Saskibaloia

Naiara Diezen Gernika Lointek, Erreginaren Kopatik kanpo

Guaixe 2020ko mar. 6a, 09:37

Rpk Araski taldearen kontra 80 eta 83 galdu zuten gernikarrek, luzapenean

Atzo emakumezkoen saskibaloiko Erreginaren Kopa hasi zen, Salamancan. Final laurdenetan Naiara Diez kapitain altsasuarraren Gernika Lointek taldeak Rpk Araski talde gasteiztarra izan zuen aurkari. Erreginaren Kopako euskal taldeen arteko derbian, bi taldeak parez pare aritu ziren intentsitate eta erritmo altuko partidan, baina arabarrak ibili ziren finago. Lehen laurdenean Araski gailendu zen, 10 eta 17. Bigarren zatian Araskik tartea mantentzea lortu zuen eta 30 eta 41 aurreratu ziren gasteiztarrak. Hirugarren laurdenean ere bide horretatik joan zen partida eta 50 eta 58 zihoazen aurretik arabarrak, baina laugarren laurdenean Lointek Gernikak bikain erantzun zuen eta partida 75eko berdinketarekin despeditu zen. 

Horrela, berdinketa hausteko luzapena jokatu behar izan zuten bi taldeek. Bihotzekoa emateko moduko luzapena izan zen, inork ez baitzuen ezer oparitu, baina, azkenean, 80 eta 83 galduta, Erreginaren Kopari agur esan behar izan zion Naiara Diez altsasuarraren Gernika Lointekek.