Indakeria matxistaren menpe dauden emakumezkoekin kezka, sakandarrei haiek laguntzeko deia, osasun-krisialdia, zaintza, langabezia eta etorkizuna izan dute hizpide bi berdintasun teknikariek.
COVID-19ak eragindako osasun larrialdia ezarri zenean kezka azaldu zenuten etxeko konfinamenduak emakumezko asko indarkeria matxistaren menpe utzi zitzakeelako. Hiru aste. Egoera ez da aldatu. Eta zuen kezka, pentsa dut, ezta ere.
Oihana. Bere garaian esan genuen bezala, konfinamendu honek eragin zuzena izanen du indarkeria matxista sufritzen duten emakumeengan. Bizikidetza iraunkorra ematen delako eta etxetik atera ezin direlako. Bestetik, mugikortasuna urria daukatelako. Egia esan, kezka badago, baina daturik ez daukagu. Dena pasatu arte datu horiek jasotzea ezinezkoa izanen da. Kezka horrekin lanean ari gara emakumezkoei esanez Sakanako baliabideak martxan daudela. Eta, bestetik, gogoraraztea ez daudela bakarrik.
Nola egiten da bakarrik ez daudela adierazteko?
O. Ematen den lehendabiziko aholkua da haien buruarengan konfiantza izatea. Gero, gertukoen artean, edo sare lan horretan dabiltzanen artean aholkua edo babesa eskatzea. Sakanan dauden baliabideetara jotzeko aukera ere badaukate. Baliabide horiek Jarain.app web gunearen bidez eskuratzeko aukera dute. Edo beraiek gertutik ezagutzen duten baliabideetara jotzeko.
Botiketan maskara-19 ekimena ere martxan da, ezta?
Idoia. Oso kanpaina berezia da. Nik Altsasun botika guztiekin hitz egin dut. Farmaziak ezinbesteko lana dira eta irekita daude egunero. Badakigu botiketatik jende asko pasatzen ari dela. Nik esan diet gure aholkuekin kontatzeko. Oso kanpaina berria da. Haiendako ere. Nik uste dut momentu honetan denok gure indarrak batu behar ditugula. Denok diodanean zerbitzu guztiak da. Horregatik, mezuak izan behar dira, batez ere, oso zehatzak. Beti esaten dugu: egoera larrian dagoen emakumezko batek 112 telefonora hots egin behar du. Larria ez bada, pentsatu behar badu, edo informazioa edo aholkua nahi badu, hots egiteko gizarte zerbitzuetara edo berdintasun teknikariei. Edo kanpaina horretan, botika batean eskatu eta haiek jakinen dute zer egin.
Komunitate baten babesa azaltzea emakumezko horiei.
O. Horregatik, garrantzitsua da Sakanako jendartearen konpromiso hori. Egoera horretan dagoen emakumezkoren bat ezagutzen badugu, guk ere badaukagula zeregin hori. Lehen esandakoa: ez daude bakarrik. Pertsona horri ere babesa adierazi eta laguntza eskaini. Berak erabakiko zer motatako laguntza, baina laguntza eskaini.
I. Inportantea da: informazio hau ez da bakarrik indarkeria jasaten duten emakumezkoendako, baizik eta denok jakiteko, emakumezko horiei laguntza emateko.
Mugimendu feministak zaintzaren kontzeptua ekarri du lehen lerrora. Zer da zaintza?
I. Zaintza da gure burua eta denona egoera hoberenean mantentzeko egin behar dugun lana. Ez da lana soilik; sentimenduak, ahalmenak eta gauza asko dira.
O. Mugimendu feministak, eta berdintasun politikek ere, denbora daramagu esanez zaintza krisian dagoela eta eredu hau berrantolatu behar dela. Osasun krisi honek eragin du zaintza krisi hori lehen lerroan jartzea eta orain arteko eredu hau ez dela sostengatzen. Zaintza eta bizitza erdigunean jarri beharko ditugu. Aldarrikapen hori gaur egun ere ikusten dugu.
Osasun krisialdia eta zaintza nola uztartzen dira?
I. Nik uste nahiko ongi eramaten ari garela. Behintzat konfinamendu epe honetan, etxean egotean. Nola lotu? Argi izan behar dugula zeintzuk diren ezinbesteko lanak. Eta ezinbesteko lana da pertsonak zaintzea. Alde batetik, gure burua zaindu, bestela ezin ditugu besteak zaindu. Bestalde, mendekotasunean dauden pertsonak zaindu: gure seme-alabak, gure aitona-amonak, gure gurasoak, gure aldamenekoak… Denon artean aurrera jarraitzeko modu hoberenean. Saiakera horretan gaudela denok. Gure ustez inportantea da feminismoaren aldarrikapen hori hartu eta, egoera honetatik ateratzen garenean, jarraitu behar dugu pentsatzen: hori da inportanteena. Ez dut esaten industria, ekonomia, aisialdia edo bidaiak ez direla inportanteak. Baizik eta zaintza inportanteena dela.
Azken finean, gizarte sareak ehundu elkar babesteko elkar zaintzeko.
O. Sakanan zaintza-sareak antolatu dira. Azkenean, krisialdi honek erakutsi beharko digu hau dela bidea. Hemendik aurrera norbera zaintzea, hori lehendabiziko pausoa. Baina elkar zaintze horrek eta sare lan horrek lehentasunezkoa izan beharko du.
Erakundetuta, lan bihurtuta dauden zaintza esparru asko feminizatuta daude.
