Altsasuko Udalaren Ogasun Sailak azterketa bat egin du, koronabirusak eragindako osasun-krisiak udal-tributuen (zergak eta tasak) eta prezio publikoen jaulkipenean eta kudeaketan izango duen eragina aztertzeko, bai eta diru-sarreren partidetan aurrekontuan izan dezakeen eraginari buruz ere, ahaztu gabe hartzen diren erabakiek Udalaren likidezia-egoera bermatu behar dutela. Udalak kontuan hartu du ere Nafarroako Parlamentuak apirilaren 3an onartutako Foru Lege Proiektua, osasun-krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko premiazko neurriak onartzen dituena, tartean toki-erakundeei eragiten dieten batzuk.
Horrela, 2020ko ekitaldiko egutegi fiskala berrantolatzea erabaki du Altsasuko Udalak, eta zenbait erabaki hartu ditu. Batetik, borondatezko udal tributuen ordainketa-epeak luzatu ditu Udalak. Martxoaren 14a baino lehen amaitu ez ziren udal tributuen-ordainketa-epeak apirilaren 30era arte egin ahalko dira, eta martxoaren 14tik aurrera egindako jakinarazpenei dagozkien udal tributuak ordaintzeko epeak ekainaren 1era arte luzatuko ditu. Bestetik, uraren tasaren ordainagirien jaulkipena hirutik bira murriztuko da ekitaldi honetan, eta seihilekoka bidaliko dira. Horrela, 2020ko lehen seihilekoko ur kuota uztailean emango da. Hirugarrenik, zergen ordainketa abenduaren 31ra arte geroratzeko aukera izango dute euren tributuak borondatez martxoaren 14tik irailaren 30era ordaintzen dutenek, beti ere eskatzaileak zerga-betebeharrak egunean baditu.
Zerbitzu publikoak eta espazio publikoa
Azkenik, Altsasuko Udalak erabakia hartu du zerbitzu publikoak emateagatik edo espazio publikoa erabiltzeagatik zehaztutako tasa eta prezio publikoei dagokienez. Horrela, prezio publikoen eta tasen zenbatekoa proportzioan itzuliko da, koronabirusak sortutako egoera honetan zerbitzu publikoa, administrazio-jarduera edo espazio publikoa erabiltzeko edo aprobetxatzeko eskubidea osorik edo zati batean ematen edo garatzen ez denean. Horrela, zergadunak tasa edo prezio publikoaren zenbateko osoa ordaindu duen zerbitzu edo jardueretan, eman edo garatu gabeko kopuru osoa edo zati proportzionala itzuliko da ofizioz. Hileko edo hiruhilekoko ordainketa zatikatuen kasuan, hala badagokio, baliatu gabeko denbora zerbitzuak eta jarduerak berriz hasten direnean egiten den hurrengo likidazioan konpentsatu ahal izango da.
Eta espazio publikoaren erabilera pribatiboagatiko edo aprobetxamendu bereziagatiko tasen kasuan, zergadunak horren zenbateko osoa ordaindu badu, toki-erakundeak ofizioz itzuliko du alarma-egoeran ezarritako murrizketek eragindako zati proportzionala edo osoa, eta, hala badagokio, hurrengo ordainagirian ere konpentsatu ahal izango da. Likidatu gabekoen kasuan, alarma-aldiari dagokion zatia murriztuz kalkulatuko da kuota eta hainbanatu egingo da.