Koronabirusak sortutako osasun krisiagatik Altsasura itzuli behar izan zuen.
1. Noiz joan zinen Txekiara eta noiz arte zienen egotekoa?
2019ko irailaren 14an joan nintzen, eta klaseak maiatzaren 7an bukatzen ziren, baina nire Erasmusa ekainera arte zen. Ikasturte osorako joan nintzen.
2. Zer moduzko esperientzia izaten ari zen?
Primerakoa. Hasieran dena berria zen, errutina berriak eta pixka bat zaila egiten da. Baina nire kasuan, hasieratik jendea oso jatorra izan da, eta oso azkar ohitu nintzen. Oso-oso gustura egon naiz. Bigarren lauhileko honetan hobe.
3. Baina bat-batean itzuli zara. Nola jakin zenuen itzuli egin beharko zenuela?
Bai. Martxoaren 13an, ostiralean, bueltatu behar izan nintzen. Txekian ez zegoen ia kasurik; orduan, gu lasai geunden. Twitterren hemengo egoerari buruz irakurtzen genuen, eta gurasoek ere kontatzen ziguten. Baina Eramuseko jendea elkarrekin geunden eta, egia esan, hasieran denak barrezka hartu genuen. Astelehen horretan, martxoaren 9an, gauza serio jartzen ari zela irakurri genuen. Batzuk hasieratik larritu ziren pila bat eta beste batzuk ez; pixka bat itxoitea erabaki genuen ea unibertsitateak zer esaten zigun jakin arte. Izan ere, agian itzultzen ginen eta klaseak jarraitzen bazuten, dena suspenditu ahal genuen. Baina gauza larritzen joan zen. Madril oso gaizki zegoela ikusi genuen. Justu hurrengo astean lagun bat etorri behar zen bisitan, eta nire lehenengo sustoa izan zen dagoeneko ez zela joan behar. Nik ez nuen inolaz ere pentsatzen itzuli beharko nuenik. Ostegunean irteera txiki bat egin genuen, eta han geundela Espainiak Pragan duen enbajadaren mezu bat iritsi zitzaigun. Mugak itxi behar zituztela Larrialdi Egoera ezarriko zutelako, eta ostiraleko 00:00ak baino lehen ateratzen ez baginen, ezingo genuela bultatu. 30 egunez luzatzeko aukerarekin egon beharko ginatekeen herrialdetik atera gabe. Itzultzea hoberena zela erabaki nuen.
4. Baina kasu gutxi zeuden, ez?
Bai. Ni itzuli nintzenean 70 bat zeuden. Esan didatenagatik orain (astelehenean) 1000 kasu daude, baina hildako gutxi, 10 pertsona. Txekia Espainiako Estatua baino askoz hobeto dago.
5. Neurriak hartu zituzten edo aurreikusi ziren?
Bai, hasieratik. Ni bueltatu aurretik klaseak kendu zizkiguten, hemen baino lehanago, han kasu gutxiago egonda ere. Oraintxe bertan han daudenek kontatu digutenez, ezin dira ikasle egoitzatik atera erosketak egitera ez bada. Gainera, maskararekin joan behar dira beti. Berez logela bakoitzean bi pertsona bizi ginen, eta mezu bat bidali digute esanez orain pertsona bakarra bizi behar dela gela bakoitzeko. Neurri zorrotzak jarri dituzte, bai. Espainia baino askoz gehiago.
6. Beraz, itxita egoteko, hobe etxean familiarekin, ez?
Bertan daudenen bideoak ikusten ditut eta bueno… baina, bai, lasaiago etxean. Familiarendako ere lasaiago etxean egotea.
7. Nolakoa izan zen bidaia? Zailtasunak izan zenituen?
Hiru pertsona batera itzuli ginen. Hegaldia erosteko arazorik ez genuen izan eta hegazkina pixka bat atzeratu zen, baina dena normal joan zen. Hori bai, Bartzelonara joan behar izan genuen. Bilbora dagoeneko ezin genuen joan eskala egin behar genuelako, eta hainbat herrialdek ez zuten espainolei ez zietelako sartzen uzten. Herrialde askoko jarri zuten Espainaiko jendea ezin zela sartu. Orduan, Bartzelonara zuzenean joan ginen eta gurasoak bila joan ziren. Baina arazorik ez, ezta larri ere. Lasai joan ginen.
8. Gurasoek zer esaten zuten?
Erabakia hasieratik errespetatu zuten. Nik esan nien batzuen erabakia itzultzea izan zela, baina nik ez neukala argi zer egin. Etorri baino lehen hango eta hemengo koordinatzaileekin hitz egin nahi nuen dena argi uzteko. Baietz esan zidaten. Hasieratik nire erabakia zela esan zidaten eta aurrera egiteko nahi nuenarekin. Baina beste alde batetik bueltatzea nahi zuten.
9. Koordinatzaileek zer gomendatu zizuten?
Ez zidaten laguntza askorik eman, egia esan. Hangoek esaten ziguten han gelditzeko. Txekia Espainia baina hobeki zegoela eta lasai egoteko. Gasteizkoek hasieran ez ziguten erantzuten ere, eta gero itzuli behar ginela ikusten genuenean mezu bat bidali genien esanez Txekia Larrialdi Egoeran zegoela eta itzuli behar ginela, eta hor bai larritu zela eta deitu zigula. Baina azkenengo momentuan.
10. Unibertsitateak itxita, Altsasun zaude… Akademikoki zein egoeratan zaude?
Hasieratik hango unibertsitateak esan ziguten arazorik ez zela egongo. Gu bertan matrikulatuta gaude, eta klaseak online izango genituela. Arazorik ez izateko zentzu horretan, hau da, hori ez izatea kontrako baldintza etxera itzultzeko. Beraz, bertako unibertsitatean matrikulatuta nago eta klaseak online jasotzen ditugu. Asko ez ditugu izan, baina bueno. Lanak ere online egiten ditugu. Ez dakigu bueltatko garen edo ez, espero dut baietz, baina ikasturtea hango unibertsitatean bukatuko dut.
11. Hemengo eta hango unibertsitate sistemen desberdintasunak?
Hangoa asko gustatu zait. Ikusi dudan aldea izan da irakasgaiak askoz praktikoagoak direla. Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietako graduak hemen kritika nahiko ditu teorikoegia delako. Eta han, aldiz, praktikoa egin dugu ia dena. Adibidez, irakasgai bat itsuendako jarduera fisikoa zen eta han beti praktika egiten genuen. Hemen oso teorikoa da. Nik uste esperientzia gehiago sentitzen duzula, eta hobe da.