Sakanako mugimendu feministak deitutako manifestazioan 2.800 pertsona inguru izan ziren Altsasun atzo. Antolatu indarrak. Batu borroka feministara! leloak adierazi bezala, mugimendu feministako kideek antolakuntzaren beharra azpimarratu zuten. Jakinarazi duenez, “azken aste eta hilabeteetan Sakanako hainbat herritan izan diren eraso sexistei elkarren babesarekin egin diegu aurre”. Hala jarraitzeko asmoa azaldu dute. Bestetik, antolatuta egin nahi baitiote aurre “pertsona gehienendako bizi-gaitza den jendarte honi, batez ere emakumezko eta genero disidenteondako, eta jasanezina planetarendako”.
Feminismoaren izaera kolektiboaren bidez aurre egin nahi diote. Izan ere, “neoliberalismoak hain eragin handia duen munduan, indibidualismo basati eta atomizatua sustatzen du, sare sozialek pasibotasuna eragiten dute, eta emakumezko langileon bizi-baldintzak gero eta prekarizatuagoak daude”. Horregatik, “etxeko eta zaintza-lanek jendartea sostengatzeko duten garrantzia aitortzea” aldarrikatu zuten. Horrekin batera, feminizatutako sektoreetako lan-baldintzak hobetzea aldarrikatu zuten. Horregatik babestu zituzten Nafarroako haur eskoletako langileak egiten ari diren ratioak jaisteko eta soldata igotzeko aldarrikapenak.
Alternatiba feminista
Mugimendu feministatik “berdintasun formalaren” kontra egin zuten. Baita “mugarik gabe kontsumitzeko edo pertsonak eta lurraldeak esplotatzeko berdintasunik ere, ez dugu munduko beste leku batzuetan eta gure inguruan emakume askoren esplotazioa sakontzen duten errezeta neoliberalik nahi”. Horren guztiaren aurrean, bestelako feminismo bat aldarrikatu zuten: “hainbeste ahaleginekin lortutako gizarte- eta politika-eskubideetan atzerapausoari aurre eginen” diona. Horregatik, Sakanako mugimendu feministak salatu zituen “eskubideen galera, ekologia hondamendia, gerra suntsitzaileak eta lurraldeen desjabetzeak salatu eta borrokatuko dituena; herrien suntsiketa eta erabakitzeko eskubidearen ukazioa; pertsonak haien etxeak uztera behartzen dituzten derrigorrezko desplazamenduak, eta hesi arantzatsuekin eta heriotza-politikekin jasotzen direnak; migrazio-politikek eta ultraeskuinak suspertutako arrazismoa eta xenofobia salatuko dituena”. Azpimarratu zutenez, “eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboari aurre eginen dion feminismo antifaxista defendatzen segituko dugu”.
Aldarrikatzen duten alternatiba feministaren oinarriak ere eman zituzten: “suntsitzen gaituen kapitalismo basatiari aurre egitea, xenofobia gure sozializazioaren parte bihurtuz eskubideak urratzen dituen arrazakeria instituzionala haustea, eredu zurrunetan eta errealitatetik urrun itotzen gaituen gorputzen merkantilizazioa eta binarismoa borrokatzea, kapazitismoa jo-puntuan jartzea, norberaren gorputzerako eskubidea, sexu- eta ugalketa-eskubideak, aniztasuna eta sexu-askatasuna defendatzea”.