Futbolari lotuta, aspalditik ezagutzen dugu Iokin Lobo Ieregi altsasuarra. Altsasu taldeko futbolaria txikitatik, Leonen kirol ikasketak egin eta Sakanako futbol campuseko eta Osasuna Fundazioko Altsasuko campuseko entrenatzaile ibili zen, besteak beste. Aurtengo denboraldian Osasunako harrobiko taldeen prestatzaile fisikoen departamenduko koordinatzaile lanetan hasi zen eta bertan oso gustura dabilela aitortu du. Aldi berean, Lakuntzako Lagun Artea taldeko futbolaria da.
Altsasu, Leon, Gasteiz, Iruñea… futbolaren inguruan zenbat buelta, ez?
(Kar, kar…) Herrian hasi nintzen, 6 urterekin Altsasu futbol taldean, eta urte luzeak egin nituen bertan. Leonen Ariketa Fisikoen eta Kirolaren Unibertsitate ikasketak egin nituen, 5 urte, eta tarte horretan Cultural Leonesa futbol taldean ibili nintzen. Ondoren Hezkuntzako Masterra egin nuen, eta Altsasu futbol taldean hasi nintzen atzera ere jokatzen, Gasteizen entrenatzaile pertsonal gisa lan egiten hastearekin batera. Futboleko entrenatzaile ikastaroa egin nuen ere, eta Sakanako Mankomunitateko futbol campusean entrenatzaile hasi nintzen. Alaves futbol taldean prestatzaile fisiko izateko aukera izan nuen. Hasieran infantilekin teknifikazio entrenatzaile gisa hasi nintzen, eta hortik kadete mailara pasa eta handiei ere laguntzen hasi nintzen, prestatzaile fisiko lanetan.
Alaveseko harrobietako prestatzaile fisiko izatetik Osasunan lan egitera nola pasa zinen?
Osasunan ezagutzen ninduten, izan ere, nik gidatu nuen Osasuna Fundazioaren Altsasuko lehenengo futbol campusa, campuseko zuzendaria izan nintzen. Nire ibilbidea jarraitu zuten, joan den denboraldian deitu ninduten, denboraldi honetarako ere, eta, azkenean pausua eman nuen eta 2019/2020 denboraldian Osasunan hasi nintzen lanean eta oso pozik nago hemen, disfrutatzen. Eta, bestalde, aurten preferente mailan dabilen Lakuntzako Lagun Artean hasi nintzen futbolari, eta gogo askorekin nago konfinamendu hau bukatzeko eta berriz galtza motzak eta botak jantzi eta partidak jokatzeko.
Osasunako harrobiko taldeetako prestatzaile fisikoen departamenduko koordinatzailea zara. Hitz potoloak dira horiek.
Osasunako harrobietako taldeekin lan egiten dut, benjaminen taldetik jubenilen edo gazteen mailara bitartean, 8 urtetik 18-19 urte bitarteko haur eta gaztetxoekin. Benjaminen mailako talde bat, kimuen taldeko bi talde, haurren mailako bi talde, kadeteen mailako 2 talde eta jubenilen mailako 2 talde ditu Osasunak, guztira 9 talde. Sakandar bakarra dago, Adei Mendinueta. Finean, nik maila edo etapa bakoitzaren helburu eta edukiak zehaztu eta planifikatzen ditut, bilerak egiten ditut bai prestatzaile fisikoekin eta baita entrenatzaileekin ere, eta prozesu guztia prestatzen dugu. Horretaz gain, talde bakoitzeko entrenamenduen karga kontrolatzen dut prestatzaile fisikoekin. Aurten lehenengo taldetik jaso dugun GPS sistemaren laguntza dugu. Gure prozesuari kalitate gehiago ematen ari zaio sistema hau.
Herrietan dauden Osasuna Fundazioko taldeak ere zuek bideratzen dituzue?
Ez, aholkatu eta laguntza ematen dugu, Baina hori klubetik kanpo dagoen beste atal bat da,Osasuna Fundazioari dagokio. Hor, batetik, fundazioko eskolak daude eta bestetik teknifikazio taldeak. Teknifikazio taldeetan, herrietako taldeetatik hautatzen dituzten jokalariak daude, eta eurekin entrenamenduak egiten dituzte.
Koronabirusaren pandemia baino lehen, nolakoa zen zure laneko egun bat Taxoaren?
Taxoaren bulego bat dago metodologian gauden langileendako, bai atezainendako, bai metodologia orokorrarendako eta baita niretzat ere, eta han lan egiten dut. Prestatzaile fisikoekin bildu, taldeen informazioa konpartitu eta arratsaldeko jardunaldia prestatzen dugu. Kategoria txikiko taldeen entrenamenduak arratsaldeetan izaten dira, 16:00etatik 20:00etara. Egun osoa ematen dut Taxoaren.
