Etxeko konfinamenduak irauten duen bitartean ahalik eta aktiboen eta animatuen egoten saiatzen ari da Juan Mari Guajardo esatari altsasuarra. Poliki-poliki egoerak onera egin eta egunerokotasunera itzultzea, hori da bere nahia.
Normaltasunean egongo bagina, non egongo zinateke?
Valentziako Pascual Momparlery Memorialetik bueltan, larunbatean Lizarran jokatzekoa zen Indurain Klasikoa buruan eta astelehenean hastear litzatekeen Euskal Herriko Itzulia prestatzen egongo nintzateke. Baina aurtengoa ezohiko egoera denez, guztioi etxean egotea dagokigu. Amesgaizto hau lehenbailehen pasatzea da garrantzitsuena.
Espainiar estatuko ia txirrindularitza proba garrantzitsu gehienetako speakerra zara, beste hainbat ekitaldiko aurkezle izateaz aparte. Zure agenda oso estua izango da, eta bat-batean horrenbeste denbora segidan etxean egotea harrigarria izango da zuretzat, ez?
Aldaketa erradikala izan da hau. Guztia ongi badoa, eta gurutzatu ditzagun behatzak, aurten nire 24. Espainiako Vuelta aurkeztuko dut. 1997 urtean hasi nintzen Vueltako speaker lanetan, eta ordutik lanbide honi ekin nion, lasterketaz-lasterketa, bidaiaz-bidaia... Aurreko egunean kontuak atera nituen eta joan den urtean, 2019an, 200 egun egin nituen lasterketa edo ekitaldiak aurkezten, eta horri bidaiak gehituta...225 egun inguru eman nituen etxetik kanpo. Pentsa! Hori guztia koadratzea ez da batere erraza; lasterketa bat bukatu bezain pronto, beste batera joan behar duzu, tarteka beste ekitaldiren bat aurkeztu… Ohiko lanaren zurrunbiloan sartuta zaudenean etxean egon nahiko zenuke gehiago, familiarekin egon, baina orain, geldirik gaudela, faltan botatzen dut mugimendu hori.
Altsasuarra izaki, Aiegin bizi zara. Koronabirusaren egoera honi hobe egiten zaio aurre herri txiki batean hiri handi batean baino?
Zalantzarik gabe, egoera honetan hobe gaude herrian hiri handi batean baino. Madril, Valentzia eta Oviedoko ezagunekin hitz egin dut egunotan eta eurek transmititu didatenaren arabera, hobeto gaude herrietan gaudenok.
Martxoaren 10ean aurtengo Espainiako Vueltak Nafarroan egingo dituen bi etapak aurkeztu zenituen Nafarroa Arenan. Ordurako koronabirusak ekarriko zuena run-runa baino gehiago izango zen, ezta?
Nik aurkeztu nuen azken aurreko ekitaldia izan zen, eta egun horretan etortzeko zen guztia konfirmatu zen. Aurkezpena egitera Nafarroa Arenara iritsi nintzenean, bertako langileekin bildu nintzen. Eurekin beste ekitaldi batzuetan lan egin izan dut, esaterako motorrari lotutako ekitaldietan eta aurki jokatzekoa zen Espainiako Gimnasia Erritmikoko Txapelketa ere nik aurkeztu beharra nuen, eta orduan entzun genuen jokatzear eta gauzatzear ziren ekitaldi guzti guztiak paralizatu behar zirela. Espainiako Vueltako Nafarroako 2 etapen aurkezpena egin genuen, baina aurretik hartu beharreko neurriak aipatu zizkiguten: esan ziguten gonbidatuei eskua ez emateko, musurik ez emateko, distantziak mantentzeko... Gogoan dut Miguel Pozueta, Nafarroako Kirol eta Institutuko zuzendaria, ezin izan zela ekitaldian egon gertatzen ari zenaren inguruan hartu beharreko erabakiak zehazteko bilera garrantzitsua zutelako. Hurrengo egunean Telcom txirrindularitza taldearen aurkezpena egin ahal izan genuen Medikuen Kolegioan, eta han bertan geundela jakin nuen txirrindularitzari lotutako asteburuko lasterketa guztiak bertan behera gelditzen direla eta guztia geldirik gelditzen dela sine die. Eta horrela gaude, zain.
