Mendia

"Sari honek aurrera jarraitzeko motibazioa ematen dizu"

Maider Betelu Ganboa 2020ko mar. 16a, 11:01

Martxoaren 8an, Elgetan, Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien 2020ko Zirkuitua hasi zen. Bertan, Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutako Hiru Mendi Zerrak 2019ko Zirkuituko ibilbide onenaren saria jaso zuen

Igandean Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien 2020ko Zirkuitua hasi zen, Elgetako ibilaldiarekin. Aurten 23 mendi ibilbidek puntuatzen dute Zirkuituan, tartean apirilaren 4an Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutako XIII. Hiru Mendi Zerrak eta apirilaren 15ean Iratxo elkarteak antolatutako XXXI. Sakanako Ibilaldiak. Elgetako ibilaldia bukatu eta gero, Euskal Herriko Mendi Federazioak 2019ko Zirkuituko sariak banatu zituen, eta sari horietako bat Sakanara etorri zen; hain zuzen ere, Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutako Hiru Mendi Zerrak 2019ko Zirkuituko ibilbide onenaren saria jaso zuen. Andres Bengoetxeak azaldu digunez, “egun ederra” pasa zuten. 

Nork antolatzen ditu Zirkuituko sariak?
Euskal Herriko Mendi Federazioak. Federazioa da Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuitua antolatzen duena, eta Euskal Herrian barna prestatutako 20tik gora ibilbidek puntuatzen dute bertan. Joan den urtean, 2019an, tartean Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutako Hiru Mendi Zerrak eta Iratxo elkarteak antolatutako Sakanako Ibilaldiak puntuatzen zuten. Denboraldia bukatzerakoan, 2019ko abenduan, Zirkuituan parte hartu zuten klub eta talde guztiak Gasteizen bildu ziren, Mendizorrotzan, Euskal Herriko Mendi Federazioak deituta, eta 2019ko ibilbideen balorazioa egin zuten; balorazioa eta analisia egin eta gero, Zirkuitua sariak zehaztu zituzten. Eta horretaz gain, 2020ko Zirkuituko egutegia zehaztu zen. Aurten ere XIII. Hiru Mendi Zerrak eta XXXI. Sakanako Ibilaldiak puntuatuko dute. 

Eta Altsasuko Mendigoizaleak taldeak, zehazki, zein sari jaso du?
Gure klubak antolatutako Hiru Mendi Zerra ibilbideak 2019ko Zirkuituko ibilbide onenaren saria jaso zuen. Zehazki, gure martxaren ibilbidea bera izan da saritu dutena: gure martxaren ibilbide mota –lehenik eta behin Urbasa, gero Altzania eta azkenik Aralar ukitzen ditu gure ibilbideak–, ibilbidea ongi markatua dagoela, antolakuntza… guztia saritzen da, finean. Horretaz gain, Zirkuituko ibilbideetan parte hartu zuten mendizaleak saritu zituzten. 

Igandean jaso zenuten saria, ezta?
Bai, 2020ko Zirkuituko lehen iraupen luzeko ibilbidean, Elgetan. Lehenik eta behin martxa egin genuen eta, bukaeran, sari ematea izan zen. Guk 2019ko Zirkuituko ibilbide onenaren saria jaso genuen, diploma eta 400 euroko saria. Txuma Morcillo, Javier Zelaia, Juanma Caro eta ni neu izan ginen, eta pozik jaso genuen saria. Egun ederra izan zen. 

Saria jasotzeak ilusioa egin dizue?
Bai, bereziki saria jaso izanak aurrera egiteko motibatzen gaituelako. Hori da garrantzitsuena. Hiru Mendi Zerrak martxa behar bezala prestatzeko lan handia egin beharra dago. Lan asko. Beti gainean egon beharra dago, akatsak atzematen dituzu eta batzuetan kritikatua sentitzen zara… baina halako sari bat jasotzeak aurrera jarraitzera animatzen zaitu. 

Beraz, Hiru Mendi Zerrak eta halako martxa luzeak antolatzeko uste baino lan handiagoa dago atzean. 
Pentsa, ibilbidearen egunean 60 pertsona inguru aritzen gara antolaketan: mendizaleak guneetatik pasa izanaren kontrola egin behar da, ibilbidearen kontrola, hornidura guneak antolatu, guztia bildu eta garbi utzi… Eta ibilbidea baino lehen baimenak eskatu behar dira, izena-ematea kudeatu behar da, ibilbide guztia markatu, hornidura gunerako beharrekoak erosi, antolatu, opariak prestatzen… eta ikusten ez den lan pilo bat. Ibilbide luze bat ez da hiru ordutan despeditzen den ekitaldia. Goizeko 7:00etan jaurtitzen dugu hasierako txupinazoa eta 19:00etan oraindik mendizaleak helmugara iristen ari dira. Eta partaide asko izaten dira; 700 mendizale aritzera iritsi gara. 

