Covid-19 birusa Gasteiztik sartu zen Euskal Herrira. Bertan hasi ziren kutsatuen kasuak igotzen, eta prebentzio neurriak hartzen lehenengo hiriburua izan zen. Erkuden Salgado Galanek gertutik bizi izan du osasun krisialdia; Txagorritxuko larrialdietan lan egiten du. Egoera baretu dela esan du.
Covid-19 edo koronabirus egunerokotasunaren hitz bat bihurtu da. Baina zer da?
Agertu berri den birus bat da. Coronavirus familiakoa da eta familia honi buruz ere gutxi dakigu. Oso kutsakorrak eta arnas sintomak ematen dituzten birusak dira.
Munduko Osasun Erakundeak pandemia izendatu du, zergatik?
Oso kutsakorra delako. Herritar guztiengana hedatzen da, eta mundu mailan eragiten du.
Zer gertatu zen Gasteizen?
Kutsatu batzuk izan ziren, eta denbora gutxian biztanleriaren zati handi batengana hedatu zen. Lehenengo egunak ezjakintasunez bizi izan genituen. Ez genekien zer nolako dimentsioa hartuko zuen.
Eta orain nolakoa da egoera?
Aldakorra. Egunetik egunera aldaketak ematen dira, eguneko egoera baloratu ondoren. Protokoloak eta gomendioak hobetzen saiatzen dira egunero, eta egunean gauden mediku eta erizainen artean antolatzen dugu eguna.
Nola bizi izan duzue krisia larrialdietan?
Egia esan jendeak egoera ulertu du. Larrialdietara etortzen den jendearen bolumena asko jaitsi da. Etortzen den jendea benetan larria den gauza batengatik etortzen da.
Nola egin diozue aurre?
Kontsultak telefonoz egiten ditugu. Kontsultaren arabera, arnas sintomak dituztenak, mediku batek baloratu beharrekoak, kontsulta espezifiko batzuetara bideratzen ditugu. Arnas sintomak ez direnak kontsultan ikusten ditugu. Berez, birusarekiko gure esposizioa jaitsi da.
Zabaldu den beldurra justifikatuta dago?
Birusari beldurra ez zaio izan behar. Errespetua, bai. Jende gazteak eta gaixotasunik ez duen jendeak ez dio zertan beldurrik izan. Konplikazioak egon daitezke, bai, baina ez da aipatu dudan pertsona multzo horretan ohikoena. Aldebiko neumonia da ikusten ari den konplikazioa. Pertsona gazteetan ere ikusi dira kasuak, baina ondo egin diete aurre. Beraz, arazoa konplikazioa izan dezaketen adineko jendean dago.
Eta nola egin aurre beldurrari?
Esan bezala, beldurra ez zaio izan behar, errespetua, bai. Argi izan behar dugu nahiz eta gazteengan konplikazio gutxi agertu, birusa helduengana ez iristeko neurriak jarri behar ditugula.
Zein urrats eman behar dira orain?
Saiatu behar gara lehen arretan pazienteak artatzen ospitalera ez iristeko. Ospitalea goraino dago momentu honetan, beraz, saiatu beharko gara larriak ez diren kasuak lehen arretan tratatzen.
Zeintzuk dira aurrikuspenak? Hobera egin duela ikusten duzue?
Gasteizen kasu grafikoaren tontorra hurrengo asterako aurreikusten da. Isolamenduarekin eta hartutako neurriekin tontor hori oso altua ez izatea espero dugu.
Itxialdia nabaritu da?
Oraindik ikusteko dago. Kasu gutxiago egon direla diote, baina egia esan proba gutxiago egiten dira, beraz ezin jakin.
Nola aldatu da zuen lana krisia hasi zenetik?
Praktikoki telelana egiten dugu. Egunean gertatzen diren bajen arabera agenda aldatzen da. Gure osasun etxean, esaterako, lau mediku gutxiago daude momentu honetan (asteazkenean). Bihar nork daki.
Medikuek eta osasun-langileek zer neurri berezi bete behar dituzue?
Egokiena paziente bakoitzarekin babes pertsonalerako ekipamenduetako edo EPI jantziak eramatea da, baina, egia esan, ez daude. Beraz, masakarilla eta eskularrak eramaten ditugu lehen arretan.
Eta etxera iristean?
Haur txiki bat daukat eta etxean maskarillarekin nabil elkarrekin gaudenean. Eskuak maiz garbitzen ditut eta arropaz ere maiz aldatzen naiz.
Zer eskatzen duzue osasun-langileek?
Gazteen inplikazioa. Hau guztion ardura da, eta gelditu ahal dugu. Ez atera etxetik. Beste gaixotasun batzuk dituzten pertsonek eta adinduek gure laguntza behar dute. Beraiengatik egin beharreko gauza da. Beraien morbi-hilkortasuna handia da eta heldu eta gaixo asko dauden herrialde batean bizi gara.
Herritarren aldetik osasun-langileen lana eskertzeko iniziatibak egon dira, nola jaso dituzue?
Oso hunkigarria izaten ari da hau guztia herriaren babesa ikusten dugulako. Baina txalo zaparrada guztiendako da. Kristoren esfortzua egiten ari gara denok etxean egonda.
Zer aholku ematen dituzu?
Egoera hau pasatzen denean osasun publikoa baloratzea oso garrantzitsua dela ohartaraztea, eta honi txalotzea. Besterik gabe, eskuak maiz garbitu, eta sukarra edo eztula izanez gero, etxetik ez ateratzeko! Medikuari deitu eta etxeko gela batean isolamenduan jarri.