Italiako Giroa bertan behera geratu da, Joko Olinpikoak 2021era atzeratu dituzte eta egunotan ere entzun da Frantziako Tourra agian jokatzeko aukera izango dela, atzean dauden telebista eta publizitate kontratuak ez galtzeko, baina publikorik gabe. Publikorik gabeko Tourra imaginatzen duzu?
Oraintxe bertan ez dut imajinatzen, baina Paris-Niza lasterketa horrela jokatu zen ere, txirrindularitza profesionalean jokatu zen azken lasterketa. Dena den, nire ustez, eta muturrezko egoera hauetan, baldintzak ematen badira garrantzitsuena proba ospatzea da, nahiz eta publikorik ez egon. Tourrean asko dago jokoan, etapetan jokatzen den munduko probarik garrantzitsuena da, horrek dakarren guztiarekin: telebistako jarraipenak, telebisten eskubideak, babesleak, taldeek jokoan duten guztia, txirrindulariek beraiek jokoan dutena... Pentsatzen dut Tourra jokatu ahal izateko ahal duen guztia jarriko duela antolakuntzak mahai gainean, eta publikorik gabe jokatu behar bada, hala eginen dute. Garrantzitsuena txirrindularitza eustea da, ez dakigu oraindik noiztik aurrera ahalik eta txirrindularitza proba gehienak mantentzea. Kirol honi ahal den moduan eutsi beharra dago, eta lehendabiziko hilabeteetan publikorik gabe izan behar bada, hala izan dadila.
Txirrindularitzaren munduan bueltatzeko datarik maneiatzen da?
Hau guztia txirrindularitza antolatzaileen gainetik dago: Ministerioak, presidenteak, Estatuak berak daude gainetik. Nire ustez, Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta jokatzen badira, aurreikusita zeuden datetan izango da. Aurtengoa Joko Olinpikoen urtea zen eta horregatik Tourra ekainaren azken astera aurreratu zuten. Gauzak ongi, ekainaren 27an da hastekoa Nizan, eta Vuelta abuztuaren 14an abiatuko da Holandatik. Hain zuzen ere, Vueltako 5. etapan, agorrilaren 19an, Nafarroan egongo gara, Iruñean hasi eta Lekunberrin bukatuko den etaparekin, Aralarko San Migel igoerarekin. Eta hurrengo egunean Lodosatik abiatuko da, Soriako Laguna Negran despeditzeko. Nik espero dut Tourra eta Vuelta jokatzea; ea gutxika, ekaina eta uztailetik aurrera, ea poliki-poliki normaltasunerantz jotzen dugun, nahiz eta kostako den. Hori da espero dudana, baina ikusiko da zer gertatzen den, garrantzitsuena koronabirusaren arazo hau guztia lehenbailehen konpontzea baita, eta guztiok gutxika normaltasuna berreskuratzen joatea.
Tourra probarik garrantzitsuena da, baina gertatzen ari den guztiagatik aurten Vueltak protagonismo handiagoa har dezake.
Ziurrenik bai. Tourra gertu dago, eta Tourrean ariko diren txirrindulariek entrenatzeko izaten ari diren zailtasunak ikusten ari gara egunotan. Jakina, zailtasun horiek logikoak dira, guztiak etxean sartuta baikaude, baina Tourra jokatzen bada sorpresa asko izango dira. Ikusiko dugu zein txirrindularik izan duten baldintza hobeagoetan entrenatzeko aukera, herrialde batzuetan ez baitira hemen ezarritako neurri zorrotzak ezarri. Ikusiko da... Eta nik uste dut alde honetatik Vueltak irabazi egingo duela, Italiako Giroa jokatu ez duten txirrindulariek lehia-gosea izango dutelako eta, finean, aurten txirrindulariek denboraldi osoa bi hilabetetan dutelako jokoan. Joko Olinpikoak atzeratuta, gero Mundialak jokatuko dira, baina 2 hilabetan Tourra eta Vuelta izango dira txapelketa garrantzitsuenak nazioarte mailan, denboraldiko bi zita garrantzitsuenak. Diru asko dago jokoan, atzean dauden babesle asko, dirutza kostatzen duten taldeak eta beraien sponsorrak errentabilizatu behar dituztenak.
