Valentziako Alcasser herrian hiru neska hil zituzten XX. mendeko 90eko hamarkadan eta kasuaren inguruan sortutakoaz eta ekarri zituen ondorioez ari da liburua. Mugimenduko kide Gurutze Arregik hitzaldiari buruzko argibideak eman ditu.
Alcasser kasuak emakumezkoengan ondorioak izan zituen, ezta?
Ondorio latzak izan ziren. Ordura arte halako berriak gauza arraro, jelosia edo ez dakit zer gisa ematen ziren. Alcasser kasuarekin telebistek, eta beste hedabideek, buelta handia eman zioten emakumezkoak hil edo bortxatu zituzten kasuei. Kasu horretan 70 bat egunez nesken gorpuak ez zituzten opatu. Denbora horretan telebistek aprobetxatu zuten herritarrak, gurasoak, lagunak eta abar informazioa ematera konprometitzeko. Baina informazio lazkagarria, edozein informazio. Egunero telebistan ateratzen ziren. Halako portaera ikusten zen aurreneko aldia izan zen. Nazkagarria, oso-oso gogorra izan zen. Barjolak tesia egin zuen telebistek eta hedabideek Alcasser kasua nola tratatu zuten aztertuz, eta nola hortik aurrera jarraitzen duten jarrera berarekin. Tesiaren ondoren argitaratu zen liburua. Barjola liburua aurkezten Durangon ikusi genuen eta oso-oso ona da, ongi azaltzen du.
Liburuaren azpitituluan sexu-terrorea aipatzen da. Sakanara iritsi zen?
Bai. Gogoratzen dut nola aldatu ziren gure ohiturak: ezin duzu auto-stopa egin eta ez dakit zer gehiago. Liburuan jasotako lekukotzetan jasoa dago nola neska gazteei etxean esaten dieten ezin dutela festetara joan, ezin duzu… Neskei esaten diete prebentzioa izateko. Mezu hori bidaltzen dizute: zuk zaindu behar duzu, zuk ez duzu etxetik atera behar, zuk ezin duzu auto-stopik egin eta halakoak. Mezu hori, bai.
Zergatik gonbidatu duzue Barjola?
Ikasi behar dugu nondik heldu diren bidaltzen dizkiguten mezuak. Gaur egun gertatzen dena ez da gaur egun sortu den gauza bat, baizik eta urrutitik heldu da. Patriarkatua da. Hori ikusi eta ikasi behar dugu.
Zergatik Gure Etxea eraikinean?
Gaiak ondoren hitz egiteko ematen du eta Gure Etxea eraikinean erraztasun handiagoa ematen du. Jende gazteari galdetzen diezu eta, baietz esaten dute; denek dakite Alcasser kasua zer izan zen. Niretako sorpresa da.
Zergatik etorri beharko luke jendeak liburu horren aurkezpenera?
Hitzaldia ez da emakumezkoendako bakarrik, gizonezkoendako ere bada. Azkenean, egoera horiek sufritzen ditugunak emakumezkook gara. Emakumezkook ikusi behar dugu nola egiten diren mezuak. Ez dira bakarrik guri gertatzen zaizkigun gauzak, baizik eta denei.