COVID-19 birusaren lehenengo kasuak Europan Italian izan ziren. Lombardiako eskualdeko Varese herrian bizi da Esther Ferrero Goikoetxea Altsasuko psikologoa eta fisioterapeuta. Hemen baino egun batzuk lehenago hasi zuten itxialdia
Zein da Italiako egoera une honetan?
Italiako egoera ez da homogeneoa. Iparraldean, ni bizi naizen zonaldean, osasun zerbitzuetako erabateko kolapsoa dago. Ospitaletan ez dago ez espazio gehiagorik ez materialik. Momentu honetan pazienteak beste eskualdetara mugitzen ari dira, geroz eta urrutiago dauden erkidegoetara. Hala ere, arazoa da erkidego horietako ospitaleak ere betetzen ari direla, beraz, gaixo oso zaharrak eta arazo kliniko handiak dituztenak azken egunak etxean eman dituzte, inolako osasun euskarririk gabe. Asteartean Bergamoko alkateak adierazi zuen, "herritarren zati bat hiltzen uzten ari direla"; beraz, egoera benetan dramatiko batean gaude. Beste alde batetik, saskibaloi zelai ireki eta eta abarretan larrialdiari aurre egiteko zaintza intentsiboetarako unitateak sortzen ari dira oso denbora gutxian. Milango erakusketa areto handia behin-behineko ospitalea bihurtuko da eta jarriko dituzten 400 oheetan Covid-19a duten pazienteak artatuko dituzte bakarrik. Hainbat eraikin publiko eta hotel ere berrogeialdian dauden pazienteak hartzeko prestatzen ari dira. Elkartasun handiko klima arnasten da, bai ekonomikoki (herritarrek diru bilketaren bidez diru asko lortu dugu), harrerekin, boluntariotzarekin... nahiz eta hainbat zonaldetan benetako tragediak bizitzen ari diren. Esaterako, Codoñon, lehenengo pazientea agertu zen tokia, hilerria bete da, baita Bergamo hiriko errausketa-labea ere. Kaltetutakoen kasuek gora egiten dute, baina dagoeneko ez da modu esponentzialean.
Varese herria egunotan. UTZITAKOA
Noiz hasi zenuten itxialdia?
Hemen konfinamendua atalka eta modu graduatuan egin da hainbat zonaldetan. Baina estrategia honek ez du funtzionatu. Otsailaren 21an Italiako Gobernuak Lodiko hamar herri eta Padovako herri bat ixten zituen dekretu bat ezarri zuen, zonalde gorria bihurtuz. Europako Covid19aren agerraldi handienaren lehenengo epizentroa izan zen. Martxoaren 8an Lombardia itxi zuten eta beste herrialdetako hamar herri; martxoaren 11n Italia osoa itxi zuten.
Zergatik diozu estrategiak ez duela funtzionatu?
Jatorrizko epizentroan, Lodin, neurri murriztatzaileenak eta modu azkarrenean jarri ziren tokian (lehenengo kasua agertu eta bi egunetara), zonalde gorria dekretatu zenez itxiera osoa suposatzen zuena, orain, lau aste ondoren, kasu positiboen igoera kontrolatzen hasi dira. Codoñon, Europako lehenengo pazientearen herria, duela egun batzuk ez direla kutsatze berriak ematen, esaterako. Aldiz, Bergamon, Lombardian, neurri ahulagoak hartu ziren, zonalde laranja ezarriz; hau da, ikastetxeak eta unibertsitateak itxi zituzten eta ekitaldi publikoak eten zituzten. Gainera, ez zen hain goiz ibili. Martxoaren 8an Lombardia, eta berarekin Bergamo, zonalde gorria bihurtu zen. Emaitza: Bergamon egoerak gora egin zuen modu exponentzialean. Horrek, Txinako esperientziarekin batera, erakusten digu neurrien larritasunak eta irmotasunak pandemian inpaktu handia izan dutela, brotearen tamaina txikituz eta zabaltzea geldituz. Horregatik, zuen egoerarekin lasai egon zaitezkete, Gobernuak bat-bateko neurri zorrotzak hartu dituelako.
Nola izan dira itxialdiaren lehenengo uneak eta nola eramaten duzu orain? Psikolgiaren aldetik azaldu dezakezu?
