II. Espainiako Errepublika aldarrikatu zuten 1931ko apirilaren 14an. Bihar 89 urte beteko dira. Altsasun urtero Ezker Batuak antolatuta, urtero lore eskaintza egin izan du Soldadu Langile Batailoietan ibili zirenen omenezko oroigarrian. Osasun krisiak eragindako etxeko itxialdiak ekitaldi hori bertan behera utzi du.
Baina errepublikaren aldarrikapena ez da geldituko. Orain balkoietan, bihar kalean leloa aukeratu du Nafarroako Ezkerreko Batzorde Errepublikarrak (NEBE). Aurtengo “murrizketen politika neoliberalek zerbitzu publikoetan, eta bereziki osasunean, izan dituzten ondorio larriak agerian utzi dituen egoera larri batean” aldarrikatuko dute errepublika. NEBEtik gaineratu dutenez, “argitara ateratzen dira oraindik Juan Carlosen monarkiaren ustelkeriaren pasarte larrienak, baina baita Felipe VI.aren aspaldiko urteetako isiltasun konplizea ere. Bazekien, eta herritarren aldarria monarkiaren etorkizunerako jasanezina zenean bakarrik hartu ditu neurriak”.
NEBEtik dei egin dute balkoietatik osasun arloko murrizketen, ustelkeriaren eta monarkiaren aurka protesta egiteko. Bihar, 21:00etan, eltze-jotzea prestatu dute. Gainera, egun horretan etxeetan bandera errepublikarra jartzeko deia egin du. "Bandera horrek, ahal bada, herrialde hobe batean itxaropena piztuko du”. Herritarrak deialdi horiekin bat egitera deitu dituzte.