Harreman estua duzu txirrindulari askorekin. Nola daude? Rodilloarekin topera, ez?
Bai, rodilloarekin topera, eta aldi berean, urduri eta etsita, egoerari ahal den modu onenean aurre egiten, hori txirrindularien egoera animikoarendako oso garrantzitsua delako. Aurtengoa, zoritxarrez, oso denboraldi berezia izango da guztiendako. Hemen gaude, sare sozialetan txirrindulari asko entrenatzen ikusten, gure artean animatzen, tartean sare sozialetan animozko mezuren bat bidaltzen… “berehala ikusiko dugu elkar lasterketetan” nik esaten dudan bezala, eta hori da guztiok amesten duguna, gure egunerokora bueltatzea.
Afizionatuen mailakoendako akaso okerragoa izango da geldialdi hau. Urte garrantzitsuak dira hauek beraiendako, formaziokoak, profesionaletara salto emateko asko demostratu beharrekoak...
Aurreko egunean Mikel Azparrenekin eta Espainiako erlojupeko txapelduna den bere seme Xabier Mikelekin egon ginen hitz egiten Instagram bitartez, eta Xabierrek esaten zuen denboraldia guztiz moztu egin dietela. Eta egia da. Orain rodilloarekin pixkat mantentzen ari dira, baina errodilloarekin entrenatzea ez da errepidera ateratzea bezala, ez dira entrenatzeko baldintza berdinak. Oso zaila da errodilloan horrenbeste denbora aguantatzea maila psikologikoari begira... sakrifizio erraldoia da. Egia da juniorren eta kadeteen formazioa moztuta gelditu dela, dagoeneko gazte hauek lasterketetan aritu beharko luketeelako, eta bereziki profesionaletara salto egiteko ametsa duten elite eta 23 urtez azpikoena. Espainiako Kopa itxi dela ikusten dute, etapako probarik hasi ez dela, eta ez dutela gertu ikusten atzera ere lehiatzeko unea. Hitz egiten ari da Espainiako Kopari beste data batzuk jartzeaz, uztailan, abuztuan edo irailean... baina egia da ez dela berdin orduan jokatu edo aurreikusia zegoen datetan, prestakuntza aldatzen delako.
Zure lanerako ere sekulako kolpea da hau, Juan Mari.
Jakina, autonomoen bizimodua da hau, zer esango dizut? Autonomoa naiz, ezin duzu lan egin, martxoaren 10ekoa izan zen egin nuen azken ekitaldia eta ez dakigu noiz hasiko garen berriz, zein baldintzetan eta normaltasuna egun batetik bestera itzuliko ote den. Nik uste dut kosta egingo dela normaltasunera itzultzea.... etsitzea, ez dugu besterik, ahalik eta hobekien eraman eta nire kasuan, aurtengo Vuelta prestatu: apunteak prestatu, lasterketen apunteak garbira pasatu… Finean, modu aktiboan egoten saiatu, ilusioa ez galtzeko.
Hori litzateke azkena, ez?
Ilusioa ez dugu sekula galdu behar, beti izan behar dugu ilusioa, normaltasunera itzultzeko gogo hori, hau guztia pasatzeko nahia... Egia esan, geldialdiko hirugarren astean gaude eta zama nabaritzen dugu, baina oraindik asko geratzen zaigulakoan nago. Hala ere, baikorrak izan behar dugu, nik esaten dudan bezala, lasterketetan azkar ikus gaitezen.