Zuenak izan diren eta izaten ari diren bezala, baina nik denbora gehiago izan nuen dena asimilatzeko zonalde laranjaren mailakatzeagatik. Zuena bat-batekoa izan da. Pandemia batean pertsonak hainbat fase psikologikoetatik pasatzen dira. Lehenengoa Urrunketa da, eta gertatzen da lehenengo kasuak agertzen direnean eta, gainera, niretik urrun gertatzen direnean. Pentsatzen da: "Hau niri gertatzea ezinezkoa da" edo bestela ez da modu konszientean planteatzen. Bigarren fasea Ezeztapena da. Gertutik gertatzen denean, baina komunikatzen dena sinistea kostatzen zaizuenean; esaterako, birusaren larritasuna, etxean geratzeko beharra eta abar. Exagerazioa dela uste da. Pertsonek duten defentsa mekanismo bat da: antsietatea, depresio sentimenduak edo autoestimuan zauriak sor ditzaketen emozioak edo sentimenduetatik defendatzeko modu bat da. Ondoren, Desorientazio fasea dator. Ez zaude zentratuta eta ez duzu ezer produktiborik egitea lortzen. Zure burua ez dago ez alde batean ez bestean. Fase honetan estresan amaitu daiteke, eta amorrua ere sortzen du. Negoziazio fasean paktu psikologiko batera iristen saiatzen zara, eta arazoa benetan sortzen hasten da. Presio jaitsiera edo etxipen fasean pazientzia izan eta arauak bete behar direla onartzen duzu. Azkenik, Adaptazio edo Onarpen fasea dago eta egoera berriarekin modu baketsuan eta eraikitzailean bizirauten da. Denek ez dituzte fase guztiak pasatzen, eta ez du zertan orden horretan izan behar. Izan ere, bakoitzak pertsonalitate bat du eta, gainera, norberaren, familia edota lan egoera desberdinak dituztelako. Hau gure buruak bizitzen duenaren gutxi gorabeherako bat izan daiteke. Ni momentu honetan negoaziazio fasean nago, gaia pixka bat lantzen. Dodoñon, esaterako, egoera deskribatzen dute adaptazio fasean egongo balitz bezala, itxialdian ia hilabete bat pasa ondoren. Nire lehenengo egunak gradualak izan ziren, molestiak sortu zizkidan arren, izan ere, egun batetik bestera haurra beste pertsona batekin utzi behar nuen hurrengo egunean lanera joan behar nintzelako. Egun batetik bestera dena antolatu behar izatea ez zen erraza izan, nahiz eta hurrengo egunak ez nituen gaizki eraman, egia esan.
Eta lana nola eraman duzu?
Lanean pertsonala gutxienera murriztea erabaki dute, osasun langileen artean distantzia bermatzeko. Horrela, bi asteko derrigorrezko oporrak eman dituzte, birusaren inkubazio periodoa kalkulatuz. Beraz, bigarren aste honetan eta hurrengoa etxean pasako ditut nire hiru urteko haurrarekin, eta momentuz oso ongi eramaten dugu. Berarekin kalitatezko denbora pasatzeko aukera bat bezala ikusten dut.
Nola kudeatu dute larrialdia lan sektorean?
Hemen gobernuak enpresei eskatu die langileen arteko distantzia bermatzeko estrategiak erabiltzeko. Enpresa bakoitzak hoberena aukeratu dezake. Beraz, zenbait enpresek langileei tenperatura hartzen die sarreran eta irteeran, beste batzuk txandak egitea erabaki dute lehen jardunaldi osoa egiten zutenean eta, beste batzuek, langileak behin- behinean langabezira bidali dituzte langileak. Eta, azkenik, niri kasuan bezala, oporrak erabiltzea erabaki dute. Nahi eta nahi ez langileek haien artean komunikatu behar badira, babes guztia bermatzen zaie. Jantokiak itxi dituzte, eta ahal dutenek etxetik lan egiten dute. Osasun arloan dago krisi handiena. Maskarak agortu dira eta ez dute hornitzeko alternatibarik bilatzen. Beraz, osasun-langileen osasuna arriskuan jartzen ari dira haien babesa murrizten delako. Are gehiago, osasun-langile asko gaixotzen ari da. Osasun-sektorea estres psikologiko handiarekin bizi da, etengabeko alerta egoeran daudelako.
Egoera hobera joango dela aurreikusten dute? Amaiera gertu ikusten duzue?
Ikusten ari gara metodo murriztatzaileenak kutsatze kopurua jaistea eragin duela, beraz, baldintza egokienetan gaude. Imajinatzen dut egoera murriztatzaile honek beste hilabete bat iraungo duela, kutsatuen kurba jaitsi arte eta agian neurriak ere modu graduatuan jaitsi daitezke. Gerta liteke kutsatuen kurba berriz igotzea, eta orduan hasierako puntura itzuliko ginateke. Inork ez daki nola ariko den birusa udan. Tenperatura altuekin eragina jaisteko itxaropena dute, SARS birusarekin gertatu zen bezala, baina ez dute bermatuta hainbat faktorek eragina dutelako. Guztiendako urte bizia eta desberdina izango dela uste dugu.
Espainiako eta Italiako Gobernuek ezarri duten sistema efizienteena da?
