Koronabirusak eragindako ezohiko egoera baratzak prestatzeko eta landaketa garaiarekin bat egin du. Jende asko dago gaiarekin kezkatuta: “orain erein edo landatzen ez badugu, akabo uzta”. Agintariek norberaren baratzera joateko aukera eman dute, baina bakarrik elikagaiak jasotzeko baldin bada; “erosketak egin behar balira bezala”. Baratzera joateko beste aukera da dauden elikagaien biziraupena bermatzen duten oinarrizko lanak egitea.
Gainontzeko kasu guztietan debekatuta dago baratzera (116. galdera, soilik gaztelaniaz dago). Beraz, ezin da lurra prestatzeko edo landatzeko lanik egin, denboran atzeratu badaitezke. Agindu hori erredaktatuta dagoen moduan, ez da argi gelditzen. Azken zatiak interpretaziorako aukera ematen baitu, eta luzatu ezin daitezkeen lanak egiteko aukera emanen luke. Esaterako, patatak edo bestelakoak ereitea.
Bestela, baratzeei dagokien debeku zerrendak segida du: ezin da baratzeko egonaldia erabili lur horietan egon daitezkeen instalazio txikietan aisialdi harremanak edo egonaldiak aurrera eramateko. Baratzera joaterakoan pertsona bakarra joan daiteke bakarrik ibilgailuan, mugikortasuna eta egonaldia ezinbesteko denboraz egitea, eta osasungarritasun betebeharrak errespetatzea.
Jakina da alarma egoerarekin batera indarrean jarritako aginduak betetzen direla ikuskatzeko Segurtasun Indarrak kontrolak egiten ari direla. Norberaren baratzera joaterakoan halako kontriolen batean geldituz gero, bidaia justifikatzeko bi modu daude: dokumentazio pertsonala (lursailaren titulartasuna, Nortasun Agiria, eta abar) edo administratiboa (udaletxean jasotako egiaztagiria). Baratzetik buelta egitea kontrolen batean geldituz gero, “legezko mugikortasunaren froga elikagairen baten lekualdaketa izan beharko da”.
Bakarren batek finka edo baratze batera joan nahi badu aurretik zehaztutako jardueraren bat egitera, udalaren agiria jaso dezake. Altsasun, esaterako, Udaltzaingoaren bulegoetan erantzukizunpeko adierazpenaren eredu bat sinatu dezake eta agiri horren kopia bat aldean eraman. Zehaztu beharra dago erantzukizunpeko adierazpen hori ez dela derrigorrezkoa.