Halakorik ez dugu sekula ezagutu.
Duela urte bat hau guztia kontatuko baligute ez luke inork ere sinistuko eta duela hilabete bat kontatuz gero ere, ez genuke sinistuko. Baina hau da egokitu zaiguna, zer egin behar diogu?
Egoera honetan sare sozialak komunikatzeko modu bat dira.
Sare sozialei esker zure medioarekin, zure kirolarekin eta zure ekitaldiekin harremana izaten jarraitu dezakezu, eta txirrindulariak ikusten dituzu, batek nola entrenatzen duen, besteak hala... humorezko ukitu hori ematen diozu, hau guztia ahalik eta hobekien eman behar dugulako. Baina, bestalde, gehiegizko informazio uholdea dugu, Fake News edo gezurrak, hemen hau gertatu dela, han bestea… bi aldeak.
Twitterren txirrindulari munduko kideek etiketatzen zaituztela ikusi dugu, besteak beste duela urte batzuetako argazkiak eskegiz. Zutaz gogoratzen direla ikustea polita izanen da, ezta?
Bai, ez dago gauza handiagorik jendeak zuganako duen kariñoa erakustea baino, lasterketetan faltan botatzen zaituztela esatea, ea noiz ikusten dugun berriro elkar eta halakoak entzutea eskertzen dituzun gauzak dira. Norbaitek sareetara argazkiren bat igo eta esaten dizunean argazki hau duela ez dakit zenbat urtetakoa da eta zu hor ageri zarela ikustean, pentsatzen duzu, ai ama, nola aldatu den hau! Duela gutxi, Enrique Sanzek Baionako etorbidean Alejandro Valverderekin geundeneko argazki bat jarri zuen, 10 urte baino gehiagoko argazkia. Eta pentsatzea 10 urte beranduago hemen gaudela, aurrera jarraitzen dugula eta denbora askoz ere gehiagoan jarraitzea espero dugula... horrek ilusioa ematen dizu. Publikoaren, txirrindularien eta lasterketetako antolatzaileen kariño adierazpen horiek jasotzeak ilusioa mantentzen laguntzen dizute.
Futbolariek FIFAra jokatzen dute Play Stationean. Txirrindulariek jokoren bat badute?
Bai, egon badaude, baina ni ez naiz aritzen, mundu horrek jokoz kanpo harrapatu nau (kar, kar...). Zenbait joko daude, eta bateonbatean ere txirrindularien proben erretransmisioak egiten dituzte, tarteka bateonbat ikusi eta ongi pasatzen duzu.
Etxean egotea zer moduz daramazu?
Bi haur ditugu, eta etxean lorategi txikia izatearen zortea dugu. Horrek kalera ateratzeko arnasgune bat ematen digu. Baina horretaz gain, etxean sartuta. Arratsaldeko zortzietan balkoira ateratzen gara eta “Resistire” kantatzen dugu auzokoekin, elkarren artean animatzeko eta guztiok bizitzen ari garen tragedia honi irribarre txiki bat jartzeko. Txikiekin irakurri, idatzi eta bereziki jolastu egiten dut. Ez daukat aspertzeko tarterik, ez bada gauza bat, bestea.
Irakurri nahi zenuen liburu hori, ikusi nahi zenuen film hori…
Bai, eta berriro ikusi nahi dituzun lasterketa horiek... Teledeporteko Euro Sport katean lasterketa historikoen errepasoa egiten ari dira, eta batzuk ikusten ari naiz. Igandean nire arreba Monicarekin Whattsapez ari ginela, aipatu zuen “hara, 1986an Bernard Hinaultek eta Perico Delgadok Frantziako Tourra Paueko etapan jokatu zutenekoa”. Eta biok gogoratu genuen etapa hori zuzenean ikusten egon ginela aitarekin, Delgadoren Paueko garaipena. Denbora asko pasatu da, baina kirol honenganako ilusioa mantentzen jarraitzen dugu. Ea noiz elkar ikusi dezakegun lasterketaren batean.