Gasteizko Txagorritxu ospitalean larrialdietako erizaina da Rakel Galn Morcillo.
Zein da zure egunerokoa?
Txanda hasteko gainazala eta material guztiak desinfektatu eta zerbitzua prestatu, datozen larrialdietarako. Hori egiten dugu txanda bakoitzean, hiru aldiz egunean.
COVID-19 Txinan agertu zenean, zer pentsatu zenuen?
Hasieran oso urrun ikusten genuen, baina konturatu gabe eta azkar heldu zen. Orain Txinara begiratzen dugu eredu moduan.
Hona iritsiko zela eta nola prestatu zineten ospitalean?
Egia esateko, egunero moldatzen gara, egoera aldatzen den neurrian, orduero, egunero… beti hobetzen saiatzen.
Gasteizen kutsatuak asko izan dira, nola bizi izan duzu guztia?
Zoritxarrez, Hego Euskal Herriko probintzia kutsatuena izan gara, milaka lagun. Orain Bizkaia. Eta horrek behartu gaitu aldatzeko eta hobetzeko dinamika batean sartzera. Alde txarrean, lana kopurua izugarri handitu egin da, eta kalitateari dagokionez, asistentzia ez da guk nahi genukeena, edo guk ematen genuen bezalakoa. Beste aldetik, alde on bat ateratzearren, ospitalean lan egiten duten profesional guztiak batu egin gara, profesional eta pertsonalki, egoera hau aurrera eramateko.
Hasierako egoera nolakoa izan zen?
Hasieran pitteka-pitteka etortzen ziren, eta etortzen zirenak ez ziren hain larriak, baina aste bat pasa eta gero, egoera guztiz aldatu da, orain eguneko ia paziente guztiak “kobiak” dira, beste patologiak izugarri gutxitu dira, batzuk desagerrarazi arte. Ospitalea berrantolatu behar izan da eta lankideek prestakuntza espezifikoa hartu.
Gaur egun eta daukazuen esperientziarekin zer duzu esateko?
Hartu ditugun isolamendu neurriak, oso inportanteak direla, batez ere osasun zerbitzua ez kolapsatzeko eta jasoko ditugun gaixoei asistentzia emateko. Oso zaila da ugaritasun hain handiarekin eta denbora gutxian lan egitea, osasun taldeak berrantolatzen ari dira jarraian. Benetan, isolamenduko neurriak garrantzizkoak dira.
Lan materialez zer duzu esateko?
Zorionez materiala daukagu, momentu batzuetan gutxitzen da eta kolapsatzeko zorian gaude, baina egoeraz salbatuz goaz.
Profesionalek ez kutsatzeko neurri nahiko hartu dituzue?
Bai, ospitalera sartzen garenetik etxera heldu arte, behar ditugun neurriak hartzen ditugu, lan-segurtasuna garrantzizkoa da. Osasun profesionalak babesten bagara, jende guztia babesten dugu.
Nolakoa da zure lan egun bat COVID-19arekin.
Beste edozein patologia batekin bezala, bere berezitasunarekin. Pazienteak ospitalera sartzen dira larrialdietako atetik, “kobiden” protokoloa jarraitzen da eta babesteko neurri guztiak hartzen, behar duten guztia egiten diegu, X izpiak, odol analisia, nasofaringeko frotisa (kobiden proba)… eta diagnostikatzen ditugunean, ingresatzen ditugu.
Hemendik aurrera zertan aldatuko da zure lana?
Bi edo hiru hilabete hauetan “kobia” izanen da patologia ugariena, eta horiek desagertzen diren heinean beste patologiak bueltatuko dira, eta normaltasunera bueltatuko gara, gure larrialdietako normaltasunera.
Nola hartu zenuten Bizkaiko erizainaren heriotza?
Kolpe handia izan zen, koronabirusagatik hildako osasungintzako lehen langilea. Une gogor eta latz hauetan, gure arriskuez eta zaurgarritasunaz konturatzen gara.
Lanetik nola ateratzen zara? Deskonektatzeko aukera izan duzu etxean?
Nekatuta, lur jota askotan, batzuetan pozik egin dugun lanagatik, beste batzuetan triste egoeraren ezintasunagatik. Baina beti saiatzen gara deskonektatzen, isolamenduak ematen dizkigun gauzak txikiez gozatuz.
Gizarteak ikasiko du honetatik?
Espero dut baietz, uste dut oso jakitun izan behar dugula publizitateak eta osasun-zerbitzuaren unibertsaltasunak duten garrantziaz. Eta, batez ere, gizarte honetan arlo publikoak edukitzea, adibidez, oso ondo legoke farmazia publikoa gure osasun zerbitzuan. Baina gizarte honetan laster ahazten zaizkigu bizitzan oinarrizkoak eta funtsezkoak diren gauzak, eta itzuliko gara hain desberdina den ongizate-gizarte horren ohituretara.
Gobernuek zuen lana gehiago baloratuko dutela uste duzu?
Ez dut uste, hau bukatzen denean, ia seguru gure lanaren garrantzia ahaztuko da, edo normaltasunera bueltatuko da. Baina ez soilik osasun arloan, baizik eta oinarrizko arlo guztietan, krisi momentuetan oinarrizko beharrak garrantzia handia hartzen dute, baina hau pasa eta gero, galtzen da.
Bukatzeko…
Herritarrei eskerrak ematea gure aintzatespenagatik, arriskuarekiko dugun jarrera garrantzitsuagatik. Baina ez ditzagun ahaztu lehen, bigarren eta hirugarren mailako gainerako zerbitzuak, eta modu eskuzabalean aritzen diren pertsona guztiak. Mila esker, pazientzia eta animo, lortuko dugu.