Lanbide Heziketako ikasleak Zelandikoen irakasle

Guaixe 2020ko mar. 17a, 10:06

Zelandikoak Lanbide Heziketa institutuko sukaldean, irakasleekin, prestatutako jakiak parean dituztela.

Sakana Lanbide Heziketa institutuan Mendekotasun egoeran dauden pertsonendako arretarako teknikari ikasketako ikasleek sukaldaritza osasuntsuko tailerra eman diete Zelandi eskola publikoko ikasleei.

Ikasi bitartean komunitateari zerbitzu bat ematea. Filosofia hori Sakana Lanbide Heziketa institutuan txertatuta dute. Ziklo guztietako ikasleek beraien ikasketak garatzen dituzten bitartean ikastetxea gainditzen duen proiekturen batean parte hartzen dute. Horrela, komunitatea euren jakintzaz baliatzen da eta ikasleak, praktikaren bidez, ezagutzak eta gaitasunak barneratzen dituzte. 

Hori da ikasketa-zerbitzua. Eta hura prestatzeko urtero Sakanako herri eskoletako 5. mailako ikasleek Lanbide Heziketa institutua bisitatzen dute. Haren eskaintza goitik behera ezagutzeko modua da. “Ziklo bakoitzean haien alde egin ditzakegun gauzak, edota eman ahal dizkiegun zerbitzuak aldez aurretik pentsatuta izaten ditugu. Beraiei erakusten diegu. Edo proposamenak egiten dizkiegu”, azaldu digu Mireia Saez Bengoetxeak, Mendekotasun egoeran dauden pertsonendako arretarako teknikari ikasketak zikloko irakasleak. Orduan proposatu zieten ikasleei elikadura osasuntsua proiektua garatzeko aukera. 

Mireia Saez Bengoetxea, 
Lanbide Heziketako irakaslea 
Joan den urtetik, beraz…
Garagarrilean Zelandi eskolako zuzendari Amaia San Romanek hots egin zigun jakinarazteko ikasleek sukaldaritza tailerretan interesa azaldu zutela. Proiektu berria kudeatzen hasi nintzen, moduluko eduki guztiak honen bitartez landu ahal izateko. Gainera, Altsasuko Udalak dirulaguntza  eskaintzen zuela jakin genuen garagarrilean. Bai ziklo honetako eta gainontzeko zikloetako proiektuetarako dirulaguntza eskatu genuen, eta onartu zigun. Gure kasuan diru hori elikagaiak eta beharrezko materialak erosteko erabili dugu: txanoak, mandarrak… 

Sakanako herri eskolen koordinatzaile Lierni Galarragarekin irailean elkartu ginen, eta hark Sakanako Garapen Agentziaren (SGA) berri eman zigun, gure helburuekin bat egiten zuela ikusi zuelako. Sukaldaritza tailerren hasierako oinarria zen dieta osasuntsua izatea eta bertako produktuak erabiltzea. SGAko elikadura teknikari Nerea Vianarekin harremanetan jarri nintzen. Beraiekin elkarlanean ari den Xalok zentroko Ana Carmen Uharte nutrizionistarekin harremanetan jarri gintuzten. SGAri esker Uharteren elikadura osasuntsuaren eta bertako produktuekin egindako tailerraz disfrutatu eta ikasi dute gure ikasleek. Haiek pagatu dituzte tailerrok. Beraien laguntza uneoro izan dugu, denboraldiko produktuak zein diren jakiteko eta hori oinarri hartuta gure menuak planteatzeko. Ondoren, Zelandi eskolako 4., 5. eta 6. mailako zortzi eta hamar ikaslerendako bi saiotako tailerrak antolatu eta garatu dituzte. 

Zelandikoendako sukaldaritza tailerrak noiz izan ziren? 
Otsailaren 7an eta 28an. Emaitza, egia esan, oso arrakastatsua izan da. Baina oraindik ere lanean segitzen dugu. Kimua ikasketa-zerbitzu proiektuen jardunaldietara eramanen dugu gure proiektua, institutuko beste batekin batera.

Menu osasuntsuak egin dituzte. Proiektu horrek biltzen duena ez da hori bakarrik, ez?
Modulua etxerako laguntza da. Sukaldaritza ukitzen da, baina garbiketa ere oso garrantzitsua da. Garbiketarekin batera izan behar duten higiene-jarrera. Hartu beharreko segurtasun neurriak zein diren. Toxinfekzioen prebentzioa. Sukaldeko arriskuak. Hori guztia barneratzen saiatu gara proiektu honen bitartez. Eskuen garbiketa ere irakatsi genien Zelandiko ikasleei. Jarraitu beharreko hamar pauso horiek.

Zikloa mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta egiteko da. Kasu honetan ez da horrela izan. Ikasleek ezaugarri eta behar desberdinak zituzten. Erritmo desberdin bat ikasteko ere. Ikasleek hori oinarri hartuta, sukaldaritza tailerreko plangintza guztia egin behar izan dute. Egokitzapenak-eta egiten ere ikasi dute.   


Xabier, Nerea eta Argider
Lanbide Heziketako ikasleak 
Etorkizuneko chef-ak?
N. Zikloa egiten dugunok, nutrizio tailerra bukatu genuenean, erabaki genuen Zelandi eskolan sukaldaritza tailer batzuk antolatzea. Guztion artean Etorkizuneko chef-ak izena jartzea erabaki genuen. Menuak ere guk hautatu genituen, oinarritzat hartuz ikasitako edukiak eta dieta osasuntsuaren garrantzia. Gainera, bertako produktuekin egitea erabaki genuen, horien kontsumoa sustatzeko. Osasunarendako eta prestatzeko garaian dituzten abantailak kontuan izan genituen. 

