Koronabirusak eragindako osasun alertak ekarri zuen Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoko eguneko zentroaren itxiera martxoaren 14an. Egun horretan bertan “Elkarrekin COVID-19aren kontra” ekintza plana martxan jarri zuen klinikak. Eguneko zentroko erabiltzaileen senideei zuzendutako bideoak eta bestelako materialak sortu dituzte. Gaitasun kognitiboak mantentzeko edo zaintzeko materiala da, jarduera fisikoak, manipulaziozkoak, kognitiboak, aisialdikoak eta sortzaileak egiteko. Horrela, bideoen bidez, eguneko zentroko lanari etxean segida ematea.
Senideei egunero halako bideo bat bidaltzen diete, baita haiek beraien burua zaintzeko informazioa ere. Horretarako, klinikak senideak batzen dituen whatsapp taldea sortu du. Gainera, klinikak www.josefinaarregui.com webgunean COVID-19ri buruzko informazioarekin atal berezia sortu du eta han aipatutako bideoetako batzuk ikusgai daude. Klinikatik eguneko zentroko erabiltzaileen jarraipena astero telefonoz egiten dute. Eta senideei sortzen zaizkien zalantzak eta arazo guztiei erantzuten ahalegintzen dira.
Ez zaude bakarrik
Izen hori du Josefina Arregui klinikaren arreta psikosozialeko programa berria, abenduan sortu eta martxoan martxa jarri duena. Ospitaleko pazienteen familiei eta Eguneko Zentroko erabiltzaileen familiei laguntzeko da. Horretarako, informazioa, laguntza eta prestakuntza eskaintzen die senideei. Klinikako kudeatzaile Angel Gardachal Ausejok esan digunez, “programa modu presentzialean egiteko sortu zen, baina egungo egoerak bere jarduera gehienak birbideratzera behartu gaitu, eta horiek garatzen ari gara bideoak eta beste baliabide batzuk sortuz eta zabalduz”. Gardachalek zehaztu duenez, programak arreta psikosozialak informazio eta laguntza arloetan eskaintzen du.
Informazioari dagokionez, berritasun nagusietako bat da telefono mugikorrerako aplikazio baten garapena, aurki martxan izanen dena. “Tresna berri horri esker, ospitaleko pazienteen eta eguneko zentroko erabiltzaileen eguneroko bizitza hurbilduko zaie haien senideei. Aplikazio berritzailea da, eta Josefina Arregui klinika da ezaugarri horiek dituen aplikazio bat duen lehen erakundea Nafarroan”, azaldu digu kudeatzaileak. Bitartean, bi baliabideetako familiek astero jasotzen dute informazioa telefonoz. Gainera, egunero bideo-deiak egiten ditu ospitaleko pazienteen eta haien senideen artean. Familien dei guztiei erantzutea, zalantzak argitzeko, bai eta etxeetan sortutako arazoei ere.
Programa berriak familiei eta zaintzaileei laguntza psikologikoa ematea du helburu ere. Funtsezko laguntza, nahasmendu psikologikoak dituzten pertsonei arreta emateak eragiten duen higaduragatik. Programa horren bidez, beraien senideen zainketan eta arretan akonpainamendua eskaintzen die, baita zaintzaileak burua zaintzerakoan ere. “Akonpainamendua oso garrantzitsua izaten ari da une hauetan, familiek ezin baitituzte beren senideak pertsonalki ikusi ospitalean”.
Programa hori klinikaren baliabide propioekin finantzatzen ari da nagusiki, eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren laguntza eta finantzaketa ere badu. “Programak are garrantzi handiagoa hartu du konfinamendu-egun hauetan, narriadura kognitiboa duten pertsonekin bizi diren familien laguntza eta babes beharragatik”.