Gazteria Zerbitzuaren urteurreneko aldizkarian parte hartzeko deia

Guaixe 2020ko api. 24a, 11:37
Intxostiapunta gazte gunearen sarrera.

Altsasuko Udal Gazteria Zerbitzuak 25 urte beteko ditu eta Intxostiapunta Gazteguneak 10 urte. Besteak beste, aldizkari bat egin nahi dute eta parte-hartzaileen iritzi, artikulu, argazki eta ideiak jaso nahi ditu zerbitzuak.

COVID-19 gaitzak sortutako pandemiagatik ekimen ugari bertan behera gelditu dira, baina aurten Altsasuko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren sorreraren 25. urteurrena eta Intxostiapunta Gaztegunearen mustutzearen 10. urteurrena beteko da. Nahiz eta egoera zaila izan, Altsasuko Udalaren Gazteria Zerbitzuak urteurren berezia ospatzeko asmoa eta ilusioa du. Zerbitzutik adierazi dutenez, buru-belarri dabiltza ospakizun-ekitaldiak prestatzen, eta antolatutakoak irailaren amaieratik urriaren hasierara bitartean gauzatuko dira. 

Tartean, aldizkari bat sortu nahi dute, urte hauetan guztietan aipatu zerbitzu eta gazte gunean gauzatutako programa nabarmenenak bilduko dituena. Besteak beste, urte hauetan Gazteria Zerbitzuak burututako jarduerak bilduko dira kontakizun eran, aldizkariak zerbitzuaren memoria historikoa izan nahi duelako. Gero, udal artxiboetan gordeko da memoria. Horretaz aparte, zerbitzuak etorkizunean landu beharreko esku-hartze ildoen gainean gogoeta eginen da aldizkarian.

Aipatu aldizkaria denon artean osatu nahi dute, ahalik eta kolektibo eta pertsona eta erabiltzaile gehienek parte hartzea nahi du Altsasuko Udalaren Gazteria Zerbitzuak. Horrela, artikulu, iritzi, argazki eta ideiak partekatzeko deia egin diete erabiltzaile eta interesatuei. Informazioa intxostiapunta@altsasu.net postara bidali daiteke, edo ondoko telefonoetara jo (608 617 778, 948 564 785).