Inauteriak, antzinatik, egunerokotasunetik aldentzeko eta bertan arrakalak irekitzeko bidea izan dira, natura eta gizarte nekazariekin lotura zuzena zutena. Bada, gizartea garatu ahala horrek pairatu izan dituen eraldaketak ulergarriak dira, baina ezin da ahaztu barrutik bizitzen den festa dela.
Altsasuko ihoteek duten proiekzioa ukaezina da, eta harro gaude horretaz. Alabaina, bat-batekotasunaren eta kaosaren aldarri izateari utzi dion antzerki kontrolatu bihurtu den sentsazioa dugu askok; txikitatik ihoteetan izandako bizipenetatik aldentzen.
Azken urteotan publikoaren presentzia amaigabeak, eta publiko hori asetzeko eman den espektakularizazioak ihoteak izan lezakeen jatorrizko esentzia urratu duela ematen du, hein batean. Egun, nahiz eta herri askotan inauteriak ospatu, badirudi publikoarekiko erakargarritasunaren sustatzea bideratzen dela soilik. Herritarren partaidetzaren uztartzetik aldentzen da festa, zenbaitetan partaideak berak publiko bihurtzen baitira. Inauteriak dakarten errealitatearen haustea desagertzen da orduan, festa erakargarri turistiko huts bihurtuz.