Aurredenboraldian, liga hasieran, liga erdian... entrenamenduak ere aldatuko dira, ez? Astero entrenamenduak egokituko dituzue...
Bai, astero, hilero... etengabe egokitzen ditugu entrenamenduak. Azkenean aurredenboraldian landu beharreko edukiak ez dira denboraldi barruan sartuak gaudenean bezalakoak. Edukiak, ariketak eta saioen plantamendua egokitu eta aldatu beharra dago.
Prestatzaile fisikoa zaren aldetik, horrenbeste aldatu da entrenatzeko modua edo luzaketak, abdominalak... betiko ariketak dira baina beste modu batean landuta? Kirolera ere iraultza iritsi da?
Azkenean prozesu guztiak aldatzen dira; gehiago ikasten da, medio edo bitarteko gehiago ateratzen dira, eta horrek guztiak ematen dute berritzeko eta prozesua aldatzeko aukera, eta, finean, guztia hobetzeko aukera. Lehen aipatu dudan GPS sistema, esaterako. Futbolean bi alde daude; lehenengo partea da ariketa fisiko espezifikoen lana, futbolaren osagarria dena, eta bestea futbola bera da, futbolaren parametro horiek kontrolatzea. Futbola aldakorra da, eta ildo asko kontrolatu behar dira: aurkari bat dago, taldekideak... gauza gehiago kontrolatu behar dira.
Txikia zinenean Altsasu taldean entrenatzen zenuen modua, eta Osasunan haur batek entrenatzen duena, ezberdinak dira?
Gauza batzuk amankomunak dira eta besteak ezberdinak. Herriko talde batean edo Osasuna talde batean entrenatzeko planteamendua desberdina da, helburuak ere desberdinak direlako, bitartekoak ere, instalazioak ere... eta gauza horiek garrantzitsuak dira prozesua planteatzeko. Baina futbolean jokatzearen grina, ongi jokatzearena, ongi pasatzearena... hori talde guztietan ematen da. Dena den, Osasunako taldeetan jokatzen duten jokalarien ikuspuntua aldatzen da, garbi dute zer nahi duten. Nahiz eta haur eta gazteak izan,Osasunan jokatu nahi dute eta futbolaren bidean segi. Azkenean Altsasun edo Sakanako beste edozein herritan haurrak eta gazteak futbolera doaz lagunekin egoteko eta ongi pasatzeko, baina Osasunako jokalariek beste ikuspuntu batetik ikusten dute, errendimendu aldetik.
Kontentu zaude egindako lanarekin?
Bai, Osasunako harrobian landutako prozesuarekin oso pozik nago; jokalariak ere pozik zeuden, entrenatzaileek ere ikusten zuten prozesua berritzen eta hobetzen zela, eta alde horretatik oso kontentu. Taxoaren poliki-poliki sartu dut nire ikuspuntua, nire marka utzi dut. Ahal dudan guztia egin dut eta disfrutatu dut.
Eta bat batean, mundua gelditu du COVID-19 birusak: futbol entrenamenduak, denboraldiko futbol ligak... guztia geldirik dago. Orain nola zabiltzate lanean? Futbolariekin zuzeneko saioak egiten dituzue?
Lehenengo momentutik nire departamenduko jendea, prestatzaile fisikoak aktibo zeuden baina orain Aldi Bateko Enplegu Erregulazioan daude langile gehienak, eta orain ni nago dena prestatzen. Prozesua nolakoa da? Guk futbolariei entrenamenduak bidaltzen dizkiegu, eta etapa bakoitzerako formatu ezberdina daukate. Hiruzpalau egun planteatzen ditugu: indarreko eguna, erresistentzia eguna, abiaduraren eguna… Badakigu jokalari gehienek euren etxeetan espazio gutxi dutela eta testuinguru ezberdinak planteatzen ditugu.
Futbola etxeko pasilloan...
Bai, ni ere pisu batean nago, familiarekin, eta nire bideoetan ere espazio txikia ikusten da. Entrenamendua bi asterako bidaltzen dugu. Lehenengo astean Zoom aplikazioarekin online saioa egiten dugu, taldekideak elkarrekin biltzeko, taldea garela sentitzeko, alde psikologiko hori lantzeko. Eta bigarren astean, Google Classroom plataforman informazioa partekatzen dugu futbolariekin, bideoak, zuzenketak egiten ditugu eta prozesua bideratzen dugu.
