Altsasuarrak beraien herrian erosketak egiteak duen garrantziaz kontzientzia hartzeko kanpaina hasi du Altsasuko Udalak. “Oso gertu” leloa duen kanpainak koronabirus garaian, eta hura bukatzean ere, altsasuarrak herrian erostera animatzen ditu. Ideia hori zabaltzeko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Batzordeak sare sozialen bidez eta whatsapp bidez zabalduko ditu kartela eta bideoa. Gainera, herriko denda eta toki jendetsuetan jarriko dira kartelak.
Altsasuko Udalak ere ez ditu ahaztu ostalariak, autonomoak eta enpresariak kanpaina horretan. Ahalegin handia egin nahi du herriko enpresa-sarea babesteko, merkataritzarik gabeko herria bizitzarik gabeko herria baita. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, “hau goiz edo berandu gertatuko da eta inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin lan egin behar dugu, denok batera lortuko dugu”.