Victoria Alvarez

"Pertsonala denean hobe konektatzen duzu"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko mar. 2a, 13:09

Victoria Alvarez Musetti.

Victoria Alvarez Musetti olaztiarrak idazlea izan nahi du. Nafarroako Unibertsitateko Sormenezko l iteratura eta idazketa graduko lehenengo promozioa izanen da

Artea, orokorrean, gustatzen zaio Vitoria Alvarez Musettiri. Musikaren, pinturaren eta literaturaren artean ezin aukeartu ibili da, baina azkenean idazlea izan nahi duela erabaki zuen. Ametsa egin bihurtzeko gertu dago. Izan ere, Nafarroako Unibertsitateko sormenezko literatura eta idazketa ikasten ari da. Ikasketa oso berriak dira; are gehiago, Alvarezek datorren urtean amaitu du eta lehenengo promozioa izanen da. Literatura genero bat ezin aukeratu, eta antzerkian oinarritu da orain.

Zertan datza Sormenezko literatura eta idazketa ikasketak?
Oso berria da. Ni lehenengo promoziokoa naiz. Idazleak izan nahi dutenendako, editorialen munduan lan egin nahi dutenendako edo literatura hertsia ikertu nahi dutenendako ere bideratuta dago. 

Zergatik erabaki zenuen ikasketa berri hau egitea?
Nafarroako Unibertsitatearen ate irekietara joan nintzen, baina ikasten ari nintzen institutuan antolatzen zutelako, ez unibertsitate horretara ikastera joan nahi nuelako. Gradu berri hau iragartzen ari ziren eta niretako zela ikusi nuen. Arte eszenikoen batxilergoa egiten ari nintzen, beraz, aurretik baneukan artearekiko zera hori. Idaztea gustatzen zitzaidan eta literatura ere, nahiz eta, egia esan, ez nuen asko irakurtzen. Baina idaztea betidanik gustatu zait. 

Gradu hau ezagutu aurretik, zer ikasi nahi zenuen?
Gauza asko planteatu nituen. Musikaren fasetik pasatu nintzen; horregatik erabaki nuen arte eszenikoen batxilergoa egitea. Batxilergoan ikusi nuen antzerkia gustatzen zitzaidala. Nik ez dut antzezteko talenturik, baina berotu nintzen eta arte dramatikoa egitea pentsatu nuen. Are gehiago, institutuan probak egiteko prestatu nintzen. Baina gero ikasketa hauek ikusi nituen eta niretako zirela erabaki nuen. 

Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?
Txikitatik egunerokoetan idazten nuen. Baina, egia esan, ez nituen bukatzen. Egun batzuk idazten nuen. Eta ez nuen idazle izatea planteatzen. Liburu bat idazte oso zaila zela iruditzen zitzaidan. Baina gero ikasten ari nintzela, bigarren hezkuntzan, hizkuntza trebeziak deitutako irakasgaia zegoen eta bertan literatura eta sormenezko piezak sortu behar genituen. Hor jakin nuen idaztea benetan gustatzen zitzaidala, asko nuela ikasteko, baina gustatzen zitzaidala. Beste ikaskideekin konparatuz pixka bat nabarmentzen nintzen, eta konturatu nintzen agian ona nintzela. Gero ez genuen irakasgai hori gehiago izan, baina batxilergoan antzezlan bat idazteko aukera izan nuen eta asko disfrutatu nuen. Gainera, narrazio laburretako lehiaketa batera aurkeztu nintzen klaserako sortutako lan batekin eta irabazi egin nuen. 

Nola ikasten da idazle izaten?
1. eta 2. maila irakurtzeko dira. Lehenengo mailan gehien bat literatura ematen dugu, oinarrizkoena. Gero, antzinate klasikoaren literatura ere irakurri behar genituen, eta horiekin sormenezko proiektuak sortu. Irakurritakoarekin egin koadro bat margotu genezakeen, abesti bat egin, poema bat... Narratiba eta nobelen analisiak ere egiten genituen. Bi azkeneko mailak sormenean oinarritzen dira. Sormenezko idazketa lantzen ari gara orain. Hasteko liburu baten egitura analizatzen dugu: pertsonaiak, denbora, lekua... eta gero guk nobela bat egin genezakeen aztertzen dugu. Ez dugu nobela idatzi behar, baina bai planteatu. Idazten idazten ikasten da eta asko idazten dugu. Idatzi ondoren irakasleek testu horiek irakurtzen dituzte eta zer dagoen ongi, zer gaizki eta nola hobetu dezakegun esaten digute. Denetarik idazten dugu. Probatzen joaten gara. 

