Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, bere haur eskolan, Txirinbulon, umeen aurrematrikula egiteko epea bertan behera utzi du. COVID-19 koronabirusak eragindako alarma egoerak behartu du udala aurrematrikula epea etetera. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, “egoera bere normaltasunera bueltatzen denean, epealdi berriaren datak jakinaraziko dizkizuegu”.
Hala ere, Txirinbulo udal haur eskolan seme-alabak matrikulatzeko interesa duten familiek www.altsasu.eus web orrian dute gerora indarrean jarriko den deialdiaren nondik norakoak. Bide batez, haur eskolatik arduraz jokatzeko eskatu dute, “ez atera etxetik beharrezkoa ez bada”.