Zurrumurru asko daude eta denetatik entzun da, baina momentuz Nafarroako Futbol Federazioak ez du 2019/2020 denboraldiarekin zer gertatuko ote den behin betiko erabakirik hartu. Nobedaderik al duzue?
Nire ustez harrobiko mailetan zaila izango da zelaira bueltatzea Nafarroako mailako lehiaketan. Estatu mailako Ohorezko Mailan dabilen Osasuna talde jubenila litzateke, akaso, zelaira bueltatzeko aukera izango lukeen taldea, maila nazionalean aritzen delako, baina ez dakit zein formatutan, oraindik ez dago behin betiko erabakirik. Nafarroako Futbol Federazioan, uste dut maila gorenetako ligak itzuliko direla, baina ez dago itxita, ez dago erabaki ofizialik. Planteamendu eta proposamen batzuk entzuten dira, baina momentuz ez dago erabaki argirik.
Entzun da ez dela jaitsierarik egongo eta soilik igoera faseko play-offak jokatuko direla...
Guztia airean dago. Ea noiz bukatzen den hau guztia horren arabera planteamendu baten edo bestearen alde egingo du federazioak.
Preferente mailako 2. postuan dago Lakuntzako Lagun Artea, Beti Casedano liderretik puntu batera. Hortaz, Maila autonomikora igotzeko fasean zaudete. Uste duzu Maila Autonomikorako igoera fasea jokatuko duzuela?
Esan dizudan bezala, ez dago behin betiko itxita, baina Beti Casedano liderra maila autonomikora igoko litzateke eta 2. eta 3. postuan gauden taldeek, guk eta Mutilberak, eta beste multzoko Aluvionek eta Muskariak, laurok jokatuko genuke igoera, jokatuz gero, baina ez dakit zein formatutan. Whatsappeko LagunArteako taldean zehozer hitz egin da, baina ez da zehaztu.
Hurrengo denboraldian Osasunan jarraituko duzu lanean edo beste bide bat hartuko duzu?
Momentuz pozik nago Osasunan. Langileei esan diete formatua eta kontratuak mantenduko dituztela hurrengo denboraldirako, konfiantza hori eman digute, ea zer tokian, hori ez dakigu. Asko ari naiz disfrutatzen Osasunan, bertako jendearekin jarraitu nahi dut, oso pozik nago nire departamenduarekin, teknikariekin... Taxoaren oso familiarra da guztia, oso gustuko dut eta oso pozik nago, jarraitu nahi dut.
Euskaraldian gaude, zein presentzia du euskarak Taxoaren?
Denetarik dago, postu batzuetan euskaraz hitz egiteko aukera dago, beste postu batzuetan trebatzen ari dira, eta entzuna dut asmoa dagoela euskararen aldeko formakuntza bat egitea Osasunan. Ni euskaldunekin euskaraz aritzen saiatzen naiz.
Krisi honek futbola aldatuko du? Nola etorriko da hurrengo denboraldia? Ikuslerik gabe, ateak itxita jokatuko dira partidak? Ikusle gutxirekin?
Ea nola bukatzen den hau, zein ondorio dauden eta hortik aurrera zein planteamendu egiten duten: itxita jokatzea, ikusleen murrizketarekin… ez dago oso argi, zaila da esatea.
Osasunako lana, Lagun Artean futbolari... ez al da gehiegitxo? Nola moldatzen zara?
Horrela da nire bizitza! Lagun Artean, astean behin bakarrik joaten naiz Lakuntzara entrenatzera, gero Taxoaren entrenatzen dut gimnasioan. Bestalde, astelehenetik ostiralera Taxoaren lana egiten dut eta asteburutan batzuetan Osasunako taldeen partidak ikusten ditut; ez dut obligaziorik baina sarritan joaten naiz. Bestalde, Zarautzen formakuntza egiten ari naiz, mugimenduen analisia pixka bat ikasten. Eta aisialdian lagunekin eta neskarekin egoten saiatzen naiz. Bartzelonan ikasten ari da neska, eta bertara joaten naiz tarteka. Bidai asko...
Zelako egutegia!
(Kar, kar…) Topera nabil, baina pozik. Batzuetan estresatzen naiz, baina disfrutatzen.
Ea Lagun Arteak igoera fasea jokatzeko aukera duen...
Bai, taldean ilusio handia dugu jokatu ahal izateko, Maila Autonomikora igotzeko aukera hori izateko. Whatsapp taldean ero moduan daude.
Ezingo litzateke behar bezala ospatu...
Beno, dena den merezi dugu; horrenbeste partidatan hor egon gara, puntuak atera ditugu eta denboraldi ona egin dugu.