Migratzaileen kontrako gerra eteteko eskaria

Guaixe 2020ko mar. 13a, 11:14
Greziako errefuxiatu eremu bat.

Gaur, 19:00etan, Altsasuko udaletxe parean kontzentrazioa antolatu du Sakana Harrera Haranak. Grezia eta Turkiaren mugan eta Balkanetako norabidean joaten diren pertsonen giza eskubideen urraketa salatuko da.

Sakana Harrera Haranak azaldu duenez, “maila ikaragarrira iristen ari den katastrofe-egoera eragiten ari dira Mediterraneoaren ekialdean, alde batetik, Siriako gerraren gorakada. Eskualde eta munduko potentzia handiekin batera erregimen tiraniko batek siriar eta kurdu herrietan genozidioa eragitea erabaki du, eta Siriako populazioaren desplazamendu masibo bat eragin du”. Sakana Harrera Haranak gaztigatu duenez, Mediterraneo ekialdean “beste herrialde batzuetatik eta beste gatazka batzuetatik etorritako migratzaileen poltsa erraldoiak” ere badaude. 

Horregatik, Sakana Harrera Haranak Grezia eta Turkia eta Turkia eta Siria arteko mugak ixtea salatu du. Bestetik, bi herrialdeetako poliziek eta militarrek errefuxiatuekiko duten jokabide krudel eta ankerra salatu dute, “errefuxiatuen egoera helburu politikoekin erabiltzen” ari dira. Horregatik, Turkiako Gobernuari eskatu dio Siriarekin dituen mugak ireki ditzala, “gerratik ihesi doazen pertsonei tratu humanitarioa eman diezaiela eta ez dezala erabili migratzaileen eta errefuxiatuen egoera, ez Siriako iparraldean dituzten plan politikoetarako, ez Europar Batasunarekin dituzten negoziazioetan kontzesioak lortzeko”.

Greziako Gobernuarendako ere baditu eskaerak Sakana Harrera Haranak: “mugak ireki ditzala eta, bere politika errepresiboa eta Turkiarekin muga egiten duen itsasoan egindako maniobra militarrak bezalako mehatxuak alde batera utzita, tratu humanitarioa eman diezaiela Europar Batasunean sartu nahi duten pertsonei, Europa erdialderako bidean Greziatik mugitzeko duten eskubidea bermatuz”.  Eta salatu dute Greziako eta Hungariako gobernuek iragarritako asilo-eskubidea etetea Genevako konbentzimenduaren urraketa nabarmena dela.

Egoera bideratzeko Europar Batasunari ere zuzendu zaio taldea: “mugak ireki eta Europara gerratik edo muturreko pobreziatik ihesi iristen den jendea bizitzera behartzen duten baldintzak konpon ditzala”. Aldi berean, eskatu ditu “ibilbide legal eta seguruak ireki ditzala, gatazketatik eta jazarpenetatik ihesi doazen pertsonek bizitza arriskuan jarri izan ez dezaten hona iristeko, mugetan giza eskubideak errespeta ditzala eta pertsonak babes ditzala”.

Sakana Harrera Haranak dei egin die “Europa hegoaldeko mugaren itxieran eta Europan Turkiarako armen salmentan zuzenean inplikatuta dauden Espainiako eta Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuei” jarduera horiek bertan behera uzteko. Azkenik, Europako eta Euskal Herriko gizarteei eskatu die egoeraren aurrean geldi ez gelditzeko.