Ihoteen ondoren, Altsasuko festen egutegian maiatzaren 1a, 2a eta 3a gorriz markatuta daude: Alde Zaharreko festak. Baina Altsasuko Udalak erabaki du bertan behera uztea aurtengo festa horietako egitarau ofiziala, artisautza azoka barne. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, “ez da erabaki erraza, baina gure bizilagunen osasun publikoa lehenetsi behar du, eta, horregatik, erabaki hori da larritasun handiko egoera baten aurrean hartu behar den neurri arduratsuena eta zuhurrena”.
Alkateak gogorarazi duenez, gaur egun alarma egoera apirilaren 12ko 00:00ak arte indarrean egonen da. Baina “zuhurtziak zera esan behar digu: geroago, alarma-egoera egungo baldintzekin mantentzen den eszena-toki batekin topo egin dezakegula edo, modu ez hain murriztailean bada ere, muga garrantzitsuak aplikatzen jarraituko den trantsizio-aldi batera igaroko garela”. Horregatik, erabaki du udalak Alde Zaharreko festetako egitarau ofiziala bertan behera uztea”.
Erabaki segida baten azkena
COVID-19 gaitzak osasun-krisiari eragin du eta hari erantzuteko indarrean dago alarma-egoera. Horrek herritarrak bide publikoan zirkulazio-askatasuna murrizteko neurri garrantzitsuak ezarri ditu. Ondorioz, espazio publikoan kultura, kirol eta gizarte-ekitaldiak egiteko ezintasuna ezarri da.
Bestalde, martxoaren 14ko 4/2020 Foru Aginduaren bidez “bertan behera uzten dira jendaurreko ikuskizunetarako, jolaserako eta aisialdirako, kultura. Erlijio, zezenketa, kirol edo antzeko jardueretarako espazio itxi edo irekietan egiten diren ekintza kolektiboak, kudeatzaile edo antolatzaile publiko edo pribatu batek eskaintzen baditu ere”.
Altsasuko Udalak, bestalde, hainbat neurri hartu ditu. Martxoaren 12n Tokiko Gobernu Batzordeak erabaki zuen hurrengo egunetik aurrera udal-instalazio guztiak ixtea eta kasuan kasu, udaleko langileen telelana sustatzea. Aldi berean, Aita Barandiaran Egoitzako Partaidetza Kontseiluak erabaki zuen zentrora inolako bisitarik ez baimentzea eta bertan bizi diren pertsona nagusiak kalera ateratzeko baimena ukatzea, ezinbesteko arrazoiengatik izan ezik. Hori guztia Nafarroako Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Agentziak ezartzen dituen irizpideak jarraituz. Horrekin batera, Ollok gogorarazi du bide publikoa desinfektatzeko jarduketa zehatzak egiten ari dela udala, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ezarritako irizpideen arabera.
Altsasuko festa egitaraua
Otsailak 5-9 Santa Ageda.
Otsailak 23 Inauteri txikia.
Otsailak 25 Herri inauteria.
Otsailak 29 Hiri-inauteria.
Maiatzak 2 eta 3 Alde Zaharreko Festak.
Garagarrilak 23 eta 24 San Juan.
Garagarrilak 29 San Pedro.
Garilak 12 Erkudengo erromeria.
Irailak 11-15 Festak.
Lastailak 17 eta 18 Feriak.