Animaliei tratu txarra ematea egotzi diote altsasuar bati

Guaixe 2020ko mar. 6a, 14:44

Hildako ardiak.

“Oso baldintza txarreko instalazioetan” zituen animaliak. 11 ardi hilik aurkitu dituzte, desnutrizio larriko sintomak dituen txerri vietnamdar bat eta bi oilo.

Eraikin zahar batek usain handia zuela eta, bizilagunek Udaltzaingoari hots egin zioten. Agenteak untxien etxalde zahar bateko instalazioetara joan ziren, eta leiho batetik “baldintza oso txarreko” instalazioak ikusi zituzten. Bertan, egoera txarrean zeuden animalia batzuk eta hildako beste animalia batzuen gorpuzkiak eta gorpuak bizi ziren. Udaltzainek Nafarroako Gobernuko Abeltzaintza Zerbitzuari eman zioten gertatutakoaren berri, eta azken horiek Guardia Civilaren Natura Babesteko Zerbitzuari (Seprona); azken horrek hartu zuen bere gain ikerketa.

Sepronako agenteek, etxaldera sartzean, 11 ardi hilen hondakinak aurkitu zituzten, baita desnutrizio larriko sintomak zituen txerri vietnamdar bat eta itxuraz ardien gorpuak elikatuz bizirik iraun zuten bi oilo ere. Aldameneko beste gela batean txakur bat aurkitu zuten, itxuraz abandonatua.

Guardia Civilak ohar baten bidez jakitera eman duenez, 35 urteko gizonezko altsasuarra ikertzen ari dira. Animalia guztiak bereak ziren eta, horregatik, animaliei tratu txarrak ematea egotzi diote. Horretaz aparte, eraikina usurpatzeagatik ikertzen ari dira gizonezkoa. Izan ere, ustez baimenik gabe okupatu zituen animaliak giltzapetuta edukitzeko instalazioak, eta azken asteetan ez zituen bere gain hartu, harik eta agenteek aurkitu zituzten arte. Abeltzaintza Zerbitzuko albaitariek kudeatu zituzten hildako animaliekin egindako ekintzak, baita instalazioak desinfektatu eta bizirik zeudenak kendu ere.