Zein aukera laboral ditu?
Galdera zaila da. Egia esan, sartu nintzenean ez nuen pentsatzen zertan lan egingo nuen. Sartu nintzen gustatzen zitzaidalako eta zerbait gustatzen zaizunean aukerak aterako dira. Gero konturatu nintzen aukera asko daudela. Ikerketa munduan lan egiteko aukera dago, editorial batean, idazle izatea... Gainera, idazle leku askotan izan zaitezke. Bizitza bilatzen jakin behar duzu. Unibertsitatean trebatzen zara, baina gero mugitzen jakin behar duzu. Sormen handiko lanak dira. 

Eta zuk zer bide hartu nahi duzu?
Oraintxe bertan antzerki konpainia batean praktikak egiten ari naiz eta obra baten adaptazioa egiten ari gara. Antzerkia egiten ari naiz, dramaturgia. Horrekin probatzen ari naiz eta oso pozik nago. Azkenean, aukerak sortzen direnean aprobetxatu behar dira. 

Zerbait berezia behar da ikasketa hauek egiteko?
Sartzen dena bokazioagatik sartzen dela uste dut. Aurretik ez duzu ezaguera berezirik izan behar. Agian ingelesa maila altua izatea gomendatzen dut, irakasgai batzuk ingelesez direlako. Ez dute derrigortzen, baina behar duzu. Ikasgelan jende gutxi gaude, 10 eta 15 lagun bitarteko taldeak gara. Irakasgaietan gauzak denen arten komentatzen eta eztabaidatzen ditugu eta nabaritzen da pertsonak desberdinak direla. Bakoitzak dauka hausnartzeko modu bat, barneko mundu konplexua dutela, beste esparruetan agian pertsonalitateen arteko desberdintasun hori ez da hain handia. Bakoitzak pertsonalitate berezi bat du. Jende guztiak sentsibilitate berezia du. Esaten dena baloratzen jakin behar da. Agian badago jendea idazteko ez duela sormen ahalmen handia, baina bai beste batzuen sormena baloratzeko gaitasun berezia dutela. 

Ikasgelan errezitalak egiten dituzue?
Bai, eta asko nabaritzen da. Hezkuntza sisteman ez da ezer egiten publikoan hitz egiten ikasteko, eta unibertsitatean derrigortzen zaituztenean denen aurrean ozen hitz egitera eta komentatzera azkenean ikasten duzu. Batzuetan gauza asko pentsatzen ditugu eta ez ditugu esaten, baina ozen adieraztean berresten duzu esandako. Pentsatzeko azkartasuna irabazten duzu ere eta denborarekin bakarrik ateratzen zaizu. Proiektu asko egin behar ditugu eta guztiak jendearen aurrean aurkeztu behar ditugu. Azken finean, zure lana saltzen ikasi behar duzu. Oso ondo idazten baduzu, baina gero idatzitakoa azaltzen edo erakusten ez badakizu, ez du askotarako balio. 

'Introducción a la geometría' liburuan parte hartu duzu. Nola sortu zen parte hartzeko aukera?
Liburu hau unibertsitate ikaskide batzuen ideia izan zen. 26 bat lagun ginen. Gure artean elkarbanatzeko literatura aldizkari bat sortu eta hiru hilabetero bolumen bat argitaratu nahi genuen. Instagramen kontu bat egin genuen eta editorial batek ikusi zuen eta liburua publikatzeko aukera eskaini zigun. Lehenengo edizio guk saldu behar izan genuen eta orain haiek banatuko dituzte. 

