Altsasuko Sagrado Corazon ikastetxeko zuzendaritza taldeko Eva Urizek eta Julian Ruizek egoera berrira nola moldatu diren azaldu dute.
Non daude irakasleak?
Astelehenetik aurrera irakasleak etxean dira. Astelehenean 09:00etan etorri ziren ikastetxera, irakasle bakoitza gela batera. Klaustro guztia, 24 pertsona. Han desinfektatutako ordenagailua zuten. Bideokonferentziak praktikatu eta gorabeherak konpontzeko. Behin hori eginda, irakasle bakoitza bere etxera joan zen.
Eta zuzendaritza taldekoak?
Pertsona bakoitzak lan egitea erabaki duen tokian dago. Hiru ikastetxean eta beste bi etxetik ari dira.
Hezkuntza arreta ez presentziala bermatu behar duzue. Ahalegin berezia eskatzen dizue?
Bai. Programazioak irakaskuntza-praktika presentzialari zuzenduta zeuden nagusiki. Horren ondorioz, komunikazio bide batzuetara eta hainbat metodologiatara egokitu behar izan dugu.
Azken urte hauetan irakasleek jasotako prestakuntzak asko erraztu du egoera berri honetara egokitzea.
Gaur egun ikasle guztiek gailu digitalak dituzte?
Etaparen arabera. Lehen Hezkuntzan, gure familia askok ez dute urrutitik lan egiteko behar den baliabiderik. Bigarren Hezkuntzan, ikasle gehienek ordenagailu bat eta urrutitik lan egiteko baliabideak dituzte.
Aurretik bitarteko digitalak erabili dituzue ikasleei lanak bidaltzeko-edo?
Bai. AulaPlaneta, Moodle, Google Classroom, Alexia... plataformekin lan egiten dugu ikastetxean. Egoeraren ondorioz, erabilera handitu egin da, eta ez da beharrezkoa izan irakasleak bereziki prestatzea.
Ostiralean jada materiala eta lanerako jarraibideak eman genizkien gurasoei. Nahiz eta eragozpen digitalengatik pazientzia pixka bat eskatu zaien.
Astelehenaz geroztik ari gara Bigarren Hezkuntzako ikasleekin digitalki lanean. Lehen Hezkuntzako ikasleek gehiago lan egiten dute liburuekin, eta irakasleekin harremanetan egoten dira posta elektrikoaren bidez.
Hezkuntza zikloetan ez da gauza bera izanen Hezkuntza arreta ez presentziala bermatzea. Nola egiten da Haur Hezkuntzan?
Haur-hezkuntzako irakasleek etxean egiteko jarraibideak eman zizkieten familiei ostiralean. Gurasoek egoera gainditzeko estrategiak izan ditzaten jarduerak eta proposamenak argitaratzen dituzte blogean egunero. Irakasleekin hitz egin behar badute, posta elektrikoaren bidez egin dezakete.
Lehen Hezkuntzan?
Ostiralean irakasleek liburuak eta lehen hamabost egun horietan jarduerak egiteko material suntsikorra eman zuen. Eguneroko lan egutegi bat proposatu zuen. Horretaz aparte, Alexia plataforman argitaratzen dituzte eguneroko jarduerak. Ikastetxeko sare sozialetan egunero argitaratzen ditugu hezkuntza-jarduera arruntak. Gurasoek irakasleen posta elektronikoak dituzte haiekin harremanetan jartzeko, beharrezkoa den guztietan. Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloan ere Google Classroom plataformarekin lan egiten da.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan?
Ikasleei liburuak ostiralean eman zitzaizkien, bai eta laneko argibideak jasotzen dituen dokumentu bat ere. Horien artean 09:00etatik 14:00etara arteko lan-ordutegia dago, landu beharreko irakasgaiekin. Ordutegi horri jarraituz, irakasleak lan-plataforma desberdinetara konektatzen dira (Classroom, Moodle, AulaPlaneta, irakasleen blog-webguneak...), zalantzak argitzeko eta ikasleek egindako lana zuzentzeko.
Irakasle batzuek komunikazio zuzena eta arina dute ikasgelako whatsapp taldeen bitartez. Jarduera guztiak ez dira curriculumekoak, familia osoak egin beharreko jarduerak ere bidaltzen dira. Bestalde, ez dugu baztertzen bideokonferentzia bidez klaseren bat ematea.
Ikasleek zer moduz hartu dute?
Antza, ongi. Pozik gaude, jarduerak ezarritako ordutegiaren barruan eta nahikoa ganoraz egiten ari direlako. Arazo digitalak izan dituztenek astelehenetik bertatik jakinarazi dituzte whatsapp bidez, eragozpen horiek konpontzeko.
Zein alde dago aurrez aurreko klase batekin?
Zuzeneko harremanak asko lasaitzen ditu ikasleak, eta irakasleei erraztasunak ematen dizkie entzute aktiboa, ulermena eta parte-hartzea hautemateko. Irakasleak, begirada bakar batekin, gai dira jakiteko ikasleek azalpena ulertu duten, adi-adi dagoen... Hiru egun daramatzagu eta faltan botatzen ditugu, sinestezina dirudien arren.
Zenbat ikasleren kasuan izanen da eskolakoa euskararekin harremana izanen duten une bakarra?
Gure ikasle askorendako. Izan ere, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleendako handicapa izan da.
Hezkuntza Departamentuak bitartekoak eman dizkizuete?
Ahal izan duena eman du Hezkuntza Departamentuak. Irakasleek baliabide gehiago bilatu dituzte beste bide batzuengatik, ez dagoelako bide osotu bat.
Korazonistak sareko ikastetxeen babesa duzue?
Bai, beste zentro korazonistekin harremanetan gaude. Egoerak ez du gure harremana aldatu, ikasturtean aldian behin bilerak egiten ditugu gure lana partekatzeko. Gasteizko ikastetxea astebete lehenago itxi zuten, eta ikasleak eta familiak animatzeko bideo bat egin dute, partekatu egin duguna.
Honetan guztian zein da gurasoen egitekoa?
Funtsezkoa. Haien laguntzarik gabe, oso zaila izanen da hezkuntza-errutinari eustea, ikaskuntza-prozesuarekin jarraitzeko. Gure ustez, egoera hori arazo bat izan daiteke, eta, horregatik, irakasleek gurasoen esku jarri dute posta elektroniko pertsonala, laguntzeko eta zalantzak argitzeko harremanetarako zuzeneko bide gisa.