Saskibaloia

CBASK-Jatormanek 9 punturengatik galdu zuen

Guaixe 2020ko ots. 27a, 10:14

Autonomien Arteko 2. mailan Fiora taldeak 57 eta 48 irabazi zion CBASK-Jatorman talde altsasuarrari

Nafarroako eta Errioxako taldeak lehiatzen diren Gizonezkoen Autonomien Arteko 2. mailan, 18. jardunaldia jokatu zen asteburuan. CBASK-Jatorman talde altsasuarrak Errioxan jokatu zuen, Fiora taldearen kontra. Bi taldeak paretsu ibili ziren, baina, azkenean, talde errioxarra gailendu zen, 57 eta 48. 
Sailkapenean, Club Baloncesto Cenicero talde errioxarrak jarraitzen du lider (35 puntu) eta 3 puntu ateratzen dizkio San Ignacio talde nafarrari. CBASK-Jatorman 9. postuan dago (24 puntu). Asteburuan 19. jardunaldia dago jokoan eta CBASK-Jatorman taldeak Logrobasket taldea hartuko du, larunbatean, 18:00etan, Zelandin. 

Nafarroako seniorren maila autonomikoa: CBASK-IFUELen porrota
Gizonezkoetan, Nafarroako Seniorren 1. Maila Autonomiko 9 eta 16 postuen arteko sailkapen-fasean jokatzen ari da CBASK-IFUEL talde altsasuarra. Asteburuan Lagunak taldea izan zuen aurkari eta porrot serioa jasan zuen Altsasuko taldeak 31 eta 74 galdu baitzuen Barañaingo taldearen kontra. Sailkapenean, Megacalzado Ardoi da lehena (15 puntu) eta CBASK-IFUEL bosgarrena (12 puntu).  Igandean, 12:00etan, sailkapenean seigarrena eta arerio zuzena den Larraona B taldea izango du aurkari CBASK-IFUELek, Iruñean. 

Emakumezkoetan kadeteen 2. mailan CBASK aurrera
Emakumezkoetan, Nafarroako Kadeteen 2. mailan, 1 eta 6 postuen arteko lehen jardunaldia jokatu zuen asteburuan Altsasuko CBASK taldeak. Altsasuko neskek garaipen bideari segida eman zioten eta 39 eta 46 hartu zuten mendean San Fermin ikastola. Sailkapenean hirugarrena da CBASK, 2 punturekin, Aranguren Mutilbasket lehenarekin eta Noain Azul bigarrenarekin puntutara berdinduta. Larunbatean, 10:50ean, hain zuzen ere CBASK taldeak Aranguren Mutilbasket liderra hartuko du Zelandin, bi taldeen berdinketa apurtzeko partida bikaina.