Aste Santurako kontziliazioa prestatzen

Guaixe 2020ko mar. 16a, 09:58
Haurrak ludotekan.

Txantxari udal ludotekak Aisiaz Blai programa eskainiko du apirilaren 14tik 17ra. Gaurtik ostiralera eman ahalko da izena.

Lana eta etxekoen zaintza bateragarri egiteko Altsasuko Udalaren Txantxari ludotekak aisialdi programa eskainiko du Aste Santuan. Aisiaz Blai programa 3 eta 12 urte arteko haurrei zuzenduta dago. Apirilaren 14tik 17ra izanen da martxan, 08:30etik 13:30era. Talde hori sortuko ez balitz, 11:00etatik 13:30era arteko taldea eratuko litzateke. Izen ematea heldu den astelehenetik ostiralera egin daiteke 012 edo 948 012 012 doako telefonoetara hots eginez edo www.altsasu.eus web orriaren bidez. 

Ludotekatik jakinarazi dutenez, familia unitatearen diru-sarreren arabera pagatuko da. Horregatik errentaren araberako hamar tarte ezarri dira. Goiz osoko ordutegiaren kasuan 3 eta 19 euro arteko matrikula ordaindu beharko dute matrikula egiten dutenek. Eta horren erdia ordutegi murriztuaren kasuan. Hobariak eskatzeko aukera ere izanen dute Aisiaz Blai programako erabiltzaileek. Aisialdi programari buruzko informazio gehiago nahi duenak Txantxari udal ludotekara jo dezake, 948 467 471 telefonora hots eginez edo ludoteka@altsasu.net e-postara idatziz.