Nekazari eta abeltzain horiekin harremanetan egon zarete?
N. Viana etorri zen nutrizio tailerretarako jakiak ekartzera eta azaldu zigun nondik zetozen, etxean gaudela, etorkizunean jakiteko gauzak non erosi behar diren. Tailerren aurretik Zelandiko ikasleei menuen berri eman genien, alergia edo intolerantziaren bat bazegoen, jakiteko eta neurriak hartzeko. 

Zein menu prestatu zenituzten?
A. Aurreneko menua izan zen: makarroiak barazkiekin, oilasko bularkiak plantxan azalore eta patata-xerra egosia bexamelarekin, eta postrea denboraldiko fruta irabiatua prestatu genuen. Eta dena oso ona. 

Non prestatu zenuten?
A. Institutuko sukaldean egin genuen, eta Zelandiko ikasleak gurera etorri ziren. Bigarren eguneko menua izan zen: kalabaza krema, indioilar haragi-bolak (egiten oso gustura egon ziren, baina nazka pixka bat ere ematen ziren) eta postrerako denboraldiko fruten burruntzia jogurtez zein txokolatez bustita.  

Zer moduzko harrera izan zuten menuek? 
X. Arrakasta izan zuten. Gure ezagutzak ikasleei transmititzen saiatu ginen. Balorazio bat eman genien, bete zezaten eta, ondorioz, ikusi dugu beraiek ikasi dutela. Gu Zelandi eskolako ikasleen ezaugarri eta beharretara egokitu gara. Errezetak beraiek autonomiarekin prestatu ahal izateko, gu laguntzaile izan gara. Sortutako giroa oso atsegina izan da, konfiantzazkoa eta, orokorrean, oso gustura egon gara.

N. Oso gustura egon ginen. Haurrekin hasieratik izan dugun harremana oso polita izan da. Hasieran finkatu genituen rol batzuk, ikasle bakoitzak hartzeko, guk irakasteko. Baina azkenean, guztiok elkarlanean aritu ginen. Eta denon artean egin genuen, ikasleek pauso guztiek jakiteko. 



Ainitze 
Zelandi eskolako irakaslea
Nola etorri zen proiektu hau? 
Ikastetxean berrikuntza proiektu bat martxan jarri da, aurreko ikasturtean hasi zena. Aurreko kurtsoan hazitik sukaldera izan zen. Eta honetan, berriz, baratzetik sukaldera. Zelandin ere proiektutxoak badira eta, azkenean, horrekin lotura zuzena izan du. Aurreko kurtsoan baratza sortu zuten. Aurten bertako produktuekin errezetatxo batzuk egitea izan da. Sukaldaritza tailerrerako gonbidapena zuzendaritzatik iritsi zitzaigun guri. Guretako horrelako gonbidapen bat jasotzea oso-oso aberasgarria izan zen, hasieratik. Polita. Gure ikasleendako oso aberasgarria izanen zela pentsatu genuen. Ez genuen zalantzarik izan baiezkoa esateko. 

Nola ikusi dituzu ikasleak saltsan zeudela? 
Ongi esan duzu, saltsan. Oso-oso gustura aritu dira. Beraiendako ere gelatik ateratze hori eta beste testuinguru batean egotea aberasgarria delako, guztiendako. Beraien burua beste egoera batzuetan ikustea ere ona, polita delako. Beraiek bere buruarekin harritu dira, zenbateraino gai izan diren aurrean zuten hori prestatzeko. Laguntza hori izatea. Oso pozik egon dira. Guk hori ikusi izan dugu. Batez ere azpimarratuko nuke Lanbide Heziketako gazteekin izan duten harremana, oso polita izan dute. 

Eta irakasleak, zer?
Ez ikasleak bakarrik. Irakasleak ere pixka bat harrituta gelditu gara; higiene eta garbitasunari lotuta, eskuak garbitzeko bakarrik, zer nolako pausoak jarraitu behar diren. Hori ez genekien. Eta gauza berriak ikasi ditugu. 


Tania. 
Zelandiko ikaslea
Sukaldean hasi baino lehen asko ikasi behar izan duzue?
Bai. 

Zeinek kontatu dizue nola egin behar diren gauzak, Lanbide Heziketako ikasleak edo irakasleek? 
Zintzoa izaten, biak. 

Zeinekin moldatzen zara hobekien? 
Ikasleekin. 

Haragi-bolak egiten nazka pixka bat pasa zenutela esan digute. Hala da?
Bai. Egiten hasi ginen uste genuelako egiten errazak zirela. Baina haragia eta arrautza nahastea bai, nazka pixka bat. 

Zein da gehien gustatu zaizuen menua?
Guri gustatu zitzaigun kalabaza krema, indioilar haragi-bolak eta denboraldiko fruta-burruntziak.

Azken horiek zein fruta zuten?
Marrubia, laranja, kiwia eta sagarra. 

Ikasitakoa etxean egin duzue?
Ez, etxean ez didate sukaldean gauzak prestatzen uzten. 

Errezetak jaso dituzue?
Bai. Lanbide Heziketako irakasleen bidez jaso ditugu errezetak, beraiek ere, nahi badute, etxean jarraipena emateko.    

Zer iruditu zaizu esperientzia?
Esperientzia hau gustatu zait gehien, nire lehen aldia izan delako. 

Ikasteaz aparte, lagunak egin dituzu?
Bai. 

Prestatutako menuak goizez jan dituzue? 
Bai. Goizean gosaldu, gero prestatutakoa hamaiketakoan, eta gero etxean bazkaldu. 

Horrelako esperientzia gehiago izanen zenituzke?
Bai. 

Erlazionatuak

"Ikusi dugu beraiek ikasi dutela"

Guaixe Irratia 2020 mar 18 Altsasu