Patxi Calleiras Benito
Elkartasun sarea
Altsasuko elkartasun sarea gazte asanbladatik sortu da?
Bai. Larunbatean hitz egiten aritu ginen, jakin genuenean igandean alarma egoera ezarriko zela. Euskal Herriko beste herrietako esperientzien berri izan genuen: Agurain, Gasteiz, Iruñea… Informazioa lortu genuen eta interesgarria iruditu zitzaigun. Egon daitekeelako, benetan, jendea beharra duena. Krisiak sortu ditzakeen gabeziei erantzuteko herri bezala ditugun gaitasunak antolatu eta krisiak langileen bizi baldintzen okerragotzea lortu ez dezan. Hori zen gure ideia nagusia. Horregatik ikusten genuen beharrezkoa sortzea.
Nola ari zarete antolatzen?
Larunbatean oraindik ez zegoen alarma egoerarik biltzeko aukera izan genuen. Larunbatean hitz egin genuen nola izan behar zuen, nola egituratu, zer osasun protokolo egin, nola koordinatuko genituzke eskaerak eta gero boluntarioak. Horri buruz hitz egiten aritu ginen eta, azkenean, domekan publiko egin genuen. Domekan bertan 30 boluntario prest zeuden lan egiteko. Orain 60 bat boluntario daude prest lan egiteko. Kristoren erantzuna izan du. Eta eskertzekoa da.
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin koordinatuko zarete?
Haiekin aurreneko kontaktua egin zen. Gehiago sakondu beharko da koordinazio horretan. Hasieran ere, pixka bat beharren analisia egiteko, hitz egin genuen hiru ikastetxeetako guraso elkarteekin: Zelandi eskola, Iñigo Aritza ikastola, Sagrado Corazon ikastetxea. Bi kontaktu horiek eginak ditugu.
Lanean hasi zarete dagoeneko?
Oraindik antolaketa lanetan gaude. Eman nahi dugun lehen pausoa da behar horiek dituen jendea elkartasun sarearen berri izatea da. Horregatik, portalez portal joan gara. Banaka izan da, kalera banaka atera daitekeelako. Herria zatitu dugu eta bakoitzak alde bat izanen du. Etxe guztietara iritsi nahi genuen. Agian sare sozialetatik jende askori ez zaio iristen, adinekoak-eta. Jendeak jakin dezala laguntzeko prest dauden herritarrak badaudela.
Komeni zaizue boluntario poltsa handitzea? Edo nahikoa da?
60 pertsona asko dira. Gainera, jendeak daukan prestutasunarekin ez da arazorik egonen. Lan egiteko prest dagoen edonor ongi etorria izanen da. 60 pertsonarekin, nik uste, ongi moldatu gaitezkeela.
Alarma egoera gazteek nola hartu duten. Fokua hor jartzen ari dira.
Hasieratik gazte asko egon dira etxean sartuta, alarma ezarri baino lehen. Eta ezarri zenetik, gazteak herriko beste edozein pertsona bezala hartzen ari dira gaia. Are gehiago, gazteak ez garenez arrisku sektorea, beharrezkoa ikusten genuen etxetik atera ezin diren arrisku sektoreak laguntzea, edo lanera joatera behartuta daudenak eta haurrak dituztenak, edo aiton-amonen bat zaintzeko zailtasunak dituzten familiak eta abar, bada, laguntzeko prestutasuna agertu genuen.
Orain, etortzen diren beharrei erantzutera?
Hori da. Hasiera batean, gure ustez, gehien egonen den beharra erosketak izanen dira. Erosketen gaia nola egin pentsatzen hasi gara. Boluntarioei galdetu diegu eta haurrak, adinduak, behar berezietakoak zaintzeko prest daude. Jendea alor espezifiko horietan laguntzeko prest dagoela esan du. Jendeari beste behar batzuk bururatzen bazaizkio eta laguntza eskatzen badu, koordinatuko genuke. Hori bai, dena telefono mugikor bidez egiten ari gara.