Koronabirusak eragindako larrialdia hasi zenez geroztik, egunero 20:00etan, jendea etxeetako balkoi eta leihoetara ateratzen da eta gaitzari aurre egiteko lan egiten duten osasun arloko profesionalei txalo egiten diete. Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzatik azaldu dutenez, segurtasun indarrek ere aitortza horrekin bat egin nahi izan dute. Hala, Nafarroako herri handienetan asteburuan errepikatu den irudia da: guardia civilak, foruzainak eta udaltzainak elkarrekin txalo egiten. Atzo Iruñean Policia Nacionaleko kideak batu zitzaizkien.
Gobernu Ordezkaritzatik azaldu dutenez, agerraldi horien bidez osasun-arloko langileei aitortza egiteaz aparte, nafarrei ere omenaldia egin nahi diete, “orokorrean, alarma egoerak eragindako betebeharrak errespetatzen eta betetzen ari delako”. Agerraldi horiekin ere “lan egiten ari garen batasuna eta koordinazioa azpimarratu nahi dugu”.
Halako agerraldia egin zuten, argiak piztuta, Guardia Civileko 3 autok, 4 motorrek, DYAko anbulantzia batek eta Udaltzaingoaren ibilgailuak Altsasuko Iortia kultur gune parean larunbatean, 20:00etan. Hainbat altsasuarrek eta eragilek, tartean Altsasuko Gazte Asanbladak, gaizki hartu zuten agerraldia eta hala adierazi zuten sare sozialen bidez. Besteak beste, osasun langileendako omenaldia zena Guardia Civilak bereganatzea salatu zuten.