Saskibaloia

Iñigo Zabaloren Ballincollig 1. mailara igo da

Guaixe 2020ko api. 23a, 11:11

Koronabirusagatik bertan behera geratu da Irlandako Saskibaloi Ligako 2019/2020 denboraldia eta Iñigo Zabalo altsasuarraren Ballincollig taldeak 2. mailatik 1. mailara igotzea lortu du

Iñigo Zabalo Oiarbide saskibaloi jokalari altsasuarrak Corkeko Tradehouse Central Ballincollig saskibaloi taldean jokatu du aurtengo denboraldian, Irlandako Saskibaloi Ligako 2. mailan. Taldearen helburua 1. mailara igotzea zen, eta taldeak horretarako kontratatu zuen Basket Navarra taldeko jokalari ohi altsasuarra, AEBetako Andre Nation jokalariarekin batera. Eta, egia esan, denboraldi bikaina egin du taldeak. Ilbeltzaren bukaeran Ballincollig taldeak Irlandako Kopa irabazi zuen, IT Carlow taldeari 73 eta 67 irabazi eta gero, eta ordurako Iñigo Zabaloren taldea 2. mailako txapelketako lider sendoa zen. Koronabirusarengatik kirol txapelketa guztiak bertan behera utzi zituzten Irlandan, Irlandako Saskibaloiko 2. mailako Txapelketa, tartean. Liga erregularra despeditzeko partida bat falta zen, matematikoki liga irabazia zuen Ballincollig taldeak, eta, merezimendu osoz, lehen mailara igo da Ballincollig. 

Iñigo Zabalo Altsasun dago ordutik. Koronabirusagatik egoera konplikatzen ari zen eta taldeak bera eta Andre Nation euren jaioterrietara bidaltzea erabaki zuen. Kluba eurekin oso ongi portatu dela nabarmendu du Iñigo Zabalok. Ligako azkenaurreko partidan eskuin eskuko hatzean haustura txikia egin zuen eta ordutik hura osatzen dabil altsasuarra, etxean. Datorren denboraldian zer egingo duen, oraindik goiz da esateko.