Nola izan zen sortze prozesua?
Figura geometrikoetan oinarritu behar ginen. Lehenengo bolumenean lerroan eta zirkuluan oinarritu behar genuen inspirazioa lortzeko. Zerbait konkretua edo abstraktua izan zitekeen. Alderdi pertsonalean oinarritu nintzen. Argazki baten markoa begiratzean eta pentsatzen duzun horretan. Nire sormen prozesua esperientzia pertsonaletan oinarritzen da. Momentu bat aukeratu eta gauzak ateratzen dira. Baita bilatzen ditut ere. Lana ez da zertan oso originala izan beharrik. Baina oso zurea izan behar du. Kontraesankorra dirudien arren, zurea denean, pertsonala denean, jendearekin gehiago konektatzen duzu. 

Poesiazko liburu bat zen, ez?
Kasu honetan proiektua kudeatu zuen ikaskideak poemak izatea eskatu zuen. 

Eta zein genero nahiago duzu?
Hasieran narratiba edo narrazio laburrak gustatzen zitzaizkidan. Baina konturatu nintzen adierazteko beste moduak ere gustatzen zaizkidala. Poesia ere gustatzen zait. Ez dut asko idatzi, abestiren bat egin dut, baina konturatu naiz poesia egitea gustatzen zaidala. Adierazteko modu desberdin bat da. Orain antzerkia egiten ari naiz eta aukera eman dit aurrera egitera eta idazlea izateko ametsa betetzera. Beste errealitate bat da. Ez da bakarrik literatura. Egia esan, ezin dut bakarra aukeratu. 

Nola da antzezlan bat idazteko prozesua? 
Ni orain Sergio Gallot praktiketako tutorearekin idazketa prozesuan nago. Testua idazten dut eta gero berak zuzentzen dit. Ni narraziora ohituta nago eta berak laguntzen dit idatztiakoa oholtzaren gainean funtzinatuko duena eta funtzionatuko ez duena ikusten. Izan ere, ez da berdina paperean irakurri edo oholtzan ikusi. Horren ondoren, proiektua aurkeztu behar da eta aktoreekin lan egin behar da. Egia esan dramaturgoak ez dira zertan eszenan egon behar, zuzendariak egiten dute lan hori, baina niri gomendatu didate egotea. Izan ere, zure testua da eta nola funtzionatzen duen ikusi behar duzu. Inoiz amaitzen ez den testu bat dirudi; errepresentazio bakoitzean gauzak aldatzen dituzte eta aktoreek bizitza ematen diote testuari. Azkenean, ez da bakarrik zure testua. 

Errezitalak ere egiten dituzue. 
Oraindik ez dugu liburuaren aurkezpen ofiziala egin. Baina Iruñean azken aldian errezital asko egien dira. Esaterako, Arrebol errezitala edo tabernetan antolatzen diren mikro irekien emanaldiak. Emanaldi batera ikaskideak joan ginen liburuarekin eta beste batera ni bakarrik joan nintzen. Eskertzen dira horrelako aukerak izatea, unibertsitate mundutik ateratze gara, jendearekin hitz egitne duzu, kontaktuak egiten dituzu eta konturatzen zara pentsatzen zenuena baina errealitate handiago bat existitzen dela eta jendea honetaz bizi dela. 

Musika, arte dramatikoa, literatura... erabakitzeko zaila?
Idazketan zentratuko naiz. Konturatu naiz literaturan zerbait berezia dagoela eta aurrera egiteko aukera dudala. Besteak ere asko gustatzen zitzaizkidan bere momentuan, eta ikusten nuen nahi nuela horretaz bizi. Baina gero aspertzen nintzen edo garrantzia kentzen nion. Orain idazketaren gehigarri bezala ikusten ditut. Horregatik gustatzen zait antzerkia, hainbat elementu sartzen direlako: musika, eszenografia... Ezaguera berriak sartzen dira eta ongi dago. Beraz, idazketa; momentuz etorkizuna dudala ikusten dut. 

Liburu bat?
Printze txikia edo Frankestein.

Idazle bat?
Ezin dut aukeratu. Klasiko asko irakurtzen ditugu eta oso zaila egiten zait aukeratzea bat.