Koronabirusa Sakanan

“Oso harrera ona izan dugu”

Maider Betelu Ganboa 2020ko api. 30a, 12:30

ML Modako Cristina, Leire eta Asier Gonzalez.

Altsasuko ML Modan sare sozialak erabili dituzte euren eskaintza ezagutarazteko eta erosketak etxera eramaten dituzte. Pozik eta baikor daude bezeroen erantzun beroaren aurrean.

Zer nolako zerbitzua ari zarete ematen?
Gure ohiko zerbitzua pixka bat eraldatu dugu. Sare sozialetan, Facebooken eta Instagramen, topera gabiltza. Egunero irudiak, bideoak eta zuzenekoak egin eta igotzen ditugu, dendako arropa eta look proposamenekin. Berehala Amaren Eguna izanen da eta horretan gaude burubelarri. Eta, aparte, bezeroek gure Whatsappera jotzen  dute eskariekin: “bakero batzuk behar ditut...” eta guk argazkiak bidaltzen dizkiegu. 

Teknologia berriek laguntzen dute?
Asko. Koronabirusarena gertatu aurretik Instagram erabiltzeko ikastaro bat egin nuen eta oso ongi etorri zait, ongi erabilita abantaila asko dituelako. Oso erosoa da. Dena den, guk aurretik ere teknologia berriak lantzen genituen gure eskaintza ezagutarazteko, baina ez orain bezainbeste. Koronabirusarena gertatuta, ezin ginen etxean lasai geratu, eta Cristinak eta biok sare sozialekin topera hasteko beharra argi ikusi genuen. Egunero gabiltza jantzien argazkiak igotzen, bezeroei zerbitzua emateko. Gero, eskariak dohainik bidaltzen ditugu MRW zerbitzuarekin, edozein tokitara, eta Altsasun guk egiten dugu banaketa. Dendari izateaz gain, community manager, modelo eta banatzaileak gara (kar, kar...). Hasierako egunetan kristoren lotsa ematen zigun, baina jada lotsa galdu dugu. 

Erantzuna zer nolakoa izaten ari da?
Oso ona, espero genuena baino askoz ere hobea. Jendeak eskertu egiten digu, pozik dago. “Zeinen ongi ari zareten, eskerrik asko! Orain bidali amerikanak…” eta halakoak esaten dizkigute. Horrek pozten zaitu eta ez dago zalantzarik: aurrera! Oso gustura gaude, eskertuta. Eta bide batez burua lanpetuta duzu, ez zara krisi egoera horretan sartzen, eta gauzak berriak egiten zaude. 

Buelta nolakoa izango dela uste duzue?
Ez digute oraindik ezer esan baina guk baditugu babesleak edo maskarak eskatuta, mostradorean metakrilatozko pantaila jarriko dugu, hidrogelak egongo dira… finean gure dendan jendea ongi sentitzea nahi dugu, euren segurtasuna bermatzea. Nik uste dut bueltan poztasuna nabarituko dugula, normaltasunerantz buelta hori. Oso baikorrak gaude, giro ona jarriko dugu dendan, jendea gustura sentitzeko, ukitu dibertigarriarekin. 

Uste duzue denda egokitu beharko duzuela?
Denda handia da, aforoa ere, eta ikusiko dugu zein baldintza eskatzen dituzten, baina aipatutakoez gain, ez dut uste aparteko ezer eskatuko dutenik. Bezeroek arropa probatu ondoren pentsatzen dugu gero biltegira eraman beharko ditugula, produktu berezi batzuekin “garbitzeko”, halako neurriak etor daitezke. Baina baikor, eta aurrera, filosofia horrekin gaude. 

Egoera honetatik zein irakasgai atera duzue?
Etengabe berritzen egon behar duzula eta burua irekita, gauza berriak ikasteko, eta jarrera oso baikorra izan behar duzula eta aurrera egin beharra dagoela, besterik ez. Bakoitzak ahal duen moduan atera behar du bere negozioa. Egoera normaltasunera bueltatzen denean ere, egongo da arropak etxera bidaltzeko zerbitzu hori nahi izango duenik, lan ordutegiengatik, edo etxean arropa probatzea nahiago duelako edo dena delakoarengatik, eta, zerbitzu horri eustea eta beste gauza batzuetan pentsatzen ari gara: web gune bat sortzea, esaterako. Sare sozialek orain bezala jarraitu behar dute martxan. Guztiari buelta bat emango diogu, eguneroko martxaren arabera joango gara ikusten. 

Erlazionatuak