O. Feminizatuta eta orain arte ikusezinak izan diren lanak izan dira gainera. Ez diegu duten balioa eman. Edo ez zaien duten balioa eman. Eta orain agerian gelditu da lan horiek direla momentu honetan, edo krisialdi honetan, bizitza sostengatzen duten lanak. Hor ere beste kontraesan bat daukagu. Orain arte ikusezinak ziren lanak gaur egun zein garrantzia duten. Eta gaur egun lanean daudenak dira.
I. Lehen indibidualki zer egin behar dugun hitz egin dugu. Baina ezinbestekoa da erakundeek eta gobernuek beren ardura hartzea eta, hemendik aurrera, horrelako zerbitzuak kontuan hartzea.
Krisiaren erdigunean etorri dira langabeziaren datuak. Horrekin ere kezka baduzue?
I. Nafarroako Gobernuaren azken txostena irakurri dut, apirilaren 2koa. Sarreran esaten du krisi honek eragin handia izanen duela. Gure ikuspuntutik betiko tranpa dago. Esaten dute eragin handia izanen duela gazteengan, langile helduengan, emakumezkoengan, etorkinengan eta babes gabeko langileengan. Eta honetan tranpa dago: gazteetan emakumezkoak daude, helduetan ere, etorkinetan ere. Azkenean zer gertatuko den oso ongi begiratu beharko dugu. Beste abisu bat egiten dute. Txostenak esaten du: eskolak edo zaintza zerbitzuak ixten badituzte emakumeenganako lan zama handituko da.
Berdintasun politikak eta feminismoek aspaldi eskatzen ari dira koardura edo erantzunkidetasuna. Ezin dugu horrelako txostenik onartu, abisu moduan, esaldi bat esatea: zaintzeko zerbitzuen faltak emakumezkoen lan zama handituko duela.
Hori, eta soldata, zenbat emakumezko geldituko dira langabezian, aldi baterako kontratu horiek… Enplegu arloa badaude beste gauza batzuk orain arte baino hobe hausnartzeko.
O. Horrekin lotuta, kontraturik gabeko etxeko langile asko eta asko dauzkagula. Horien egoera ere zein izanen den. Hau da, langabeziak gora eginen du. Baina badago hor beste errealitate bat ere, datuetan ikusiko ez duguna.
Beraz, lan politiketan ere betaurreko moreak eskatzen dituzue.
I. Baina denon saiakera izan behar da. Hemendik aurrera horrelako eskaerak barneratu eta mantendu behar dugu orain krisian egiten ari garena.
Bestela 2008ko krisian bezala emakumezkoak erabat kolpatuta aterako dira, ez?
I. Argi dago. Eta gogoratzen baduzue, aurreko krisian, hasieran, esan zuten: baina gizon gehiago gelditzen ari dira langabezian. Baina krisi pasa eta gero, emakumezkoak zeuden langabezian. Eta orain zifrak berdinak dira. Argi-argi, gizonezkoek lan egiten duten enpresak gelditu direlako. Eta zaintza zerbitzuetan emakumezko gehiago daudelako. Krisi osoa pasa eta gero, momentu horretan, betaurreko more horiekin begiratu behar dugu.
Jakina da gaitzak sendatzeko botiken testak gizonezkoetan egiten direla normalean eta gero ondorioak desberdinak dituztela emakumezkoetan. Krisi honetan genero ikuspegia osasun arloan bada, ezta?
O. Ikerketa interesgarri asko daude osasungintza eta genero ikuspegiaz. Gaixotasun berri bat denez orain ikerketak-eta egiten ari dira. Osasunbideak ematen dituen datuetan ikusten da kutsatu gehiago gizonezkoak direla. Baina oraindik ez dago ikerketarik. Ondoren egin beharko da.
I. Gure gizartea ez dago prestaturik genero ikuspuntutik edozein ikerketa egiteko, ez programa, ez lana, ez ezer. Hori egiteko gertatu baino lehen aurreratu behar dugu denok. Zein galdera egin, definitu zer publikorengan eginen diren probak… Badago aurrelana egiteko beharra. Eta gure gizartea ez dago prest orain hori egiteko. Egin daiteke, dudarik gabe, baina oraindik, nik uste, asko falta dela lan arlo denetan.
O. Horrekin lotuta eta lan feminizatu horiek kontuan hartuta, aurrekoan irakurri nuenez, gaur egun kutsatzeko arrisku gehien daukatenak emakumezkoak dira. Bai garbitasun alorrean, erizainak-eta, gehienak emakumezkoak direlako. Arrisku gehiago zeukatela aipatzen zuten. Horren inguruko ikerketak ere etorriko dira.
Krisialdi honen ondoren zer?
O. Osasungintzarekin lotuta, krisialdi honen ikerketa bat egin beharko da. Irakurketa egiten dugunean genero ikuspegia txertatu beharko dugu. Aipatu bezala, krisialdi honek azaleratu ditu beste praktika batzuk: sare lan hori, konturatu gara pertsonak bakarrik ezin garela bizi, komunitate batean bizi gara eta elkar dependentzia hori daukagu. Feminismoak esaten duen esaldi bat ekarri nahi nuen: pertsonala ere politikoa da. Nik uste honek irakaspen bat emanen digula. Hori da nire esperantza. Garai oso txarra da. Datuak hor dauzkagu. Positiboen artean horiek azpimarratuko nituzke: elkartasun hori, sare lan hori, ahizpatasun hori. Eta eredu aldaketa baten premia daukagula bistan gelditu da.
I. Ados. Ahizpatasuna da feminismoak sortutako hitz polit bat. Nik uste dut hori gizarte osoan zabaltzearekin geldituko garela.