Txirrindularitza

Euskadi fundazioak Euskaltel-Euskadi izena berreskuratu du

Guaixe 2020ko ots. 28a, 11:28

Euskadi Fundazioko babesle nagusia izanen da, atzera ere, Euskaltel. Lau urterako sinatu dute kontratua

Marea laranja bueltan da, baina orain ofizialki. Euskadi Fundazioko presidente Mikel Landak eta Euskalteleko presidente Xabier Iturbek bi aldeek sinatutako hitzarmenaren berri eman zuten atzo: Euskaltel izango da, atzera ere, Euskadi Fundazioko babesle nagusia. Lau urterako hitzarmena sinatu dute bi aldeek eta hortaz, aspaldi bolo-bolo zebilen kontua ofiziala egin da: Euskaltel-Euskadi taldea birsortu egin da, izen hori izango du hemendik aurrera eta marea laranja berpizteko helburua du. Ekitaldian, Euskaltel-Euskadi taldearen maillot berria aurkeztu zuten, laranja kolorekoa, jakina. 

Bi aldeak oso pozik azaldu ziren hitzarmena sinatu izanagatik. “Fundazioaren gure unerik gogokoenak oroitzen baditugu, ziur Euskalteli eta kolore laranjari lotuta daudela” adierazi zuen Mikel Landa txirrindulari eta Euskadi Fundazioko presidenteak. Pozik zegoen ere Euskalteleko presidente Xabier Iturbe. “Berpizte une batean dago (Fundazioa), eta Euskaltelen ekarpena funtsezkoa izan daiteke”. Jakina denez, Jorge Azanza altsasuarra da taldeko kirol zuzendaria eta, bere garaian, Euskalteleko txirrindularia izan zen, Pablo Urtasun, Egoi Martinez, Gorka Verdugo eta Flores anaiekin batera.