten “lanaldi erdian dauden pertsonei gutxienez 100 ordu igotzea urteko orduen zenbaketa. Edo, bestela, familiek aukeratutako lanaldiak alde batera utzita, hezitzaile guztiek lanaldi murriztuak izatea (1512 ordu urtean), lan-kontratuek mugatuta egon behar ez izateko eta ordu gehiago sartzeko”.
Langileek argi dute “aldarrikapen horiek guztiak egun batetik bestera ematea ezinezkoa” dela, “baina, borondatearekin, pitteka-pitteka, soldata udaleko gainerako langileriarekiko proportzionalki egokitzen joan daiteke, eta bere kargura dituen langile guztiekin parekatzen”.
Datuak
54 ume daude Txirinbulo udal haur eskolan.
7 hezitzaile.
2 garbitzaile.