Koronabirusa Sakanan

“Niretako orain bezeroak nire indarra dira”

Guaixe 2020ko mai. 4a, 11:22

Elena Aldasoro Galanek kudeatzen du Arkatz liburu-denda. Aste Santuaren ondoren, atzera ere, ateak zabaldu zituen. Koronabirusaren eraginaz hizketatu gara berarekin.

Zer zerbitzu ematen ari zara orain? 
Liburu-denda Aste Santua eta gero ireki genuen. Aurretik borondatez itxita izan genuen. Jendea bakarrik dendaren sarrerara sartzen da. Ate parean mahai bat jarri dut. Nik eskaintzen diet, erakusten diet nahi dutena. Baina nik bakarrik ukitzen ditut produktuak. Liburu-denda irekita izanen banu, desinfektatzen izanen nukeen lana izugarria litzateke. Ez dut handien baliabiderik. Ezin dut bezero guztiendako eskularrurik erosi, ezin dut gastu hori nire egin. Eta bakarrik nago. 

Horretarako, egokitu behar izan duzu?
Oraingoan ordutegi murriztuarekin ireki dugu: 10:00etatik 13:00etara. Lehen, komertzio guztia bezala goiz eta arratsaldez egoten zen zabalik. Orain deialdia da kalean ahalik eta jende gutxien egotea eta ahalik eta jende gutxien biltzea. Beraz, guk ere lana hiru ordu horietara murriztu dugu. Tsunami parekoa da, jende guztia momentu berean, baina oraingoz horrela antolatu gara. 

Jendeak guregana jotzeko beste baliabide batzuk jarri ditugu, esaterako: Facebook, Instagram, arkatz@arkatzliburudenda.com e-posta, 636 614 810 WhatsAppa. Hortik ere eskaerak jasotzen ditugu eta ondoren jendea bila etortzen da. Eskatzen digunari ere etxera bidaltzen diogu banatzaile baten bitartez: Sakanan, Gipuzkoan… 

Lehen noizbait egin izan dugu, baina oso puntualki. Esaterako, lehen lakuntzar batek idazten zidan halako liburua nuen galdezka, bidaia aprobetxatzeko. Orain jendeak eskaerak, galderak egiten ditu, bidaltzeko. Ez dugu plataforma bat gure stock guztiarekin, baina saiatzen naiz informazioa ematen. Orain sare sozialak gure erakusleihoa dira. Etxean gaude eta agian, kontu horretan, denda txikiok berritu egin behar dugu. Orain argi gelditu zaigu. 

Sare sozialek garrantzia daukate. Jende asko dago ohituta produktuak horrela ikustera. Ez bakarrik saltzea. Guk ere kultur dinamizazioa egiten dugu. Esaterako, pandemia honetan, Postuleo zozketa egin dugu. Irakurtzen agertzen zinen argazki bat igo behar zenuen sare sozialetara eta gu etiketatu. Ibon Martin idazlearekin Instagramen zuzeneko bat egin genuen. Liburuaren Eguna zela eta “hitzordu itsua” antolatu genuen: dendan paperean bildutako hainbat liburu zeuden, eta paperean barruko liburuari buruzko argibide gutxi batzuk, jendeak haiek eskuratu zitzakeen. Pixka bat dinamizatu eta gauza berriak eskaini. Denon artean, ahal den hobekien, hau pasatzeko. 

Zein da jendearen erantzuna?
Nik oso nekatuta bukatzen dut askotan. Baina, aldi berean, bezeroak eta lagunak indarra ematen dauzkat. Proposatzen dudan guztia oso arrakastatsua izaten da. Azkenean, horrek beste gauza batzuk antolatzeko motibatzen zaitu. “Hitzordu itsuko” liburuak gordetzeko eskatu zuen jendeak sare sozialen bitartez. Jendearen aldetik, kexurik ez. Denak oso arduratsu. Ez dute presarik: “ahal duzunean”. Gero: “zeinen ondo, Elena. Eskerrik asko”. Horrek laguntzen du egoera zail hau aurrea eramaten. 
 
Buelta nolakoa izan beharko da? 
Erantzutea gustatuko litzaidake, baina inork ez dakigu nola izanen den buelta. Oraingoz horrela gaude. Gero ikusiko dugu ordutegia zabaltzen dugun. Ikastetxeak ere ez daude zabalik. Dena oso airean dago. Baina nire dendan, denda guztietan, zerbitzutan, eta edonoren bizian, ez? 

Liburu-denda egokitu beharko duzu? 
Bat-batean egokitzea oso kontu zaila da. Gainera, ekonomia inbertsioa ere behar du. Eta ez gaude garai hoberenetan. Jendea dendara sartu gabe, ez dakit noiz arte mantenduko dudan. 

Zein irakasgai atera duzu aurrera begira? 
Hausnarketa sakonagoa egin beharko nuke. Baina ikasi dugu benetan garrantzia duenari garrantzia ematen, eta ez duenari ez ematen. Niretako orain bezeroak nire indarra dira. Beraien animoak… Azkenean, pertsonen arteko erlazioa garrantzitsuena dela agerian gelditu da. Hori da denok faltan duguna. Ez gauza materialak ez ezer, baizik eta familiarekin, lagunekin egotea. Momentuak bizi eta oroitzapenak gure bizitzan sortu. Eta beti berrasmatu behar garela. Arazoen aurrean, buelta eman. Batzuetan kostatzen da. Egun okerragagoak, edo hobeak. Ezer ez da finkoa. Dena mugitzen da eta moldatu behar gara. Hori ikasi dut.