Saskibaloia

Lointek Gernikak burua tente esan dio agur EuroCupari

Guaixe 2020ko ots. 27a, 10:35

Atzo EuroCupeko final zortzirenetako itzulerako partidan 72 eta 50 irabazi zion Valencia Basket taldeak Naiara Diez kapitain altsasuarraren Lointek Gernikari

Atzo EuroCupeko final zortzirenetako itzulerako partida jokatu zuten Naiara Diez kapitain altsasuarraren Lointek Gernika Bizkaiak eta Valencia Basketek. Aurreko astean Malosten jokatutako partidan 10 puntuko aldearekin gailendu ziren valentziarrak eta gernikarrei maldan gora jarri zitzaien EuroCupari eustea, baina Valentziara beldurrik gabe erasora ateratzeko asmoz eta ilusio eta gogotsu joan ziren gernikarrak. 

Balentria behar zuen talde bizkaitarrak, eta lehen laurdenean oso ongi aritu ziren Mario Lopezen neskak. Talde lan bikaina eginez, Valentziako kantxako giroari buelta eman eta hasiera ikusgarria egin zuten, 6 eta 12 aurreratuz. Defentsa ona eta erasoa tartekatu zituzten, gernikarren aldeko Marea Granatearen aldeko oihuak entzun ziren kantxan eta 12 eta 19 jarri ziren aurretik lehen laurdenean. Bigarren laurdenean intentsitate handiarekin jarraitu zuen partidak eta ongi aritu ziren gernikarrak, Naiara Diez tartean. 29 eta 31 aurretik zirela bukatu zen bigarren laurdena, sentsazio positiboekin. 

Hirugarren laurdenean oso lehiatua izan zen norgehiagoka. Hasieran ongi eutsi zuten gernikarrek, baina valentziarren bonbardaketa hasi zen, Buchek gidatutako hirukoez betetakoa, eta valentziarrak izan ziren 49 eta 42 aurreratu zirenak. Hala ere, oraindik zabalik zegoen partida, baina miraria behar zuten Mario Lopezen neskak, eta, tamalez, azken laurdenean behera egin zuten. Joaneko partidan bezala, azken txanpan gasolinarik gabe geratu ziren gernikarrak. Valentziako Buch jokalariak bere onetik atera zituen gernikarrak, azkar eta ikusgarri mugitu eta saskiratze bikainak egin baitzituen. Azkenean, 72 eta 50 galdu zuen azken laurdenean desgastatu egin zen Lointek Gernikak. Datu bat ematearren, hirukoetan 21 jaurtiketetatik 11 saskiratu zituen Valentziak eta Lointek Gernikak, aldiz, 15 jaurtiketetatik soilik bakarra saskiratu zuen. 

Liga eta Espainiako Kopa, hurrengo erronkak
Hala ere, burua tente esan dio agur Lointek Gernikak EuroCupari, historia eginez. Izan ere, talde bizkaitarra historian lehenengoz iritsi da EuroCupeko final zortzirenetara, eta hori ez da txantxetakoa. Amaitu da Lointek Gernika Bizkaiaren ibilia EuroCupean, baina Espainiako Emakumezkoen Endesa Ligan bikain dabiltza gernikarrak. Hirugarrenak dira sailkapenean (37 puntu), Perfumerias Avenidaren (39 puntu) eta Gironaren (38 puntu) atzetik, eta larunbatean 32 punturekin sailkapenean 7. postuan dagoen Duran Maquinaria Ensino izanen dute aurkari Lugon, 19:00etan. Bestalde, martxoaren 5etik 8ra Espainiako Erreginaren Kopa jokatuko du Lointek Gernikak, Salamancan, Girona, Persumerias Avenida, Valencia Basket, Cadí La Seu, Tenerife, Araski eta Duran taldeekin batera. Beraz, erronkak ez dira makalak.