Nutrizioa zaindu beharreko arloa da ere konfinamendu garaian ere. Eneritz Mujika Dietetikan eta Elikaduran diplomatua da eta elikadura ortomolekuarrean espezializatua. Zineantropometrian aditua da ere Mujika.
COVID-19 ez da elikagaiekin sendatzen, baina elikagai osasuntsuak kontsumitzeak arindu dezake?
Ez, noski, COVID-19 ez da elikagaiekin sendatzen. Baina kontutan eduki behar dugu elikadura egoki bat sustatzen badugu, gaixotasunaren aurrean gure gorputzaren erantzuna ez dela berdina izanen. Azken finean, hori gure esku dago.
Sukarrari eta arnas arazoei aurre egin diezaiekegu elikadura on batekin?
Sukarraren tratamendu naturala gorputzari atsedena, denbora eta janaria ematean datza. Gorputz-tenperatuaren igoerak defentsak sustatzen ditu. Egoera horretan bagaude hidratazioa izanen da gure lehen gakoa. Horretarako, infusioak hartuko ditugu (erromeroa, jengibrea edo ezkaia). Hala ere, kontuan eduki behar dugu gorputzak baliabide guztiak behar dituela gaixotasunari aurre egiteko. Beraz, komeni da kalitate oneko elikagaiak ematea, energetikoak eta digeritzeko zailak diren osagairik gabeak. Hau da, fruta eta barazkiaz osaturiko elikadura izanen dugu oinarri. Esaterako: barazki pureak, azenario purea kalabaza haziekin, zopak, tipularekin egindako arrautza-opila, sagar konpota… Eta epelean egon.
Gaixorik egon gabe etxean konfinaturik daudenendako, erosketak egiteko aholkurik?
Erosketa burujabetza bat sustatu behar dugu herriko dendetan erosketa eginez. Ulertezinak dira aurreko egunetan ikusi ditugun jokaerak, gehien bat ez baitago hornituda arazorik. Hirukoitza etxera eramatea ez da irtenbidea.
Etxean nola elikatu konfinamendu garaian?
Mineralak eta bitamina nahikoa eskuratzea da garrantzitsuena, batez ere A, C eta D bitaminak, baita zink eta selenio mineralak ere. Mikronutriente horien ekarpena egokia izanen da, baldin eta gure elikadura osasuntsua bada. Horretaz aparte, badira zenbait elementu interesgarri: baratxuriak, kurkumak edota jengibreak esaterako, immunologia-sistemaren modulazioan eta hanturan eragiten dutela. Bestalde, etxinazea daukagu, mukosak indartzen dituena eta arnas infekzioak ekiditen dituena. Te berdea ere lagungarria da immunologia-sistema indartzeko dituen katekinengatik (antioxidatzaileak).
Kirola egitea garrantzitsua izan daiteke? Nola heldu errutinei?
Oso garrantzitsua da. Ariketa fisikoak eragin positiboa du emozio-ongizatean, antsietatea murrizten eta loaren kalitatea hobetzen laguntzen du. Saiatu egunero ariketa fisiko pixka bat egiten, mugikortasuna lantzeko. Antioxidatzaileak oinarri dituen dieta gomendatzen dut, immunologia-sistema indartzeko eta, horrela, koronabirus bidezko balizko kutsadurari hobeto aurre egiteko.
Norberaren egoeraren arabera egin daiteke, esaterako: etxetik ibili, dantza egin, ariketa-taulak egin, eskailerak igo, eta abar. Jardueren zerrenda bat egin dezakezu, eta hurrengo egunak pixka bat planifikatu. Errutinaren barruan oreka bilatzea komeni da, egun bakoitza pixka bat desberdina izan dadin. Zure ustez erabilgarritasun txikikoak diren jardueretan denbora gehiegi ez emateak edo “denbora galtzeak” egunaren akaberan hobeto sentitzen lagunduko dizu.
Konfinamenduaren ondoren honetatik zerbait ikasiko dugu?
Ez dakit nik, zalantzak ditut. Oso zaila da pertsonen jokaera ulertzea. Informazioa badugu, baina askotan ekintzek beste gauza bat adierazten dute. Gure orainaldia gure iraganaren emaitza da eta gure etorkizuna norberari dagokio aldatzea, ekintzekin eta ez hitzekin soilik.
Aipatzen da jende askok bere ohitura osasuntsuak galduko dituela egun hauetan, hori uste duzu?
Egoera hau suertatu aurretik geure buruari aitzakiak jartzen genizkion ongi ez elikatzeko… Askotan entzuten genuen: ez daukat denborarik jatekoak prestatzeko, oso nekatua iristen naiz eta ez dut gogorik jakiak prestatzeko, denbora asko ematen dit hori prestatzeak… Gure osasunari buruz hitz egiten ari garenean uste dut arduratsuagoak izan behar garela. Aitzakiek ez dute ezertarako balio. etorkizuna gure esku dago eta prest egon behar dugu aldaketak emateko.