Aurtengo Hiru Mendi Zerrak noiz izanen da?
Apirilaren 4an. Dagoeneko izena ematea zabalik dago (www.zirkuitua.com) eta jendea hasi da inskripzioak betetzen. Aurtengoa 13. edizioa izanen da. 

Saria jaso izana nabarituko da ezta? Prestigio gehiago emango dio zuen probari?
Halako gauzek beti laguntzen dute, eta onerako bada, ongietorria izan dadila. 

Hortaz, martxa antolatzen buru belarri ariko zarete.
Bai, Hiru Mendi Zerrak prestatzeko taldeka egiten dugu lan. Kontrolen taldea lanean dago, hornidurena ere, eta baita beste guztiak ere. Martxa izan baino 15 egun lehenago hasten gara ibilbidea markatzen eta guztia prestatzen. 

Ibilbidea betikoa izango da, ez?
Bai. Lehen Altsasuko Mendigoizaleak antolatzen genuen “Altsasuko Perimetroaren ibilbidean” oinarritutakoa da. Altsasuri buelta ematen genion menditik, eta 35 km inguruko ibilbidea egiten genuen. Baina Zirkuituan sartu ginenean ibilbidea luzatu egin behar izan genuen, martxa luzeek 40 km-tik gora izan behar dituztelako. Eta horrela sortu genuen Hiru Mendi Zerrak, Altsasuko Perimetroko ibilbidea handituz (48 km, 2.700 m desnibel metatua). Martxa handiaren estimazioa 11 ordutik gorakoa da. Horretaz gain,ibilbide laburragoa egiten dugu, horren luzea egin nahi ez dutenendako, gutxi gorabehera 7-8 ordukoa, baina Zirkuiturako puntuatzen duena ohiko ibilbidea da, luzea. Hasieran mendizale guztiek Altsasutik Urdiainera jotzen dute. Urdiaindik Urbasa-Andiara igotzen dira, Portuazpitik, eta aipatu parke naturala zeharkatuz, Bargagaingo gurutzera heltzen dira. Portutik barna, Gainsolera helduta, Ziordia herriraino jaisten dira, bertako hornidura gunean atsedena hartzeko. Segidan, ibilbide motza aukeratzen dutenak partzelarietatik barna eta Cementos fabrikako atzealdetik Altsasura ailegatzen dira, eta, aldiz, ibilbide luzea hautatzen dutenak Kipular igotzen dute, gero Orobeko antzinako harrobitik jaisteko. Ondoren, Sorozarreta jaitsi eta segidan Balankaleku eta Intxusburu igotzen dituzte. Handik jaisten dira, Sarabetik, eta San Pedrotik eta Basoitxitik barna Altsasuko Gure Etxera heltzen dira. Ibilbide luze eta gorabeheratsua da, eta ongi kontrolatu behar da, mendizaleren bat despistatzen bada adi egoteko. Izan ere, ez da zirkuitu itxia. 

Lehen Gure Etxea zen irteera eta helmuga, eta orain, aldiz, frontoia.
Joan den urtean Gure Etxea okupatuta zegoen eta frontoian egin behar izan genuen irteera eta helmuga, eta konturatu ginen askoz hobea zela. Izan ere, goizeko 5:30etarako zabaldu behar duzu kontrol gunea, mendizaleak erregistratzen hasteko, eta jende asko datorrenez mendizaleak askoz hobe daude frontoian babestuta kalean baino, Gure Etxean toki oso gutxi baitago. Eta eguraldi txarra egiten badu, are gehiago. 

Zuena 2019ko Zirkuituko ibilbide onena izan zela behar bezala ospatu zenuten?
Gustura egon ginen Elgetan, egun bikaina pasa genuen, eta pozik etorri ginen Altsasura. Gorakadarekin. Normalean ez gara zorionak ematekoak, bakarrik kritikak edo gaizki egindakoak aipatzen dira, eta, begira, sari bat jaso dugu, beraz, ez dugu horren gaizki egiten ezta?