Altsasuko Udalak lau langabe kontratatuko dituela jakinarazi du. Interes orokorreko lanak eginen ditu laukoteak sei hilabetez, eta lanaldi osoan. Udalak zehaztu duenez, zerbitzu anitzetan aritzeko bi peoi kontratatuko dituzte (E maila), baita margogintzako eta lorezaintzako ofizial bana (D maila). Halako deialdietan ohikoak diren eskaerez aparte, peoi izan nahi dutenek Eskolatze Ziurtagiria edo baliokidea izan beharko dute eta Bermatutako Errenta jasotzaileak izan behar dute. Ofizialeen kasuan, berriz, gutxienez Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko titulua edo baliokidea izatea eskatzen zaie hautagaiei.
Deialdian interesa duten langabeek maiatzaren 15a baino lehen eman beharko dute izena Altsasuko Enplegu Bulegoan. Informazio gehiago nahi duenak bulegoko 948 562 754 telefonora hots egin dezake.