Ez. Hego Korean sistema askoz eraginkorragoa onartu dute, eta kostu ekonomiko gutxiagoarekin. Ez dute populazioa guztiz gelditu. Metodo honekin gende askori test-a egiten zaio, ia etxez etxe joaten dira, sintomarik gabeko kutsatutako jendea lokalizatzeko. Modu honetan, kutsatutako jendea berrogeialdia egitera doa eta ez ditu besteak kutsatzen. Gainera, GPS sistema bat dute eta honekin egon diren kontaktu eta leku guztiak kontrolatzen dituzte, kasu positiboak egon daitezkeen tokiak ezagutzeko. Bestetik, birusa antzemateko teknologia berezia dute. Baliagarria da: herrialdea tunelaren ondoren argia ikusten hasi da. Asteartean Toscana, modu independientean, neurri hauek hartzen hasi zen. Herritar guztien etxeetara joatea erabaki zuten testak egitera. Emaitzak ikusita, merezi du inplikatutako estatu guztiek, edo erkidegoek, neurri hauek hartzea. Eraginkorrak ez ezik, zalantzak sortzen dituen estres psikologikoa murriztuko litzateke ere.
Italian behin behineko ospitaleak egin dituzte; esaterako, saskibaloi zelaietan. UTZITAKOA
Zer izan da gogorrena?
Senideek haien gertuko pertsona ezin dutela agurtu ikustea. Are gehiago, jakitea bere heriotza asfixiagatik izan dela, hiltzeko modurik gogorrenetarikoa. Hau zerbait suntsitzailea da.
Eta hoberena? Zerbait positiboa atera daiteke?
Esango nuke baietz. Bizitza lezio handi bat izango dela eta ikasi ahalko dugula uste dute. Guretako denbora asko izatera derrigortuta gaude, normalean faltan botatzen dugun denbora. Beraz, gure familiarekin pasatzeko kalitatezko denbora bihurtzen da; gure pasioak garatzeko denbora, eta ez baditugu, sortzeko; hausnartzeko denbora eta inguruan ditugun gauza txikiak baloratzeko aukera ere bada. Gure ekosistemak duela asko egiten ez zuen bezala arnastuko du. Satelitearen bidez ingurugiroaren kutsaduraren aldaketa ikus daiteke dagoeneko. Gu ingurugiroaren parte gara, eta modu batean sanifikatzen ari gara. Ziur naiz behin larrialdia amaituta pertson desberdinak izango garela, balore desberdinekin. Inora ez doazen gauzekin haserretzea kostatuko zaigu, eta hau maila handienetara eraman daiteke, estatuetara. Libiako gerra zibila gelditu da Covid-19a dela eta. Israelen politika desblokeatu da eta urdinen eta zurien arteko indarrak batuz gobernu bat sortu da. Esperientzia honek kontaktuaren eta gertutasun fisikoen baloreak erakutsiko dizkigu, eta agian social media bidezko harremanetatik urrunduko gaitu. Arazo honetan ez dago gizarte klaserik, aberatsenek edo boteretsuenek ez dituzte pobreek baino salbatzeko baliabide gehiago, guztiak lerro berdinean gaude, diruak ezin duela dena erosi erakutsiz. Uste dut proba honetan bizitza diruaren gainetik aukeratu dituzten komunitateek, gizaki balore handiagoak aterako direla: elkartasun eta umiltasun gehiagorekin, besteak beste. Egoera honetatik ateratzeko arduratsuak eta besteenganako begirunea izateko eskatzen digute; zaintzera eta gure burua zainduta sentitzera, komunitate handi baten parte sentitzera, irudikatzen genuena baino handiagoa.
Zer aholku eman ditzakezu?
Sakanako gazteei deialdia egin nahi diet, erakusteko haiek batailaren benetako heroiak izango direla, eta iniziatiba herrikoiak erakutsiko nizkien. Baina emozioarekin jakin dut Sakanan dagoeneko antolatu direla elkartasunezko eta boluntario taldeak, Elkartasun Sarea bezala. Errekor denboran izan da, hemen Italian baino askoz lehenago. Beste behin, Sakanako izateaz harro sentitzen naiz. Honek esan nahi du bide onetik doala dela dena, pentsatzen genuena baino askoz prestatuago gaudela. Gure instintoa entzun behar dugu, gure sen ona, ongi gidatuko gaitu. Bestetik, momentu honetan desorientatu, estresarekin edo amorruarekin sentitzen direnei lasaitasun mezua bidali nahi diet. Fase bat da, besterik gabe. Lehenago edo beranduago aldatuko da. Guztiok, gure erritmoan, egoerara moldatuko gara eta baldintza berri hauetara modu produktiboan, lasaian, positiboan eta onuragarrian bizitzen ikasiko dugu.